Berrikuntzaren Euskal Agentziak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistema osatzen duten kolektibo eta erakunde guztietako 258 ordezkari bildu ditu Euskal Berrikuntzaren Pertzepzio Txostenaren laugarren edizioa prestatzeko

Txostenak euskal berrikuntzaren egoera eta etorkizunerako aukerak aztertzen ditu

 ‘Euskal Berrikuntzaren Pertzepzioaren txostena’ eta egin duen 258 aditu-taldea ikusi

INNOBASQUE, 2022ko uztailak 21. Argitaratu berri den “2022 Euskal Berrikuntzaren Pertzepzio Txostenaren” arabera I+G+Bko euskal adituek uste dute I+G+Bko inbertsioa hazi egingo dela datozen hiru urteetan. Laugarren edizio horretan, Berrikuntzaren Euskal Agentziak sortutako Euskadiko berrikuntzaren eta I+G arloaren pertzepzioaren behatokian Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sistemako kolektibo eta erakunde guztietako 258 ordezkarik osatutako panel baten parte‑hartzea izan dute.

Orokorrean, Berrikuntzan Adituen Panel honen ia % 60k uste du I+Gk eta berrikuntzak garrantzi estrategiko handiagoa hartu dutela euskal enpresentzat orain pandemiaren hasieran baino eta aditu gehienek (% 87) uste dute I+G+b inbertsioa 2022 eta 2025 artean haziko dela: % 8k uste du % 6aren gainetik egingo duela; % 40k, aldiz, % 3aren eta % 6aren artean kokatzen dute hazkunde hori, eta % 39k gehienez % 3ra mugatzen du. Horien aurrean, inkestatuen % 11k inbertsioa gaur egungo maila berean mantenduko dela espero du eta % 2k murriztuko dela aurreikusten du. Edonola ere, azpimarratu behar da inkesta 2021 amaieran egin zela, oraindik ez zen Ukrainako gerra hasi eta, beraz, ezinezkoa zen horren ondorio ekonomikoak aurreikustea.

NextGenerationEU funtsei buruzko pertzepzioa

Erakundeen I+G+b-ko inbertsioetan NextGenerationEU funtsen iritsieraren eraginari dagokionez, % 44k uste du neurrizko eragina izango dutela eta % 33k uste du eragina mugatua edo baliogabea izango dela. Soilik % 18k uste du Europako funtsak erabakigarriak izango direla ikerketan eta garape esperimentalean euskal gastua hazteko.

Adituen artean, baikorrenak erakundeetan daude (% 33k uste du EBko funtsek eragin adierazgarria izango dutela eta % 58k uste du neurrizkoa izango dela), ezkorrenak, ostera, enpresa‑ eta ikerketa‑arloan daude: lehenaren % 18k eta ikertzaileen % 15ek soilik uste dute NextGenerationEU bultzada erabakigarria izango dela. Puntu horretan aipatu behar da inkesta PERTEen lehenengo deialdiak ireki baino lehenago egin zela.

Trantsizioei buruzko pertzepzioa

Panelak erabakigarritzat jotzen duena eraldaketa digitala eta trantsizio ekologikoa dira, modu adostuago batean. Adituen % 92k uste du lehenengoaren eragina erabakigarria edo neurrizkoa izango dela euskal berrikuntzan eta % 83k bigarrenari buruz gauza bera uste du. Hortik ondoriozta daiteke zientzia, teknologia eta berrikuntzaren euskal politikaren lehentasunak zeintzuk diren adierazteko orduan bi trantsizioek paperik aipagarriena izatea (% 17,7 ekologikoak eta % 16,5 digitalak), ETE-en berrikuntzaren hazkundea baino lehen (% 12), Zientzia eta Teknologiaren Euskal Saretik ezagutza enpresei transferitzea (% 12), aldaketa demografikoa eta soziosanitarioa (% 10,6), formakuntza eta talentua erakartzea (% 10), oinarri teknologikoko ekintzailetza sustatzea (% 5,2), I+G+b-ren espezializazioa (% 4,3), oinarrizko zientzia (% 3,9), nazioartekotzea (% 3,7) edo nazioarteko konpainien I+G+b-ren tiraketa (% 3,6).

