Kontsumitzaile berriaren jokabideak -soziala, mugikorra eta nonahikoak- negozio-aukera berriak irekitzen ditu

  • KPMGren arabera, kontsumo-merkatuan dauden aldaketen lastertasunera egokitzeko omninegozio-eredura jo behar da, hots, erabat integraturiko erakundea, teknologia digital bidez gaitua, arretaren erdigunean bezeroa jarriko duena.
  • Iberdrola, Eroski, IMQ, Hermeneus World eta Telefonicak kontsumo-berrikuntzan dituzten jardunbide egokiak ezagutarazi dituzte; eta jardunaldi berean, elikadura-kontsumoan datozen joerak aurkeztu ditu Aztik, eta merkataritza txikiaren erronkak EHUk.

Bilbo, 2017ko otsailaren 28a. Kontsumitzaile berria digitala, soziala eta arduratsua da. Ezaugarri hauek kontsumoaren etorkizunik hurbilena markatuko dute eta, beraz, estrategia eta proposamen berritzaileak diseinatzen dituzten erakundeak arrakastaz lehiatuko dira merkatuan. Horretaz hitz egin da gaur, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Bilbao Ekintzarekin lankidetzan, antolaturiko “Kontsumoan berrikuntza” jardunaldian, “Innobasqueren Astearteak” zikloaren barruan.

Jardunaldian izan dira Carlos Fernández Guerra, Iberdrolako Digital and Social Mediako zuzendaria; Cosme Carral, KPMGren arduraduna Euskadin; Sonia Riesco, Aztiko Joeren Behatoki eta Berrikuntza arduraduna; Eduardo Bartolomé, Telefonicako Bizkaia Open Futureko arduraduna; Javier Garate, IMQeko Antolaketa eta Sistema zuzendaria; Esther Sáenz de Vicuña, Eroskikoa; Pilar Zorrilla, UPV/EHUko irakaslea, merkataritza txikian espezialista; Eduardo Elorriaga, Hermeneus Worlden sortzailea eta CEO; Nora Sarasola, Bilbao Ekintzako zuzendaria; eta Txema Villate, Innobasqueko zuzendari nagusia.

Kontsumo-enpresek 2018rako dituzten hamar lehentasunak azaldu ditu KPMG aholkularitza-enpresak, kontsumo-enpresa handietako 400 zuzendari baino gehiagori eta 7.100 bezerori kontsulta egin ondoren. Espainiaren kasuan, lehenengo hiru lehentasunak dira bezeroa fidelizatzea, sare sozialen erabilera, eta langileen artera talentua erakarri eta atxikitzea. Ondoren, kontsumitzaile eta hornitzaileekin kolaboratzea; kontsumitzailearen eta produktuaren osasuna bermatzea; kontsumitzaile, hornitzaile eta bazkideen artean konfiantza sortzea; eredu omnikanal integratuagora joatea; eraldaketa digitala sustatzea; bezeroaren zerbitzua eta esperientzia hobetzea; baita hornikuntza-katearen erantzuteko gaitasuna ere. Carral-ek nabarmendu du kontsumo-merkatuan dauden aldaketen egungo lastertasunera egokitzeko omninegozio-eredura jo behar dela, hots, erabat integraturiko erakundea, teknologia digital bidez gaitua, arretaren erdigunean bezeroa jarriko duena.

Ildo beretik mintzatu da Pilar Zorrilla, UPV/EHUko Marketin irakaslea; tokiko merkataritzak aro omnikanalean dituen erronka digitalak aztertu ditu, non “konektibitate-eztanda” baitago, eta datu askotara sarbidea esan nahi du horrek, mundua digitala, soziala eta mugikorra baita. Bezeroak erabakiko du noiz eta zein kanalen ─denda fisiko, telefono adimendun, tablet, ordenagailu edo besteren─bidez eskuratu produktua edo zerbitzua. Erronka zera da: nola sortu bezero-esperientzia testuinguru omnikanalean, non denda fisikoak esperientzia-edukiontzi izateko joera baitu, adibidez Trimmer, Trikitoki Bilbon, Supersonido Getxo, Bilbo eta Bartzelonan, edo Noventa Grados Donostian.

Telefonicako Bartolomék, hain zuzen ere, aztertu du nola eman bezero-esperientzia bere harreman guztietan eta kanal guztien bidez, erakarpen, salmenta eta fidelizazio faseetan, etorkizuneko jokabideak baldintzatuko dituzten emozioak sortuz. Honela, kontsumitzailea teknologia erabiltzera bultzatu dute ohitura berriek, eta etengabeko harremanean dago teknologia horrekin, produktuak eta zerbitzuak edozein momentu eta lekutan aurkitzea espero duelarik. Eta arazoren bat baldin badu edo atsegin badu, sare sozialetan partekatuko du, non bere konfiantzako zirkuluak hartuko duen.
Hain zuzen ere, gai horretan sakondu du Carlos Fernándezek, Iberdrolako Digital and Social Mediako zuzendariak, eta sare sozialen zeregina aztertu du markekin engagement lortzeko, beraien inguruan komunitateak sortu eta sendotuz. Fernández Polizia Nazionalak sare sozialetan izandako arrakastaren erantzule da, munduan lider bihurtu zuelarik Polizia Twitterreko erabiltzaile kopuruari dagokionez (gaur egun 2,5 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu), garaturiko ekintza eta edukiengatik mundu osoan erreferente bat, eta arrakasta-eredu gisa aztertua.

Bestalde, datozen urteetan munduan elikaduran eragin handiena izango duten bederatzi kontsumo-joeraren berri eman du Aztiko Riescok. Hiri-bizitzaren erritmoaren premietara egokituriko elikadura izango da, osasunaren eta ingurumenaren begiruneaz kontzientzia handiagoa, pertsona bakoitzaren premia berezietara egokituriko elikagaien eskaria, eta janaria atsegin- eta entretenimendu-iturritzat hartzea. Joera hauek hedatu eta sendotu egingo dira datozen urteetan: elikadura igarokorra, elikaduraz kontzientzia, osasun pertsonalizatua, neure neurrira, sinplea eta burutsua, jatorria garrantzitsua da, elikadura-esperientzia, parte-hartzea eta kontzientzia. Eroskiko Sáenz de Vicuñak azaldu du Eroski nola ari den kontsumitzaile digital, sozial eta arduratsu berriek eskaintzen dituzten aukera edo abaguneak aprobetxatzen. IMQ-k, berriz, bezero-esperientzia pertsonalizatuz egiten du hori.

Azkenik, Hermeneus Worldeko Elorriagak azaldu duenez, ETE eta mikroETEen digitalizatze-prozesua erraza izan daiteke irtenbide eraginkor eta kostu txikikoen bidez (digital markets), kontsumo arduratsuko online komunitateak sortzea ahalbidetzen dietelarik.

Jardunaldi hau “Innobasqueren Astearteak” topaketen barruan kokatzen da; ekinbide honekin Innobasquek berrikuntzaren protagonistei dei egiten die, hilero, dibulgazio-foro ireki batera, euskal berrikuntza jendearen, erakundeen eta hedabideen begiradapean jartzeko.

Partekatu albiste hau