ARGAZKIA: Jaione Ganzarain, Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea; Manuel Salaverria, Berrikuntzaren Euskal Agentziako, Innobasque presidentea; Mikel Jauregi, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua; Leire Bilbao, Berrikuntzaren Euskal Agentziako, Innobasque zuzendari nagusia
Innobasque funtsezko aliatua da enpresei eta bereziki txiki eta ertainak direnei zuzendutako berrikuntza-politikak hedatzeko. Horregatik, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren eta Innobasqueren arteko lankidetza indartuz joan da azken urteotan.
Mikel Jauregi sailburua Berrikuntzaren Euskal Agentzian – Innobasquen izan da gaur goizean, eta bertan harrera egin diote Manu Salaverria presidenteak eta Leire Bilbao zuzendari nagusiak. Haiekin batera Jaione Ganzarain Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea ere izan da. Euskadiko, Europako eta munduko berrikuntzaren egoera elkarrekin aztertu dute, Europako Batzordeak egindako aurreko Regional Innovation Scoreboardeko datu onak abiapuntutzat hartuta, Euskadi “berrikuntza-polotzat” jotzen baitzen.
Horren erakusgarri da HAZINNOVA programa, Eusko Jaurlaritzak sustatua eta SPRI eta Innobasque taldeek kudeatua. Programa hori ETEetan berrikuntza sustatzera bideratuta dago, euskal ekonomiaren oinarria baita, eta produktuaren eta negozio-prozesuaren berrikuntza sustatzea du helburu: fabrikazioa, logistika, merkaturatzea eta administrazioa eta finantzak. 2023ko edizioan, 367 enpresak hartu zuten parte HAZINNOVA programan, 517 proiektu onartuta..