Bilbo, 2016ko urtarrilaren 18a.- Mari Jose Aranguren Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko zuzendari nagusiak (Deustuko Unibertsitatea) eta Txema Villate Innobasque-Berrikuntzako Euskal Agentziako zuzendari nagusiak lankidetza hitzarmen estrategikoa sinatu dute gaur, Euskadiko lehiakortasun eta berrikuntza politikak eta politika horiek euskal ekonomian duten eragina ebaluatzeko. Akordioari esker, bi erakundeek zientzia, teknologia eta berrikuntzako politika publikoen eta Berrikuntzako Euskal Sistemaren ebaluazio sistematikoa egitea espero da, Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planeko helburuen baitan.

Gaur hartutako konpromisoari erantzunez, bi erakundeek elkarrekin egingo dute lan ebaluatzeko metodologiak sustatzeko eta ezartzeko, eragin handiagoko politikak sortzeko helburuarekin gure lurraldean. Lankidetza horren helburua izango da herri administrazioari laguntzea Berrikuntzako Euskal Sistemaren behar nagusiak identifikatzen, Euskadi 2020 ZTBPean zehaztutako helburuak aintzat hartuta.

Ildo horretatik, Innobasquek politikak, programak eta tresnak ebaluatzearen inguruan duen jakitea eskainiko du, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana diseinatzen eta ezartzen eskuratutako esperientzian oinarri hartuta, baita Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea berrantolatzeko prozesuari egindako ekarpena ere. Bestalde, Orkestrak lurralde estrategiak, espezializazio adimenduneko estrategiak eta eskualdeko lehiakortasunari eta berrikuntzari laguntzera bideratutako politikak eta tresnak ebaluatzerakoan duen esperientzia eskainiko du.

Mari Jose Arangurenek adierazi du hitzarmenak “bi erakundeek ebaluazioaren esparruan dituzten gaitasunak batzen” dituela, “horrela, Euskal Autonomia Erkidegoak esparru horretan dituen beharrei hobeto erantzuteko eta, bide horretatik, gure lurraldearen lehiakortasuna etengabe hobetzen jarraitzeko”.

Txema Villatek, bestalde, azpimarratu du “aurrera egin behar dela ebaluazioaren kulturan, horrela zientzian, teknologian eta berrikuntzan egindako inbertsioen emaitzak eta benetako eraginak ezagutzera iritsi ahal izateko. Izan ere, neurtzen ez dena ezin da hobetu”.

Orkestra eta Innobasque etengabe aritu dira elkarlanean, bi erakundeak sortu zirenetik, 2006an eta 2007an, hurrenez hurren. 2008an, hitzarmena sinatu zuten modu aktiboan lan egiteko Euskadiren bigarren eraldaketa ekonomikoa bultzatzen eta garatzen.

 

Orkestrari buruz

Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutua ikerketa zentro bat da, Deustuko Unibertsitateari atxikia, Unibertsitateko Fundazioaren bidez. Lehiakortasuna eta lurralde garapena ditu aztergai, hiru helbururekin: (1) Euskal Autonomia Erkidegoko lehiakortasuna areagotzeko lan egitea; (2) herritarren ongizatea hobetzen laguntzea; (3) eskualdeko lehiakortasunari buruzko jakintza sortzea. 2006an sortua, Orkestrak ikerketa eraldatzailea bultzatzen du. Horren ezaugarri dira analisia, gogoeta, ebaluazioa eta erronkei aurre egiteko erantzun berritzaileak ematera bideratutako ekintzen proposamena. Orkestrak finantzaketa publiko-pribatua du, eta askotariko sare, enpresa, gobernu, erakunde eta proiektuekin lan egiten du, beti ere, azken helburua lurraldearen ekonomia eta gizarte ongizatea izanik.

Innobasqueri buruz

Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentzia Zientzia, EAEko Teknologia eta Berrikuntza Sareko eragile berezia da, 1.000 erakunde bazkide baino gehiagok osatzen dute. Irabazi asmorik gabeko onura publikoko elkarte pribatua da. Aliantza publiko pribatu honetan parte hartzen dute enpresek, erakunde publikoek, eragile zientifiko-teknologikoek eta gizarteak, oro har. Elkarrekin, gizartea eta ekonomia eraldatzeko prozesua bultzatzea dute helburu, berrikuntzan oinarri hartuta, Euskadi gizarte berritzailea izan dadin, esparru guztietan. Innobasque 2007an sortu zen, Eusko Jaurlaritzaren ekimenez. Hain zuzen ere, hari laguntza ematen dio berrikuntza politika berriak diseinatu, ezarri eta bultzatzerakoan. 

Prentsa-oharra(PDF, 544 Kb)

Partekatu albiste hau