INNOBASQUE, 2021eko otsailaren 4an. Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Innobasquek, Galeseko Gobernuaren laguntzailea den Impact Innovation erakundearekin batera proiektu pilotu bat jarri du abian. Horren helburua da bi eskualdeetako elikadura-industriako eta zibersegurtasuneko sektoreetako enpresen artean berrikuntzari eta hazkundeari buruzko jardunbide egokienak partekatzea. Ekimena abian jarri ahal izateko, parekoen sarea (‘peer to peer’) sortuko dute eta, bertan, enpresa parte-hartzaileek antzeko ezaugarriak, erronkak eta aukerak dituzten beste enpresa batzuk topatuko dituzte beste enpresa batzuek abian jarritako esperientzietatik horiek guztiak lantzeko.

Hala, “P2P BasgeGales”en lehen helburua da sare hori osatzen duten enpresei beren know-howa trukatzeko aukera ematea. Horri esker, beren hazkuntza prozesuetan beste partaideren batek aurretik probatu dituen berrikuntzak praktikak txertatu ahal izango dituzte. Baina, horrez gain, elkarren arteko ezagutza horretatik abiatuta, enpresek berrikuntza-proiektuetan elkarlanean aritzeko edo harreman komertzial berriak hasteko aukera berriak aztertu ahal izango dituzte.

Lehen fasean, Berrikuntzaren Euskal Agentziak eta Impact Innovationek sare pilotu hori osatzen duten sektore eta eskualde bakoitzeko enpresak izendatu dituzte. Euskal Agentziako bazkide diren enpresek programan parte hartzeko zuten interesa egiaztatu ondoren, Agentziak honako hauek gehitu ditu: Helphone, RKL Integral, Serikat eta Global Factory zibersegurtasunaren arloan, eta Bodega Diez-Caballero, La Salve Bilbao, Miba, Xardexka-Grupo Askora eta Barna elikadura-industrian. Bestalde, Impact Innovationek Enclave Networks, Team Metalogic Limited, Wolfberry eta Awen Collective aukeratu ditu Mark Hunter (Totally Welsh), Capestone Organic Poultry eta Pontus Reseach enpresekin batera.

Hala, eta lehen urratsean Euskadiko enpresen artean esperientziak trukatzea bultzatu ondoren, otsailean jarriko dituzte abian Galeseko partaideekin batera egingo dituzten lehen saioak. Topaketak bi hilabetez egingo dituzte. Topaketak amaitzen dituztenean, Innobasquek berriro elkartuko ditu Euskadiko bederatzi enpresa lan-prozesuak ebaluatzeko eta ekintza berriak egiteari dagokionez hobekuntza posibleak identifikatzeko.

Ekimena 2018an sortu zen, Galesek Eusko Jaurlaritzak sortutako Aliantza Estrategikoen Sarean sartzea erabaki zuenean. Aliantzaren helburua eskualde liderrekin mugikortasun, ekonomia eta gizarte arloko proiektuetan elkarlanean aritzea zen. Horrez gain, Jaurlaritzaren, Galeseko Gobernuaren eta Innobasqueren arteko elkarrekintzaren ondorio ere izan da; izan ere, elkarrekin lan egin nahi zuten fabrikazio aurreratuaren arloan eskualdeko berrikuntza-politikako hobetzea xede duen Europako Manumix Interreg Europe proiektuaren baitan.

PARTE HARTUKO DUTEN EUSKADIKO 9 ENPRESAK:

Elikadura:

  • Barna: animaliak elikatzeko irinak eta olioak lortzeko arrain-azpiproduktuen eraldaketa.

  • Bodega Diez-Caballero: familiako enpresa honek oinarri sendoak ditu Eltziegon (Arabar Errioxa) eta ardoak Europara, Estatu Batuetara, Mexikora eta Japonera esportatzen ditu.

  • La Salve Bilbao: aktiboan dagoen bigarren garagardo-enpresa zaharrenaren etapa berria. Zero kilometroko produkzioan espezialistak.

  • Miba: abeletxeetako animaliak elikatzeko produktuak eta pentsua fabrikatzen (konbentzionala eta ekologikoa) dituen nekazaritzako kooperatiba.

  • Xardexka-Grupo Askora: Kontsumitzeko prest dauden edo bosgarren gamako elikagaien produkzio konbentzionala eta ekologikoa (Estatu mailan bakarra). Bere markarentzat zein marka zuriarentzat egiten du lan.

Zibersegurtasuna:

  • Global Factory: datuen babesa (DBLO) eta informazioaren segurtasunaren arloekin lotutako soluzio berriak garatzen eta aplikatzen espezializatuta dagoen aholkularitza-enpresa integrala.

  • Helphone: IT zerbitzuetan, zibersegurtasunean eta 4.0 industrian espezializatutako aholkularitza-enpresa.

  • RKL Integral: istripuen (Safety) eta legez kontrako ekintzen (Security) aurkako segurtasunean espezializatutako ingeniaritza- eta aholkularitza-enpresa.

  • Serikat: Erdhardt Taldeko IKT teknologia-enpresa, informazioaren tratamenduaren bidez bezeroari balioa sortzera zuzenduta dagoena.

PARTE HARTUKO DUTEN GALESEKO 7 ENPRESAK:

Elikadura-industria

  • Capestone Organic Poultry: oilategiko hegaztien landetxe ekologikoa, merkatua Galesetik kanpo zabaldu nahi duena.

  • Mark Hunter (Totally Welsh): esne freskoa botilaratzen eta banatzen duen enpresa honek astero 8.000 bezero ingururi eskaintzen die zerbitzua (ospitaleak, ikastetxeak, auzoko dendak).

  • Pontus Reseach: I+G urtarreko zentroa, txerrien, behien eta hegaztien sektorerako pentsuak produzitzen dituena.

Zibersegurtasuna

  • Awen Collective: ingurune industrialetan segurtasuna bermatzen espezializatuta dagoen enpresa.

  • Enclave Networks Limited: sare seguruak kudeatzeko softwarea garatzen espezializatutako enpresa.

  • Team Metalogic Limited: enpresentzako Interneteko zerbitzuak hornitzen dituen enpresa, asistentzia teknikotik hasi eta segurtasuneko tresnen kudeaketara arte.

  • Wolfberry: enpresen sistemak erasoaldi informatikoetatik babesten espezializatutako aholkularitza-enpresa.

Partekatu albiste hau