Basque Artificial Intelligence Center (BAIC) eta Matematika Aplikatuen Euskal Zentroa (BCAM) erakundeekin lankidetzan eginiko deialdia honako hauei zuzenduta dago: Euskadiko ETE-ei, enpresa handiei, teknologia-, ikerketa- eta hezkuntza-zentroei eta entitate publiko eta elkarte guztiei

Hautatutako kasuek Global Innovation Day jardunaldiaren hamahirugarren edizioan parte hartuko dute, azaroan. Erreferentziazko hitzordu horretan biltzen dira urtero berrikuntzaren euskal ekosistemako enpresak eta funtsezko eragileak, Euskadi berrikuntza handiko eskualdea dela agertzeko eta berrikuntza zabaltzeko

Innobasque, uztailaren 15a. Uztailaren 24ra arte luzatu da edozein jardueratako enpresek, zentro teknologikoek, elkarteek eta erakunde publikoek beren kasu praktikoak aurkezteko azken eguna.

Aurkeztutako hautagaien artean, Berrikuntzarako Euskal Agentziak, Innobasquek, Adimen Artifizialeko Euskal Zentroarekin (BAIC) eta Basque Center for Applied Mathematicsekin (BCAM) lankidetzan, Global Innovation Dayko hizlarien panelean parte hartzeko kasurik adierazgarrienak hautatuko ditu. Ekitaldi hori azaroan beteko du hamahirugarren edizioa. Innobasquek antolatutako foro profesional hau erreferente gisa finkatu da berrikuntza zabaltzeko eta Euskadi goi-berrikuntzako eskualde gisa posizionatzeko, urtero berrikuntzaren euskal ekosistemaren funtsezko eragileak biltzen baititu.

Gainera, deialdiaren oinarrietan zehaztutako irizpideak betetzen dituzten kasu guztiak Innobasqueren Berrikuntzako Kasu Praktikoen Bankuan sartuko dira, eta Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatutako beste dibulgazio-ekintza batzuetan parte hartzeko eta/edo beste foro edo komunikazio batzuetan zabaltzeko hautatu ahal izango dira.

Sektore guztiei zuzendua

Enpresa eta entitate guztiek har dezakete parte deialdian, edozein dela ere haien izaera juridikoa, tamaina edo jarduera-sektorea: multinazionalek, ETE-ek, elkarteek, eragile zientifiko-teknologikoek, hezkuntza-zentroek, erakunde publikoek edota interes sozialeko entitateek.

Kasu praktikoek 2021etik hona garatutakoak izan behar dute, eta agerian utzi behar dute Adimen Artifiziala (AA) edo Adimen Artifizial Sortzailea (AAS) aplikatuz eta ezarriz hainbat berrikuntza garatu direla, eta horiei esker enpresen lehiakortasuna hobetu dela. Horrenbestez, hainbat esparrutan eta antolakuntza-prozesutan garatutako kasuak aurkeztu daitezke deialdi honetara: besteak beste, estrategiak zehazteko, eragiketak eta proiektuak kudeatzeko edota bezeroekiko harremanak bideratzeko proposamenak.

Proposamen berritzaileenak hautatzeko, lehenik eta behin, ezarritako berrikuntzen edukia eta kudeatzeko modua hartuko dira lehentasunezko irizpidetzat. Hau da, kontuan izango dira, besteak beste, honako faktore hauek: berrikuntzaren izaera estrategikoa, berritasun maila, beste erakunde batzuek izan duten parte-hartzea edo lankidetza, enpresaren eguneroko martxan izan duen txertatzea, eta garapenerako aintzat hartu diren jasangarritasun-planteamenduak (ingurumenari lotutakoak, ekonomikoak eta sozialak). Bestetik, balorazioaren beste erdia egiteko, honako irizpide hauek hartuko dira oinarri: eraginkortasuna, efizientzia, eragin maila, errepikagarria eta transferigarria den ala ez eta hirugarrenek aintzat hartu duten.

Gainera, AAn eta haren alderdi Sortzailean oinarritutako deialdi honetan, beste alderdi hauek ere hartuko dira aintzat: erabilitako datuen kalitatea, datu partekatuen eremurik izan den edo sortu den, diseinutik beretik ezarritako balio etikoak edo adimen artifizialaren aplikazioan zer teknologia erabili diren zehaztea.

Informazio gehiago: [email protected]  

Kontaktuak:

Olalla Alonso / T. 652 728 014 / [email protected]

Ana Larizgoitia / T. 656 788 328 / [email protected]

Partekatu albiste hau