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemari berari buruzko pertzepzioa

Edizio horretan txostenak erakusten du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemak balorazio ona daukala bertan haien lan‑jarduera garatzen dutenen artean, hala ere, nota 2020an baino baxuagoa da. 2020an lortutako batez besteko 6,8a 6,67ra jaitsi da, halere txostenaren hasierako edizioetan erregistratutako noten gainetik dago: 6,38 2016an eta 6,63 2018an. 2020ko emaitzei dagokienez, notak enpresa eta ikertzaileen artean apur bat behera egin badu ere (lehenengo kasuan 6,8tik 6,7ra eta bigarrenean 6,9tik 6,7ra), 6,4tik 7,2ra igo da erakunde‑alorreko inkestatuen artean. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko erakundeen artean aipagarrienak Tecnalia eta UPV/EHU dira, honako hauek jarraitzen diete: Basque Research and Technology Alliance (BRTA), Iberdrola, IK4 desegindako aliantza, Innobasque, Ikerlan, Mondragon Korporazioa, Mondragon Unibertsitatea eta Petronor.

Indargune eta ahulguneei dagokienez, adituek adierazten dute hobetu beharreko alderdiak honako hauek direla: I+G+b-rako finantzazio pribatuaren eskuragarritasuna, euskal I+G+b-ren eraginkortasuna eta hezkuntza‑sistemak gazteak zientzia, teknologia eta berrikuntzarekin lotutako lanbideetarako gaitasun egokietan gaitzeko maila. Bestalde, baloraziorik onena duten alderdiak ikertzaileen gaikuntza eta Euskadin I+G+b-rako finantzazio publikoa egotea da.

258 talenturen diziplina arteko panela

Euskal Berrikuntzaren Pertzepzio Txostena bi urtean behin egiten da, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sistemari buruz esparru horietan ibilbide profesional aitortua duen espezialista talde zabal batek duen pertzepziotik abiatuta.

Berrikuntzan Adituen Panela Innobasquek sortu zuen bere erakunde bazkideekin, berrikuntzarekin eta I+Grekin lotutako alderdi guztiak hainbat espezializazio-arlotatik lantzeko eta adierazleek Euskadin izan duten bilakaera aztertzeko. Bertan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistema osatzen duten kolektibo eta erakunde guztietako 258 ordezkari biltzen dira. Horien artean honako hauek daude: enpresen arduradunak, I+G unitateak eta enpresa‑erakundeak, erakundeen edo entitate sozialen arduradunak, unibertsitateko arduradunak, teknologia zentroetako arduradunak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko beste eragile batzuk, hala nola: Ikerketa Sanitarioko Zentroak (ISZ), Ikerketa Zentro Kooperatiboak (IZK) edo Bikaintasuneko Oinarrizko Ikerketa Zentroak (BOIZ).

Berrikuntzaren Euskal Agentziari buruz

Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentzia aliantza publiko-pribatua da eta kidetutako 913 erakunderen ezagutza, esperientzia eta aniztasuna batzen ditu; euskal I+G arloaen % 62 ordezkatzen dute. Helburua da 2030ean Euskadi Europako berrikuntza‑maila handiena duten herrien artean kokatzea, talentua eta inbertsioa erakartzeko eta aurreratutako gizartea garatzeko estrategia gisa. Horretarako, Innobasquek etorkizuneko joerak identifikatzen ditu, Euskadiko Berrikuntzaren egoera monitorizatzen eta ebaluatzen du, eta honako hauek egiten ditu: enpresei berritzen lagunduz, batez ere enpresa txiki eta ertainei; Europan kokatutako berrikuntza-politikak bultzatuz, euskal I+G+Bren nazioarteko presentzia areagotzeko; gazteen interesa sustatuz STEAM hezkuntzaren bidez; euskal administrazio publikoan berrikuntza sustatuz; berrikuntzan trebatuz eta berrikuntza gizarte osora hurbilduz. Berrikuntzaren Euskal Agentzia 2007an sortu zen Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen eragile gisa.

Partekatu albiste hau