• Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Innobasquek emandako datuak Eustatek antolatutako ikastaroan, Euskadik Berrikuntza Handiko Eskualde gisa duen posizioari eusten diote, Europako herrialdeen batez bestekoaren gainetik jardun berritzailearekin
• Innobasqueko Berrikuntza Politiken koordinatzaile nagusiak, Alaitz Landaluzek, Euskadin gaur egun berrikuntzaren egoera zein den, etorkizunari begira zer ikuspegi duen eta esparru horretan erronka hurbilekoenak zein diren aztertu du
2024ko uztailaren 9a, Donostia. UIKren udako ikastaroen baitan (EHU), Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak antolatutako “Berrikuntza euskal ekonomian. Egoera, irismena, aurreikuspenak” ikastaroan Euskadiko berrikuntzaren egoera zein den aztertu da sakontasunez.
Donostiako Miramar Jauregiko bi jardunaldietan, hainbat esparru eta sektoretako adituak izan dira hizlari, euskal berrikuntzaren maila zenbatekoa den zehazten, eta Europaren barnean Euskadi “Goi-mailako Berrikuntzako Eskualdea” zergatik den azaltzen.
Berrikuntzari buruzko foro espezializatu horretan parte hartu du Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Innobasquek, eta, azterketa sakona egin du Euskadiko I+G+b arloaren gaur egungo egoerari, izan dezakeen bilakaerari eta datozen urteetan izango dituen erronka nagusiei buruz.
Alaitz Landaluzek, Innobasqueko Berrikuntza Politiken koordinatzaile nagusiak, aurkezpenaren hasieran azaldu du Euskadi “Goi-mailako Berrikuntzako Eskualdea” dela nazioartean. Landaluzek jakinarazi du Txina eta Estatu Batuak nor baino nor ari direla lidergoa eskuratzeko, eta Europaren bilakaera egonkorra dela I+G arloko inbertsioan.
Testuinguru horretan, nabarmendu du Euskadi 72. eskualdea dela RIS 2023 panelean (Europako lurraldeen berrikuntza maila neurtzen da horretan), Espainian liderra dela berrikuntzaren esparruan, eta, Europar Batasuneko batez bestekoarekin alderatuta, Euskadi %9,8 gorago dagoela.
Euskadiko berrikuntzaren osasuna ona dela erakusten duten beste adierazle batzuk ere eman ditu Landaluzek bere esku-hartzean: horietako bat da euskal enpresek Horizon Europe programan duten parte-hartzea. EBren esparru-programa da Horizon Europe, eta horren finantzaketa-bolumena 2021-2027 aldirako a 96.899 milioi eurokoa da. 2023ko azaroko datuen arabera, Horizon Europe programa horretatik diru-itzulketa handiena izan duen hamazazpigarren eskualdea da Euskadi, Europako funtsen bidez 312,4 milioi euro finantzatzea lortu baita.
Landaluzek hainbat faktore aipatu ditu emaitza horiek azaltzeko: administrazio publikoek eta enpresek I+G arloan egindako inbertsio handia, ikerketari eta garapenari loturiko sektoreetan diharduen biztanleria aktiboaren ehuneko handia eta euskal gazteek STEAM formakuntzarekiko duten interes gero eta handiagoa (Europako batez bestekotik gorakoa).
Aurreikuspen baikorrak
Euskadin berrikuntzaren gaur egungo egoera zer-nolakoa den aztertuta, Innobasqueko Berrikuntza Politiken koordinatzaile nagusiak iragarri du 2024an I+G arloko inbertsioa 2.000 M €-tik gorakoa izango dela, eta, horrenbestez, 2016an hasitako goranzko joera sendotu egingo dela.
Inoizko inbertsio handiena da hori. Hain zuzen, ‘Euskal I+G: 2024ko aurreikuspenak eta egoeraren diagnostikoa’ txostenaren ondorio nagusia da zifra mugarri hori. Berrikuntzaren Euskal Agentziak Euskadiko enpresa trakziogile nagusiekin (euskal I+Gren %40 ordezkatzen dute) elkarlanean egindakoa da aipatutako txostena.
Inbertsioaren estimazio hau egiteko, Berrikuntzaren Euskal Agentzia estatistika-tresna bat garatzen hasi zen 2019an. Tresna horrek honako adierazle hauek hartzen ditu erreferentziatzat: I+G arloko euskal aurrekontuak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak landutako Barne Produktu Gordinaren (BPGd) bilakaera eta Euskadiko I+G arloko 18 enpresa trakziogileren aurreikuspena. Hauek dira 18 enpresa horiek: Aernnova, Arteche, Ayesa, CIE Automotive, Mondragon Korporazioa, Dominion, Faes Farma, Gestamp, Iberdrola, Ingeteam, Irizar, ITP Aero, Mercedes Benz, Sener, Sidenor Aceros Especiales, Tubacex, Ulma eta Velatia.
Berrikuntzaren esparruan trakziogile diren enpresen taldeak hainbat erronka nagusi identifikatu ditu proiektu berritzaileak garatzeko, eta horien berri ere eman du Alaitz Landaluzek. Hauek dira: talentua erakartzea eta talentu horri eustea, eta EBk ezarritako arauen zama eta administrazio-zama.
Erronka horiez gain, Berrikuntzaren Euskal Agentziak beste batzuk ere gehitu ditu 2030. urterako, hala nola produktu berrien salmentaren bidez fakturazioa handitzea, enpresa berritzaileen kopurua handitzea eta berrikuntza arloan inbertsio gehiago egitea, bereziki I+G arloari loturik ez dauden esparruetan.
Informazio gehiago: [email protected]
Kontaktuak:
Olalla Alonso / T. 652 728 014 / [email protected]
Ana Larizgoitia / T. 656 788 328 / [email protected]