- Maiatzaren 14an topaketa bat izango da Jundizko Enpresen Zentroan (Mendigorritxu 138), eta hainbat enpresak berrikuntzak duen garrantzia azalduko dute, ETE-en lehiakortasuna handitzeko funtsezko faktorea den aldetik
- Topaketan, hainbat sektoretako esperientzia berritzaileak emango dira ezagutzera; besteak beste, industria eolikoan diharduen Nabla WindHub enpresarena, argiztapenaren sektoreko Luznor enpresarena edo komunikazioaren esparruko Gabineteseis aholkularitzarena
Gasteiz, 2024ko maiatzaren 7a. Gasteizko Udalak eta Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Gasteizko enpresei zuzendutako jardunaldi bat antolatu dute maiatzaren 14rako, ETE-ei azaltzeko nola erabil dezaketen berrikuntza eguneroko beharrizanei erantzuteko eta, era horretara, beren emaitzak hobetzeko. Jardunaldiaren bidez ETE-ei erakutsi nahi zaie antolaketaren edozein esparrutan berrikuntza ezartzea lagungarri izan daitekeela enpresaren lehiakortasuna hobetzeko.
Jundizko Enpresen Zentroan (Mendigorritxu 138) izango da topaketa, maiatzaren 14an, 8:30etik 10:30era. Luis Manero, Berrikuntzaren Euskal Agentziako (Innobasque) ETE-en Berrikuntzako zuzendaria izango da moderatzailea.
Jardunaldiaren hasieran, Gasteizko Udalak gosaria eskainiko die bertaratuei, eta, ondoren, Gasteizko hiru enpresatako ordezkariek beren esperientzien berri emango dute: nola berritu dituzten egiturako hainbat alderdi, nola egin dieten aurre enpresaren erronkei eta abar. Hala, industria eolikoaren, argiztapenaren eta komunikazioaren sektoreetako hiru kasuren berri emango dute, hurrenez hurren, Nabla Wind Power enpresako eragiketen zuzendariak, Eder Murgak; Luznor enpresako zuzendari nagusiak, Elena Echevarriak; eta Gabineteseis aholkularitzako zuzendari bazkideak, Eduardo Ortiz de Arrik.
Topaketa horretan, hiru enpresetako ordezkariek hainbat gai azalduko dituzte: nolakoa izan den ETE-aren bilakaera, zergatik eta nola egin zuten apustu berrikuntzaren alde eta apustu horrek nolako hobekuntza ekarri duen enpresaren emaitzetan eta lehiakortasunean. Era berean, berrikuntza-prozesu horretan zer zailtasun izan dituzten eta nola gainditu dituzten ere azalduko dute.
Jardunaldirako izen-emateak Gasteizko Udalaren webgunean egin daitezke.
https://www.vitoria-gasteiz.org/j31-01w/formularioViewer/create?formularioId=299
Informazio gehiago:
Olalla Alonso T. 944 20 94 88/ [email protected]
Ana Larizgoitia T. 656 788 328 / [email protected]