Itxaronaldi luze baten ostean (azken argitalpena 2019an egin zen), Estrategia eta Politikak Aztertzeko Europako Sistemak (ESPAS – European Strategy and Policy Analysis System) joera globalen laugarren txostena argitaratu du, “Global Trends to 2040: Choosing Europe’s Future”. Txosten hau une gako batean heldu da, EBren ziklo politiko berriaren aurretik argitaratu baita, eta aurretik identifikatutako joera globaletako askoren indarra zein eragina hazten ari baita. 

Edukiaren mamia da epe ertain eta luzean EBri eragingo dioten joera global nagusien ikuspegi orokor bat ematea, eta, ostean, fokua joera horien elkarreraginaren ondorio diren hainbat sektoretako erronka estrategikoetan jartzea. 

Joera globalak: 

1. Geopolitika erdigunean: lankidetza eta integraziotik lehiakortasun eta frikziorako aldaketaren joerak aurrera jarraitzen du, zatiketa gero eta handiagoarekin. Hainbat arlotan mehatxu berriak agertzen ari dira, hala nola narratiben borroka, desinformazioa, informazioaren manipulazioa eta interferentzia, ziberespazioa, eta kanpo-espazioko lidergoa lortzeko guda. 

2. Erronka ekonomikoak: zatiketa geopolitikoaren eta klimaren neutraltasunerako trantsizioaren ondorioz, emisio nuluko industriak barne, hazkuntza ekonomikorako arrisku berriak sortzen ari dira. Litekeena da AEB eta Txinaren arteko lehia ekonomiko eta teknologikoak, baita eskualde-bloke berrien agerpenak ere, merkataritza-harreman globalei eragitea. Aurrerapen teknologikoa eta kontsumo-eredu jasangarriagoak erabakigarriak izango dira zero emisioko industrietarako trantsizioaren irismen eta abiadurarako. 

3. Demografia: Europako biztanleria murriztu egingo da beste kontinente batzuetakoarekin alderatuta, Asia, Ipar Amerika eta Afrikakoa barne. Horrez gain, zenbaki absolutuetan ere murriztu egingo da, jaiotza-tasaren jaitsieraren eta migrazio-fluxuek jaiotzen eskasia ez berdintzearen ondorioz. EBko biztanleriaren zahartzea dela-eta lan-merkatuak eta jasangarritasun fiskalak presioa jasango dute. Txinaren murrizpen demografikoak eragin globalak izan ditzake, gerta litekeelako “globalizazioaren motor” gisa duen papera urritzea. 

4. Ingurumen- eta klima-krisiak: klima-aldaketa azkartzen ari da, eta ingurumen-degradazio handia gertatzen ari da (adib., biodibertsitatea galtzea). Ondorioz, EBk klima-aldaketaren eragin handia jasango du, baina ezin dio horri laguntzarik gabe aurre egin, eta, hortaz, bere klima-estrategiak aintzat hartu beharko du nazioarteko testuingurua. 

5. Trantsizio energetikoa: energiaren kontsumo globala handitzen ari da, baita erregai fosilen erabilera ere, nahiz eta berriztagarriek sortutako energiaren partaidetza areagotu den eta berriztagarri horien kostuak murriztu diren. Gainera, energia-trantsizio berdearen erritmoa mugatu egin daiteke hainbat konturen ondorioz, hala nola erregai fosiletarako azpiegituretarako etengabeko inbertsioak eta mineral kritikoen prezioa eta eskuragarritasuna. Ziurrenik, energia-trantsizioak on gehiago egingo die batzuei besteei baino, eta tirabira geopolitiko berriak eta herrialdeetan tentsio sozialak sor ditzake. 

6. Berdintasunaren bilaketa: desberdinkeriak gero eta handiagoak eta konplexuagoak bihurtzen ari dira, eta Europa ez da salbuespena. Desberdinkeria ekonomikoetatik harago, gero eta garrantzi handiagoa izaten ari dira hezkuntzarako sarbidea, teknologia, osasun-arreta, azpiegiturak, klima-justizia edo belaunaldiarteko ekitatea. Tirabira sozialak gero eta larriagoak dira eta pertsonen bizitzetan eragina izaten jarraituko dute, eta, ondorioz, polarizazio politikoa handituz joango da, eta gerta liteke demokrazia ere ahultzea. 

7. Bizkortze eta bat-etortze teknologikoa: teknologia berriak ezarri eta horiek erabiltzeko mailak azkartzen ari dira, eta bat-etortze teknologikoa gero eta handiagoa da. Izan ere, gaur egun bizi garen testuinguru honetan teknologiarekiko itxaropenak hazten ari dira, lehiakortasun teknologiko geopolitikoa areagotzen ari da, eta teknologia arautu eta estandarizatzeko erronkak ugaritzen ari dira. 

8. Osasunaren kudeaketa: osasunaren sektoreak berrikuntza zientifiko eta teknologikoaren eragile izaten jarraituko du. Litekeena da tratamendu eta terapia berriek onura handiak ekartzea, baina, bestalde, hainbat erronkek, hala nola antimikrobianoen aurkako erresistentziak, arreta gehiago beharko dute. 

9. Aldaketak gure bizitoki eta bizimoduan: gero eta jende gehiago bizi da hirietan, klima-aldaketaren eragin negatiboen eraginpean dagoen biztanleria areagotzen ari da, eta teknologiak lan egin eta ikasteko dugun modua aldatzen ari dira. Alde batetik, lan egiteko eta zerbitzuak emateko modu berriak daude, baina, bestalde, zenbait lanbide galtzen ari dira eta gaitasun berriak behar dira. Horrek guztiak eragin nabaria izango du EBko eskualde eta sektore ekonomikoetan. 

10. Mehatxuak demokraziari: demokraziak etengabeko erasoak pairatzen ari dira beren eskubide eta bizimoduen aurka, honako hauek ahultzeko ahaleginak jasanez: hauteskundeak, hedabideen eta adierazpen-askatasuna, elkartzeko askatasuna eta botere judizialen independentzia. Teknologiak eginkizun garrantzitsua du horretan guztian. 

Joera horiek aintzat hartuta, EBko buruek epe laburrean hartzen dituzten erabaki estrategikoek Batasunaren epe luzerako ibilbidea zehaztuko dute. Hainbat motatako erakundeek ere aintzat hartu beharko dituzte joera globalak, eta txosten honek planteatzen dituen galdera estrategikoak oso lagungarriak izan daitezke horretarako. 

Partekatu albiste hau