• Bizkaia Ikastetxeko, Getxoko Hirutasun Santua Ikastetxeko eta Oñatiko (Gipuzkoa) Institutuko 115 ikaslek olatuen bidez energia sortzeko eta saiakerak egiteko EEEren planta ezagutu dute gaur, olatuen energia erabiliz energia elektrikoa nola sortzen den ikasteko 
  • 2.200 ikasle baino gehiago ari dira aurten Innobasquek antolatutako FIRST LEGO League Euskadi hezkuntza-programan parte hartzen. Euskadiko 15 enpresak, teknologia-zentrok, unibertsitatek eta erakundek emandako tailer eta bisitaldiek osatzen dute programa 
  • Aurten, ikasleei jarritako erronkarekin lotuta dago hezkuntza-programa: energia jasangarriaren etorkizuna berrasmatzea izango da erronka 
  • .FIRST LEGO League, Euskadi STEAM Hezkuntzako programa bat da, ikasleen artean zientzia eta teknologiarako bokazioak sustatzeko. Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Deustuko Unibertsitatea, Donostia Sustapena eta Mondragon Unibertsitatea dira programaren bultzatzaileak. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak bultzatzen duen STEAM Euskadi Estrategiaren baitan sartzen da ekimen hau  

Bilbo, 2023ko otsailaren 2a. Euskal Energiaren Erakundeak (EEE) olatuen bidez energia sortzeko eta saiakerak egiteko Mutrikun duen planta bisitatu dute gaur Bizkaia Ikastetxeko, Getxoko Hirutasun Santua Ikastetxeko eta Oñatiko (Gipuzkoa) Institutuko 11 eta 16 urte arteko 115 ikaslek. Kantauri Itsasoak olatuen indarraren bidez energia elektrikoa sortzeko duen ahalmenaz ohartu dira bisitan partaide izan diren ikasleak; izan ere, 3,5 metrora irits daitezke olatuak gurean. 

Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatu du ikasketa-saio hau, eta Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) kideek gidatu dute bisitaldia, FIRST LEGO League Euskadi programaren barnean. Euskadiko STEAM Hezkuntzako erreferentziazko programa horrek zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa sustatu nahi du gazteen artean. Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia da programaren antolatzailea, Deustuko Unibertsitatearekin, Donostia Sustapenarekin eta Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak bultzatutako STEAM Euskadi Estrategiaren baitan sartzen da ekimen hau. 

FIRST LEGO League hezkuntza-programa, gisa honetako bakarra Estatuan, ikasleek aurten izango duten erronkarekin lotuta dago: energia jasangarriaren etorkizuna berrasmatzea izango da erronka hori. Aurten, 2.200 ikasle baino gehiago ari dira parte hartzen online tailerretan eta bisitaldietan. Euskadiko 15 enpresak, unibertsitatek, teknologia-zentrok eta erakundek emango dituzte saio horiek, ikasleek aukera izan dezaten Euskadin energia jasangarriaren esparruan diharduten ikertzaile, zientzialari eta teknologoek zer lan egiten duten lehen eskutik ezagutzeko. 

Olatu plantak lotura zuzena du aurtengo erronkarekin. Gaurko bisitan ikasleek aukera paregabea izan dute ideiak hartzeko, eta, horietan oinarrituta, FIRST LEGO League Euskadi programaren finalean aurkeztuko dituzten proiektu berritzaileak sortzeko. Hamalaugarren edizioaren final hori martxoaren 4an izango da Bilbon, Donostian eta Arrasaten. 

Olatuen energia 

Haizeak itsasoaren gainazalean duen eraginaren bidez sortzen da olatuen energia Gure kostaldean, haizeak, batez beste, ia hiru metroko olatuak sortzen ditu, eta, beraz, Kantauri itsasoak ahalmen energetiko handia du Euskadin. 

Olatuen bidez energia sortzeko eta saiakerak egiteko Mutrikuko planta 2011ko uztailean inauguratu zen, eta energia ekoizteko planta aitzindaria da Europan.  Instalazioak ur-zutabe oszilatzailearen teknologia erabiltzen du (olatuaren indarrak turbina bat mugitzen du eta horrek energia sortzen du) energia elektrikoa sortzeko. Plantak 16 turbina ditu eta, guztira, 296 Kw-ko potentzia du instalaturik. Energia elektrikoa sortzeaz gain, planta honek aukera ematen du aire-turbinen, kontroleko estrategien eta ekipamendu osagarrien kontzeptu berriak probatzeko eta saiakerak egiteko. 

Ur-zutabe oszilatzailearen teknologiaren bidez, olatua iristen denean, ura ganberan sartzen da eta barneko airea konprimatzen du; hala, aire hori presioan ateratzen da goiko zulo batetik. Aireak, goranzkoan, turbina bultzatzen du, eta horrek, aldi berean, alternadorea birarazten du. Horrela sortzen da energia elektrikoa. Olatuak atzera egiten duenean, airea zurrupatzen du zulo beretik, eta berriro ere bultzatu egiten du turbina, eta energia elektrikoa sortzen du.  

2050. urterako klima-neutraltasunaren helburua lortuko bada, energia berriztagarrien beste iturri batzuk bilatu beharko dira, gaur egun energia ekoizteko dugun eredua ordezteko; hau da, batez ere iturri ez-berriztagarrietan (ikatza, energia nuklearra…) oinarritutako eredua alde batera uzteko. Itsasoko energien sektorea fase goiztiarrean dago, eta oraindik ez dago gailurik energia-iturri hori modu eraginkorrean eta fidagarrian baliatzeko; hori dela eta, Mutrikukoa bezalako ekimenak ezinbestekoak dira teknologia horren garapena bultzatzeko.  

Informazio gehiago: https://www.innobasque.eus/microsite/first-lego-league-euskadi-2022/ 

Partekatu albiste hau