Uda ostean, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatutako ETEentzako berrikuntzari laguntzeko topaketek irailean programatutako hiru hitzordurekin ekingo diote berriro agendari, bat lurralde historiko bakoitzean: Getxon (Bizkaia), 19an; Itziar-Deban (Gipuzkoa), 20an; eta Gasteizen (Araba), irailaren 26an.


Gainera, irailaren 25ean, Bizkaiko handizkako merkataritzaren sektoreko ETEek Bizkaiko Merkataritzako Enpresari Konfederazioarekin (CECOBI) batera antolatutako topaketa telematiko batean parte hartu ahal izango dute.
ETEentzako jardunaldiak, ibiltariak, Euskadiko industrialde eta parke teknologikoetan egiten dira, tokiko ETEei soluzio berritzaileak ezartzeko aukera emango dieten zerbitzu eta tresnei buruzko informazioa eta sarbide zuzena emateko. Ekimenak diputazioen eta zonalde bakoitzeko udalen laguntza aktiboa du, baita eskualdeko enplegu-eragileen eta anfitrioi gisa jarduten duten tokiko enpresen laguntza ere.


Formatu praktikoarekin eta bi orduko iraupenarekin, topaketak bi zatitan banatzen dira. Lehenengoan, soluzio berritzaileak ezartzeko dauden baliabideak aurkezten zaizkie bertaratutako enpresa txiki eta ertainei. Bigarrenean, inguruko enpresa txiki eta ertainetako ordezkariek beren esperientzia berritzaileak partekatzen dituzte, berrikuntzaren aldeko apustua zergatik egin zuten, prozesua nolakoa izan zen eta zer emaitza lortu dituzten azalduz. Topaketa bakoitza networking gune batekin amaitzen da, non parte hartzen duten enpresek ideiak trukatu eta harremanak ezar ditzaketen giro lasai batean.


Informazio-ekimenak berrikuntza EAEko enpresa txiki eta ertainetara hurbiltzen jarraituko du. Topaketa horietako bat beren gunean egin nahi duten enpresek eskatu egin dezakete, [email protected] helbidera mezu bat bidaliz.

Partekatu albiste hau