• Oraingo honetan, euskal ETE-ei zuzendutako prestakuntzaz gain, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sistemako enpresa eta erakundeentzat berariaz diseinatutako ikastaroak ere badira, baita Innobasqueko erakunde bazkideei bideratutakoak ere
  • Guztira 19 ikastaro emango dira urrian, azaroan eta abenduan, profil desberdinentzat egokituak, formakuntzak inpaktu handiagoa izan dezan parte hartzen duten enpresetan
  • Digitalizazio-prozesuak txertatzeko, negozio-plan bat sortzeko edota bezeroen beharrizanak detektatzeko jarraibideak ikasi ahal izango dituzte ETE-ek; Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sistemako erakundeek eta Innobasqueko bazkideek, berriz, Horizon Europe programaren finantzaketa-gakoak ezagutuko dituzte, eta I+G kudeatzeko tresna eta metodologia berriak erabiltzen ikasiko dute

INNOBASQUE, 2023ko irailaren 29a. Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, berritu egin du doako bere prestakuntza eskaintza, eta hainbat ikastaro berri jarri ditu martxan. Euskal ETE-ei ez ezik, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sistemako enpresa eta erakundeei eta Innobasqueko enpresa bazkideei daude zuzenduta ikastaro horiek. Guztira, 19 ikastaro berri izango dira urritik abendura, eta parte hartzen duten enpresetan eta erakundeetan ahalik eta inpaktu handiena lortzeko diseinatuta daude guzti-guztiak. Hala, jakintzaren hainbat mailatatik abiatuta, era guztietako gaiak landuko dira: digitalizazioa, negozio-eredu berriak, berrikuntzaren kudeaketa edota Europako funtsak eskuratzeko gakoak, besteak beste.

Ikastaroak aurrez aurrekoak izango dira, eta haiek ematen Berrikuntzaren Euskal Agentziako espezialistak eta arlo bakoitzean erreferentzia diren enpresa eta erakundeetako profesionalak ariko dira, besteak beste, Ideko, Elkargi, Mondragon Unibertsitatea eta Paralogos AI enpresetako adituak, baita QiEurope, Prospektiker, Eurogap, C4E Consulting Services eta R&D&i Global Group aholkularitza espezializatuetako kideak ere. Prestakuntza osatzeko, hainbat euskal ETEk beren kasu arrakastatsuen berri emango dute, eta beren beharrizanei eta erronkei erantzuteko zer berrikuntza-tresna erabili dituzten azalduko dute.

Ikastaroak nori zuzenduta dauden aintzat hartuta, haientzako interes handieneko gaiak jorratuko dira programa oso honetan, hiru bloketan banatuta. Hala, ETE-entzako blokean, intereseko hiru esparru hartu dira ardatz: digitalizazioa, finantzaketa eta merkatua. Haietan, enpresa bakoitzaren profil berritzailearen arabera, era guztietako ezaguerak eskuratu ahal izango dituzte partaideek, oinarrizkoetatik hasi eta askoz espezializatuagoetara. Adibidez, teknologia berriei buruzko ikastaroan, ikastaroetako batean 4.0 Industriari eta haren ahalmenari buruzko oinarriak azalduko dira, eta, beste batean, industria aurreratu hori ekoizpen- eta kudeaketa-prozesuetan nola aplikatu azalduko da zehaztasun osoz. Finantzaketari buruzko ikastaroan, negozio-plan bat egiteko oinarriak ikasi ahal izango dira, baita I+G+b proiektu batean giltzarriak diren parametro ekonomikoak erabiltzen ere. Eta merkatuei buruzko ikastaroan, besteak beste, produktu bat zerbitzu nola bihur daitekeen edo bezeroen beharrizanak nola identifika daitezkeen ikasi ahal izango da.

Bestalde, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sistemako enpresa eta erakundeei zuzendutako hiru ikastaroetan, Horizon Europe ikerketa- eta berrikuntza-programa izango da ardatz, eta, besteren artean, gai hauek jorratuko dira: I+G+b arloko partzuergoetan posizionamendu hobea lortzeko gakoak, lobbiek nola funtzionatzen duten edo Europako finantzaketa lortu nahi denean proposamenak nola planifikatu behar diren.

Azkenik, Innobasqueko erakunde bazkideei zuzendutako prestakuntza intereseko hiru arlotan banatuta dago: joerak, berrikuntzaren kudeaketa eta I+G arloaren kudeaketa. Kasu honetan, zortzi ikastaro izango dira, enpresak berrikuntza-maila aurreratuetara eramateko pentsatuak. Hala, prospektiba-tresna garatuagoak erabiltzen, lanbide-profil espezifikoak txertatzen edo berrikuntza kudeatzeko metodologia berriak ezartzen ikasiko dute Innobasqueko enpresa bazkideek ikastaro horietan.

Gaien programa osoa eta ikastaro bakoitzaren egutegia formakuntza berrikuntzan atalean kontsulta daiteke, Innobasqueren webgunean.

FORMAKUNTZA BERRIKUNTZAN

ETE-ENTZAKO FORMAKUNTZA

DIGITALIZAZIOA

-1. ikastaroa: Digitalizaziora sarrera.  

-2. ikastaroa: Produkzio-prozesuak eta makineria digitalizatzea.

-3. ikastaroa: Kudeaketa-sistemen digitalizazioa

FINANTZAKETA

-1. ikastaroa: Berrikuntza sustatzeko gobernantza eta finantza-eraginkortasuna

-2. ikastaroa: Egin posible zure berrikuntza-proiektua.

-3. ikastaroa: Eraiki negozio-plan sendo bat.

MERKATUA

-1. ikastaroa: Nola berritu produktua bere osotasunean hartuta.

-2. ikastaroa: Bezeroarekiko orientazioa ETE-etan berrikuntza-palanka gisa.

ZIENTZIA, TEKNOLOGIA ETA BERRIKUNTZAKO EUSKAL SISTEMAKO ENPRESEI ETA ERAGILEEI ZUZENDUTAKO PRESTAKUNTZA

-Nola kokatu I+G+b partzuergo irabazleetan. Lobby-a Europar Batasunean

-Horizonte Europarako I+G+b-ko proiektu europarrak prestatzeko ikastaro aurreratua

-Horizonte Europarako I+G+b-ko proiektu europarrak kudeatzeko eta justifikatzeko ikastaroa

 

INNOBASQUEKO BAZKIDE DIREN ERAKUNDEEI SOILIK ZUZENDUTAKO PRESTAKUNTZAK

JOERAK

-Nola aurreratu etorkizunari – Joerak eta Eszenarioak

-Negozio eredu digitalek eskaintzen dituzten aukerak

-Berrikuntza-ekosistemetan nabigatzeko gakoak

BERRIKUNTZAREN KUDEAKETA

-Nola berritu Google izan gabe

I+G ARLOAREN KUDEAKETA

-I+Ga Ustiatzeko Plana eta Exploitation Manager izenekoaren irudia

-Nola planifikatu eta antolatuko dut I+G saila nire enpresan

-Aktibo ukiezinen ustiapena: zer dira eta nola kudeatu horien balorazioa

-Aktibo ukiezinen ustiapena: Finantza-balorazioko metodo nagusiak

Informazio gehiago

Blanca Pardo, Edukien arduraduna

Tel. 658 727 776 / [email protected]

Ana Larizgoitia, Komunikazio arduraduna

Tel. 656 788 328 / [email protected]

Partekatu albiste hau