• Martxan da berriro ere FIRST LEGO League Euskadi hezkuntza-programa, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren eskutik: gaurtik urtarrilaren 25era zabalik da onlineko prestakuntza-tailerren zikloa Euskadiko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikastetxe guztientzat 
  • Horrez gain, aurrez aurreko bisitak ere antolatu dira. Horietan, ikasleek lehen eskutik ezagutu ahal izango dituzte Bilboko Rekalde kiroldegiaren energia-eraldaketaren prozesua, Iberdrolako Berrikuntza Hub-a eta Mutrikuko (Gipuzkoa) olatu bidezko energia-sorgailuaren funtzionamendua 
  • 1500 ikaslek baino gehiagok hartuko du parte Estatu osoan parerik ez duen formakuntza-eskaintza honetan 
  • Euskadi osoko 42 ikastetxetako 126 taldek hartuko dute parte FIRST LEGO League Euskadi programaren 14. edizioan; finala martxoaren 4an izango da, Bilbo, Donostia eta Arrasateko egoitzetan 
  • FIRST LEGO League 6 eta 16 urte arteko ikasleei zuzendutako nazioarteko hezkuntza-programa bat da. Programaren helburua da ikasleak esparru zientifiko-teknologikora hurbiltzea eta konpetentzia digitaletan trebatzea, talde-lanaren, programazioaren, robotikaren eta balioetan oinarritutako heziketaren bidez 
  • Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak martxan jarritako STEAM Euskadi Estrategiaren baitan txertatzen da programa. Ikasleen artean formakuntza zientifiko-teknikoa bultzatzea eta esparru horietako bokazioak sustatzea, horiek dira STEAM Euskadi Estrategiaren xedeak 

Astelehena 2022ko abenduaren 12a. Energiak mugitzen du gure mundua eta mantentzen du funtzionamenduan. Hori dela eta, orain inoiz baino gehiago ezinbestekoa da energia hori sortzeko eta kontsumitzeko modua eraldatzea, planeta osoan energia modu jasangarrian eskura egon dadin bermatzeko. Horixe da FIRST LEGO League programaren hamalaugarren edizioaren asmo handiko erronka. Energia jasangarriaren etorkizuna berrasma dezatela eta gaur egungo erronkentzat soluzio berritzaileak bila ditzatela, horixe proposatuko die ekimenak mundu osoko 560.000 ikasleri. Hau da, “har dezatela energia, berritzeko”, horretarako honako hauek aplikatuz: zientzia, teknologia, berrikuntza eta dibertsio eta talde-lan dosi nabarmena.  

Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren eskutik dator, beste behin ere, FIRST LEGO League nazioarteko hezkuntza-programa Euskadira. Deustuko Unibertsitatea, Donostia Sustapena eta Mondragon Unibertsitatea dira programaren beste bultzatzaileak. Helburua da mundu zientifiko-teknologikoa eta konpetentzia digitalak euskal ikasleei hurbiltzea modu atsegin eta entretenigarrian. Aurten, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko Euskadiko ikastetxe guztiek FIRST LEGO League Euskadin parte hartu zein ez, aukera izango dute formakuntzako 11 saio irekietan izena emateko. Gaurtik urtarrilaren 25era arte izango dira saio horiek. Topaketa horiek ez dute parerik Estatu osoan, eta Innobasquek  FIRST LEGO League programaren alde eginiko apustu irmoa sendotzen dute. Alde horretatik, erreferentziazko ekimena da Euskadin, eta askotariko eragileek esku hartzen dute: enpresek, teknologia-zentroek eta erakunde publikoek. 

 

Bisitak eta tailerrak 

Edizio honetarako, aurrez aurreko hainbat bisita antolatu dira. Horietan, ikasleek, aukera izango dute Rekaldeko kiroldegian energia aurrezteko martxan jarri den plana ezagutzeko (Bilbao Kirolak elkartea izango da laguntzaile), Iberdrolaren Global Smart Grids Innovation Hub berrikuntza-zentro puntakoa bertatik bertara deskubritzeko eta Mutrikuko plantan (Gipuzkoa) olatuen bidez energia nola sortzen den ikusteko, EVE, Energiaren Euskal Erakundeari esker. 

Tailerren zikloa, berriz, online formatuan egingo da erabat. Ziklo horrek edizio honetako erronka izango du ardatz, SUPERPOWEREDSM titulatua. Hala, euskal ikasleek lehen eskutik ezagutu ahal izango dute Euskadin energiaren esparruan diharduten ikertzaile, zientzialari eta teknologoek zer lan egiten duten. Hala, besteak beste, ikasiko dute nola erabil daitekeen olio biodegradagarria banaketarako sare elektrikoen neurri-transformadoreetan (Arteche enpresa industrialaren eskutik), nola funtzionatzen duten ibilgailu elektrikoen karga-guneek (Ormazabal enpresaren laguntzarekin), nola eraikitzen diren eraikin adimendunak (Mondragon Unibertsitatearen bidez) edo nolakoa den Bilboko Portuaren eraldaketa-prozesua (Bilbao Portlab-ekin).  

Azken batean, 15 entitate dira partaide jakintza trukatzeko ekimen inspiratzaile honetan. Xedea da euskal haurrei eta gazteei erakustea zer lanbidetan jardun dezaketen adar teknikoko ikasketak egitea hautatuz gero. Hauek dira eragile horiek: Arteche, BCAM – Basque Center for Applied Mathematics, Bilbao Kirolak – Bilboko Udala, Bilbao Portlab, CIC energiGUNE, Energia Klusterra, EPowerLabs, Energiaren Euskal Erakundea – EVE, Donostia Sustapena, Iberdrola, Mondragon Unibertsitatea, Ormazabal, Tecnalia, Deustuko Unibertsitatea eta UPV/EHU. 

 

Final jendetsua, urrezko itxiera 

Osagai horiekin guztiekin, abian da FIRST LEGO League Euskadi programaren edizio berri hau, Innobasque. Berrikuntzaren Euskal Agentziaren eskutik. Hain zuzen, Innobasque bera, Deustuko Unibertsitatea, Donostia Sustapena eta Mondragon Unibertsitatea dira programaren antolatzaileak. Ekimenaren muinean dagoen konpromisoa partekatzen dute guztiek, ikasleei zientzia eta teknologiaren adarreko ikasketetarako interesa pizteko konpromisoa, eta horretarako, zientzia, problemak ebazteko modua eta berrikuntza erakusten dizkiete. Eragileek badakite zein garrantzitsua den esparru horiekiko interesa piztea, eta horregatik bultzatzen dute ekimen hau, ikasleek STEAM konpetentziak (zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematika ingeleseko sigletan) landu ditzaten, modu estimulagarrian. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, Arabako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babesten dute FIRST LEGO League Euskadi.  

Hamalaugarren edizio honen finala martxoaren 4an izango da, larunbatez, aldi berean hiru egoitzetan –Bilbo, Donostia eta Arrasaten– eta berriro jendetza bilduko da harmailetan. Ekimenean Euskadi osoko 42 ikastetxetako 126 taldek hartuko dute parte. Partaide kopuruari dagokionez, beraz, pandemiaren aurreko zifrak berreskuratu dira.  

Informazio gehiago   https://www.innobasque.eus/microsite/first-lego-league-euskadi-2022/ 

Partekatu albiste hau