Argazkia: Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako egungo Zuzendaritza Batzordeko kideen argazkia.

Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Zuzendaritza Batzordea berrituko du maiatzaren 29an, Batzar Nagusiaren baitan, Agentziaren Estatutuetan jasotakoarekin bat etorriz. Euskadiko Parke Teknologikoko (Miramon) Donostiako Kanpusean, Eraikin Nagusiko Entzunaretoan, izango da batzarra, 11:00etatik aurrera. Erakunde publiko-pribatu honen urteko hitzordu nagusietako da Batzar Nagusia, hor biltzen baitira berrikuntzaren euskal ekosistemako eragileak, Euskadiko I+G+b arloko jarduerari pultsua hartzeko.  

Berrikuntzaren esparru estrategikoetako maila goreneko 60 kidez osaturik dago Berrikuntzaren Euskal Agentziako Zuzendaritza. Nahitaez honela banatuta daude batzordekideak: %25 Euskadiko erakunde publikoetako ordezkariak eta langileen eta enpresarien ordezkariak dira; %25 enpresa eta elkarteetako kideak; %25 eragile zientifiko-teknologikoen eta irabazi asmorik gabeko erakundeen ordezkariak; eta, azkenik, beste %25, gizarte, ekonomia eta kulturako pertsona esanguratsuak dira.  

Batzar Nagusiaren eguneko gai-ordenari dagokionez, aurreko urtean agentziak eginiko jardueren balantze bat aurkeztuko da, baita aurreko ekitaldiko kontuak eta 2024ko aurrekontua ere, erakunde bazkideek onartzeko, horrela badagokio. 

Alderdi formal horiek bete ondoren, berrikuntzako erakunde bazkide trakziogileen foro bat izango da batzarrean, Leire Bilbao Innobasqueko zuzendari nagusiak gidatuta, gai hau ardatz harturik: “I+Garen oraina eta etorkizuna euskal ekonomiaren sektore nagusietan”.  

Batzar Nagusiaren egitarauan Jaime García Cantero Prisa Media komunikazio-taldeko Retina plataformaren zuzendariaren hitzaldi bat ere izango da. “Mundu baten amaiera. Berrikuntza, Adimen Artifiziala eta D hirukoitzaren geopolitika” du izenburu haren hitzaldiak. Adimen artifizialaren eta I+Gren artean dauden zehar-lerroak eta bat-egiteak aztertuko ditu adituak. 

Manuel Salaverriak, Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteak, irekiko du Batzar Nagusia, eta Iñigo Urkulu Renteria Innobasqueko ohorezko presidenteak itxiko du.  

Egitarau osoa

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago