• Berrikuntzaren Euskal Agentziak aurtengo udazkenean Gipuzkoan aurrez aurre egingo den Global Innovation Day izeneko erreferentziazko euskal berrikuntzaren jardunaldiaren hamaikagarren edizioa ospatuko du, eta bertan Euskadin egiten den berrikuntza erakutsiko da
  • Innobasquek azkeneko hiru urteetan eragin positiboa izan duten produktu, prozesu eta negozio-ereduetan berrikuntzak proposatzen dituzten 78 kasu praktikoren proposamenak jaso ditu
  • Jasotako hautagaitzen lagin adierazgarri bat Global Innovation Day jardunaldian aurkeztuko da, eta baldintzak betetzen dituzten kasuak Berrikuntza kasu praktikoen bankoan sartuko dira

INNOBASQUE, 2022ko abuztuaren 3a. Berrikuntzaren Euskal Agentzia Global Innovation Day izeneko erreferentziazko euskal berrikuntzaren jardunaldiaren hamaikagarren edizioa prestatzen ari da. Jardunaldia aurrez aurre egingo da berriro ere Euskadiko berrikuntzaren garrantzia ezagutzera emateko eta Euskadiko berrikuntza-ekosistemako agenteak bilduko dira bertan. Innobasquek urtero egiten den eta apiriletik uztailaren 31ra arte irekita egon den Berrikuntza Kasu Praktikoen deialdian 78 proposamen jaso ditu. Deialdia azkeneko hiru urteetan eragin positiboa izan duten produktu, prozesu eta negozio-ereduetarako berrikuntzak proposatzen dizuten proiektuei bideratuta dago. Antolakuntzak jasotako proposamenen maila berritzaile handia azpimarratu du.

Berrikuntzaren Euskal Agentziaren batzorde tekniko batek jasotako kasuen artean lagin adierazgarria hautatuko du, eta udazkenean Gipuzkoan egingo den Global Innovation Day jardunaldian aurkeztuko da. Hautatutako kasuek Innobasqueren aldetik laguntza zuzena jasoko dute interes estrategikoko gaietan.

Deialdiaren baldintzak betetzen dituen kasu oro Innobasqueren Berrikuntza Kasu Praktikoen Bankoan sartuko da. Plataforma hori Makina-Erremintaren Bienalean aurkeztu zen eta Euskal Berrikuntzaren Maparen parte da. Euskal Berrikuntzaren Mapa Innobasquek sortutako plataforma bakarra da, Berrikuntzaren Euskal Ekosistemarekin batera, eta soluzioak, eragileen kontaktuak eta kasu praktikoak eskaintzen ditu enpresei berritzen laguntzeko.

Kasu praktiko berritzaileen aniztasuna

Jaso diren hautagaitzen artean honako hauek daude: enpresak indartzeko inbertsio-plataformak, energia-kontsumoa murrizten duten algoritmoak, negozio-eredu garbi eta adimendun berriak, orain arte botatzen ziren animalientzako elikagaiak, pediatriako sendagaien administrazioaren kudeaketa, bezeroen zorroa bikoiztu duen teknologia transferitzeko plana, bost zentzumenak aktibatzen dituzten kontsumo-esperientziak, edo garunak kontrolatzen duen domotika. Hautagaitzen % 53 Bizkaikoak dira, % 31 Gipuzkoakoak, % 15 Arabakoak eta gainerako % 1 beste toki batzuetakoak.

Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak berrikuntza‑maila handiko produktu, prozesu edo negozio-ereduko kasu praktikoak jaso ditu, hainbat tipologiatakoak (besteak beste, enpresa pribatuak, I+G+b arloko agenteak, elkarteak, ikastetxeak, gizarte-entitateak eta administrazio publikoa) eta sektore heterogeneoetako erakundeek aurkeztuak, hala nola, industria aeronautikoa, energetikoa, elikadura-industria, industria kultural eta sortzailea, hezkuntzari eta osasunari lotutakoa, mugikortasun jasangarria, IKT edo logistika.

Proiektuak ebaluatzeko edukiei eta ebaluazioaren kudeaketari lotutako irizpideak kontuan hartuko dira, hala nola proposamenaren izaera estrategikoa, ahalmen sortzailea, lankidetza eta hibridazioa, jarraipena eta sistematizazioa, jasangarritasuna eta bideragarritasuna. Halaber, kontuan hartuko dira emaitzaren adierazleak, hala nola, efikazia, efizientzia, inpaktu-gradua, erreplikagarritasuna, transferigarritasuna eta hirugarrenen aintzatespena. Urriaren 17an jakitera emango da kasuen laginaren osaera, eta Global Innovation Day jardunaldiaren hamaikagarren edizioan izango dugu horiek ikusteko aukera.

Partekatu albiste hau