Argazkia: Lehendakaria hiru presidente ohiekin eta Innobasqueko zuzendaritza batzordearekin

Batzar Nagusiaren argazki gehiago hemen.

Batzar Nagusiaren laburpen-bideoa hemen.

Bideo mozketak deklarazioekin hemen.

Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, bere XVII. Batzar Nagusia egin du gaur goizean Euskadiko Parke Teknologikoko Donostiako Kanpusean. Erreferentziazko hitzordu horretan biltzen dira urtero berrikuntzaren euskal ekosistemako eragileak Euskadiko I+G+b jarduerari pultsua hartzeko.  

Erakundeko presidenteak, Manuel Salaverriak, ireki du batzarra. Ondoren, agentziak aurreko urtean eginiko jardueren balantzea egin da, eta 2023 ekitaldiko kontuak eta kudeaketa-txostena eta 2024ko aurrekontua aurkeztu dira, bertan ziren erakunde bazkideek onartzeko. Gai zerrendako puntu guztiak aho betez onartu dira. 

Zuzendaritza Batzorde berria ere berretsi da. Berrikuntzaren esparru estrategikoetako maila goreneko 60 kidez osaturik dago organo hori, eta nahitaez honela banatuta daude batzordekideak: %25 Euskadiko erakunde publikoetako ordezkariak eta langileen eta enpresarien ordezkariak dira; %25 enpresa eta elkarteetako kideak; %25 eragile zientifiko-teknologikoen eta irabazi asmorik gabeko erakundeen ordezkariak; eta, azkenik, beste %25, gizarte, ekonomia eta kulturako pertsona esanguratsuak dira.   

Innobasqueko presidenteak, Manuel Salaverriak, esker ona adierazi die 2020 eta 2024 artean batzordeko kide izan diren guztiei, “proiektuarekiko agertutako dedikazio eta konpromisoagatik”. 

Batzar Nagusian jakitera emandako datu aipagarrienen artean, nabarmentzekoa da 2023 ekitaldian Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek martxan jarritako zientzia, teknologia eta berrikuntzako 15 plan, estrategia eta programa babestu dituela agentziak. Gaur egun 908 erakunde bazkidek osatzen dute Innobasque. 

Enpresa txiki eta ertainetan (ETE) berrikuntza zabaltzeko egiten duen lanean, nabarmentzekoa da HAZINNOVA programa, Berrikuntzaren Agentziak berak SPRIrekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera garatutakoa. Horren bidez, 385 ETEk 540 proiektu gauzatu zituzten aurreko urtean.  

2021-2024 Plan Estrategikoaren esparruan, 2023ko abenduko datuak aintzat hartuta, 1.501 ETEk hartu zuten parte Innobasquek sustatutako berrikuntza-jardueretan. Bide berean, euskal I+Gren presentzia nazioartean zabaltzeko lanean ere badihardu agentziak, Enterprise Europe Network euskal nodoaren bidez. Nodo horretako kide da Innobasque, beste hauekin batera: SPRI, BEAZ, hiru merkataritza ganberak eta Basque Trade and Investment. 

Horrez gainera, euskal gazteen artean zientziarekiko eta teknologiarekin interesa sustatzeko helburuarekin, STEAM jardueretan parte hartu duten 349 ikastetxetako 22.000 gazterengana iritsi da Innobasque. Agentziak lankide dituen 100 bat erakundek sustatutako jarduerak izan dira.  

2023an, Berrikuntzaren Euskal Agentziak aliantzak sinatu ditu eragile estrategikoekin; besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailarekin; orobat, lankidetza-hitzarmenak egin ditu EHUko Arabako Kanpusarekin eta Deustoko Unibertsitatearekin, SPRIrekin, Euskalit-Kudeaketa Aurreratua eta Lantik erakundeekin, Euskadin berrikuntza bultzatzeko. Dubaiko Global Future Society sareko kide ere egin da, mundu osoko beste 39 erakunderekin batera, etorkizuneko ekimenak sustatzeko.

Batzarraren alderdi formalaren ondoren, Jaime García Canterok, Prisa Media taldeko Retina plataformako zuzendariak, hitzaldi interesgarri bat eman du: “Mundu baten amaiera. Berrikuntza, Adimen Artifiziala eta D hirukoitzaren geopolitika”. Adimen artifizialaren eta I+Gren artean dauden lotura eta zehar-lerroak aztertu ditu adituak hitzaldian.

Amaitzeko, Euskadin berrikuntzaren arloan trakziogile diren enpresa bazkideen foro edo topagune bat izan da, gai hau ardatz harturik: “I+Gren oraina eta etorkizuna euskal ekonomiaren sektore nagusietan”. Leire Bilbao Innobasqueko zuzendari nagusia izan da foroaren moderatzailea, eta DANOBAT GROUP, FAES Farma, Gestamp, ULMA Taldea, Iberdrola Espainia, ITP Aero, Sener eta Sidenor enpresetako ordezkariak aritu dira beren esperientzien berri ematen.   

Iñigo Urkullu Renteria lehendakariak, Innobasqueko ohorezko presidenteak, itxi du Batzar Nagusia.

XVII. Batzar Nagusia Manuel Salaverriaren azkena izan da agentziako presidente gisa. Hala, batzarrean bertan, aurki presidente berria hautatzeko prozesua irekiko dela iragarri du. Bere diskurtsoan, Euskadin I+G arloko inbertsioak izan duen hazkundea nabarmendu du, eta bide berean jarraitzearen garrantzia azpimarratu: “Ezin dugu bertan goxo egin eta geldirik geratu, erronkek hor jarraitzen dutelako; hori dela eta, Innobasquek ere lanean jarraituko du, lehen baino kemen eta gogo are handiagoz”.    

Era berean, Iñigo Urkullu Renteria lehendakariarentzat ere Innobasqueren azken Batzar Nagusia izan da ohorezko presidente gisa. 2007an Berrikuntzaren Euskal Agentzia eratu zenetik, Jaurlaritzako agintari gorenen esku egon da betidanik kargu hori.  

Egindako lanaren aitortza gisa, Urkulluk aginte makila sinboliko bat jaso du Innobasqueko presidentearen eskutik.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago