EAEko Berrikuntzaren Gidaliburuak”, Estrategia Empresarial-ek Innobasquerekin lankidetzan eginak, garapen-eredu berri baten eraikuntza erakusten du Berrikuntzaren Euskal Sistemak 2007tik 2016ra izandako lorpen nagusien bidez.

  • Aurkezpenean, Alberto García Erauzkinek, Innobasqueko presidenteak, esan du “berrikuntzan lider izan nahi badugu beste sprint bat egin behar dugula 2007koa bezalakoa, Berrikuntza Funtsa sortu eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseilua eratu zelarik orduan”.
  • Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak, eman dio amaiera ekitaldiari.

 Bilbo, 2016ko abenduaren 20a. EAEko Berrikuntzaren Gidaliburuaren hamargarren edizioa, Estrategia Empresarialek InnobasqueBerrikuntzaren Euskal Agentziarekin lankidetzan egina, gaur aurkeztu da Guggenheim Bilbao Museoan. Argitalpenak, bere 168 orrialdeetan zehar, Euskadik azken hamar urteotan izandako bilakaeraren panoramika osoa errepasatzen du, eta berrikuntzan oinarrituriko garapen-ereduaren eraikuntza azaltzen du, Berrikuntzaren Euskal Sistemaren gaitasun eta lorpen nagusien bidez. Ekitaldiari hasiera Alberto García Erauzkinek, Innobasqueko presidenteak, eman dio, eta “beste sprint bat eskatu du berrikuntzan jauzi handi bat egiteko, duela 10 urte bezalakoa, Berrikuntza Funtsa sortu eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseilua eratu zelarik orduan”. Jose Ignacio Arrietak, Editora del País Vasco 93-ko lehendakariak, Estrategia Empresarial-eko arduradunak, “autoatseginean erortzetik urrun”, gidaliburua “euskal berrikuntzarako akuilu” dela esan du. Bertan, Euskadiko berrikuntzan garrantzitsuak diren pertsonak agertzen dira beren iritzia ematen, adibidez, Iñigo Ucín, Mondragon Korporazioko lehendakaria; Azucena Castro, zientzialaria eta OWLeko zuzendaria; Joseba Jauregizar, Tecnalia Teknologia Korporazioko zuzendari nagusia edo Pedro Miguel Etxenike, Donostia International Physics Center, DIPCeko zuzendaria. Eusko Jaurlaritzako azken hiru lehendakarien gogoetak ere agertzen dira. Eusko Jaurlaritzaren egungo arduradunak, Iñigo Urkulluk, argitalpenaren orrialdeetan aitortzen duenez, “berrikuntza da Euskadiren etorkizuneko estrategiaren erdigunea. I+G+b euskal sistemaren arrakasta lankidetzan eta hainbat eragileren ekarpenak koordinatzean datza”.

Berrikuntzaren 2016  Gidaliburuaren aurkezpenean, berrikuntzak fabrikazio aurreratuan, osasunean, energian, zientzian, teknologian, IKTetan, hezkuntzan, ikerketan edo marketinean eragindako eraldaketa azaldu dute hamar erakundek. Horren haritik, Javier Lauzirikak, IK4 Research Allianceko zientzia- eta teknologia-zuzendariak, fabrikazio aurreratuaren eragina izan du hizpide goi-mailako teknologia-berrikuntzaren bost arloetan: automobilgintza, makina-erreminta, altzairua, material metalikoa eta aeronautika. José Luis Villatek, Tecnaliako Marine Energyko zuzendariak, offshore energiak industria-ehunarentzat duen eraginaren eta abaguneen ikuspegia eman du. Bestalde, Julio Arrizabalaga, Biodonostiako zientzia-zuzendaria, osasunaren eremuko ikerketaz eta berrikuntzaz aritu da. María Teresa Ojangurenek, Lauaxeta Ikastolako zuzendariak, hezkuntza-eredua nola aldatu den azaldu du eta, bereziki, ikastetxe hau Espainiako 100 ikastetxe berritzaile onenen artean laugarren tokian egotea eragin duten gakoak.  Fernando Plazaolak, UPV/EHUko ikerketa-errektoreordeak, euskal zientziak azken hamarkadan izan duen bilakaera bikaina azpimarratu du. Jarraian, Ander Garcíak, Drone by Droneren sustatzaileak, duela 10 urte ezagutu ere egiten ez ziren tresna hauen ahalmen eta gaitasunak azpimarratu ditu. Horixe da big data-ren kasua, Alex Rayónek, Deustuko Unibertsitateko Kanpo Harremanetarako eta Etengabeko Prestakuntzarako dekanordeak, gogorazi duen bezala, bere Unibertsitateak lankidetza teknologikorako hitzarmena sinatu berri duelarik Eroskirekin. Kooperatiba honetako Asun Bastidak, bertoko produktuen zuzendari komertzialak, azaldu du markak nola indartu duen bere konpromisoa tokiko garapenarekin, eragin garrantzitsua sortuz lehen sektorean. Jarraian, Jon Fernándezek, Orbeako zuzendariak, bizikleta estandarizatutik pertsonalizaturako aldaketa azaldu du, erabiltzailea prozesuan sartzea ahalbidetzen duen berrikuntza irekiari esker. Azkenik, Karmele Agirrezabalak, Kutxabankeko Berrikuntza eta Kanaletako zuzendariak, bere hitzaldia finantza-munduaren digitalizatzean, bezeroarekiko harremana pertsonalizatzean eta big datan ardaztu du.

Jardunaldiari amaiera Arantxa Tapiak eman dio, eta argitalpenaren orrialdeetan esaten du Berrikuntzaren Euskal Sistema hobetzeko “egiten dugun inbertsioaren truke lortzen dugun itzulkina zein den aztertu behar dela”. Funtsezkoa da “eraginkortasuna aztertzea”, hau da, “proiektuak zer itzulkin izan duen neurtzea: enplegu berritan, produktu berritan, prozesuetan, edo sortu diren zerbitzuetan, zer fakturazio-maila izan duen…”. Prestakuntza ere aztertzen du sailburuak, eta uste du eremu honetan “lan-eremu garrantzitsua daukagula”, zeren eta “herrialde honek zientzia eta teknologia-karreretan prestaturiko pertsonak behar baititu… lanbide hauetarako enplegu-eskaria bai, baina eskaintzarik ez baitago.” Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaio “gazteei transmititzea zein diren herrialde gisa interesatzen diren profilak”.

Jardunaldi hau Innobasqueren Astearteak topaketen barruan kokatzen da; ekinbide honekin Innobasquek berrikuntzaren protagonistei dei egiten die, hilero, dibulgazio-foro ireki batera, euskal berrikuntza jendearen, erakundeen eta hedabideen begiradapean jartzeko.

Partekatu albiste hau