“Euskadiko Berrikuntzaren Gidaliburuak”, Estrategia Empresarial-ek Innobasquerekin lankidetzan egin eta gaur arratsaldean aurkeztuak, euskal berrikuntzaren ibilbidea jasotzen du, Berrikuntzaren Euskal Sistemaren lorpen nagusien bidez, hau da, 146 orrialdeetan agertzen diren 200 erakunde baino gehiagoren kasuen bidez.

      • Ekitaldiari hasiera Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasunerako sailburuak, Arantxa Tapiak, eman dio, eta argitalpenean berak dioenez, “etapa berriari ekin diogu, eta orain teknologikoa ez den berrikuntza, parte-hartzea eta ikertzaileen aintzatespena, baita eragileen arteko lankidetza ere, funtsezkoak izango dira”.
      • Markel Olanok, Gipuzkoako foru-ahaldunak, eman dio amaiera aurkezpenari, non tradiziozko euskal erakundeek eta sortu berriek erakutsi duten nola ari diren Euskadiko industria-pizkundeari laguntzen espezializazio-adimendunaren estrategia bidez, hazkunde iraunkorrean oinarrituta.

    Prentsa-oharra (PDF, 544 Kb)

    Donostia, 2016ko urtarrilaren 12a. Euskadiko Berrikuntzaren Gidaliburuaren bederatzigarren edizioa, Estrategia Empresarialek Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin lankidetzan egina, gaur arratsaldean aurkeztu da Donostiako Tabakaleran-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan. Ekitaldiari hasiera Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasunerako sailburuak, Arantxa Tapiak, eman dio, eta amaiera, berriz, Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Markel Olanok. Bertan parte hartu dutenak hauek izan dira: Alberto Garcia Erauzkin, Innobasque– Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidentea; Roberto Urkitza, Estrategia Empresarial-eko kontseilari delegatu-zuzendaria; Begoña Molinete, Energia Clusterreko proiektu-arduraduna; Javier Mariño, Koopera-ko gerentea; Juan Otegi, IK4-ko Merkatu zuzendaria; Jesús Martínez, Gerokon-eko bazkidea; Iñaki Bartolomé, Ideable Solutions-eko zuzendari nagusia; Carmen Gelbenzu, Eroskiko Formatu Garapen zuzendaria; Malen Sarasua, Leartiker-eko ikertzailea; Felix Saenz de Ugarte, Urkide Ikastetxeko Kalitate arduraduna; Daniel del Río, Bizintek-eko zuzendari nagusia; Silvia de la Maza, Innovalia-ren Madrilgo ordezkaritzako zuzendaria; eta Roberto Gómez de la Iglesia, C2+i-ko zuzendaria.

    Euskadiko Berrikuntzaren Gidaliburuak, bere 146 orrialdeetan, Berrikuntzaren Euskal Sistemak 2015ean izandako lorpen nagusien ibilbidea egiten du, 200 erakunde baino gehiagoren kasuen bidez eta pertsona ospetsu eta itzal handikoen hitzen  bidez, eta hauen artean daude, esate baterako, Carlos Moedas, Ikerketa, Zientzia eta Berrikuntzako europar komisarioa; Ines Anitua, Acicae eta AIC-eko zuzendari nagusia;  Borja Cazalis, Lantegi Batuak-eko Negozio Proiektu Berrien koordinatzailea; Sabin Azua, B+I Strategy-ko bazkide zuzendaria; UPV/EHU, Deustuko Unibertsitate eta Mondragon Unibertsitateko errektoreak; edo IK4 Research Alliance eta Tecnalia-ko zuzendari nagusiak. Panoramika honek erakusten du euskal berrikuntzak garapen adimendun eta iraunkorra, jendearen ongizatea bermatuko duena, bilatzen duen estrategiari erantzuten diola.  

    Jardunaldiari hasiera Arantxa Tapia sailburuak eman dio, eta argitalpenaren orrialdeetan “lehiarako sorkuntza eta ekarpenean jauzi kualitatiboa ematera bultzatzen du”, eskakizun-maila areagotuz. “Lehentasuna Euskadiko industria-ehunaren lehiakortasuna aberastea da, enpresa txiki eta ertainena, batez ere”. “Etapa berriari ekin diogu, eta orain teknologikoa ez den berrikuntza, parte-hartzea eta ikertzaileen aintzatespena, baita eragileen arteko lankidetza ere, funtsezkoak izango dira”, aurreratu du.

    Bestalde, Markel Olanok, Gipuzkoako ahaldun nagusiak, azpimarratu duenez, “Gipuzkoak bere BPGren %2,2 inbertitzen du I+G+b-n, eta 5.000 ikertzaile baino gehiago ditu lurraldean; eta Gipuzkoako enpresak daude I+G-n gehien inbertitzen duten Europako enpresen artean. Ingurune hau Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sisteman oinarritzen da, ezagutza-metaketako estrategia bateratuari erantzuten diolarik, baina horren transferentzia optimizatu eta indartu egin behar da balio ekonomiko eta sozial handiagoa sortzeko”.

    “Hobetzeko marjina daukagula” eta “ikerketa, teknologia, enpresa eta gizartea hobeto konektatuz berrikuntza berritu behar dela” aitortu ondoren, Alberto Garcia Erauzkinek, Innobasqueko presidenteak, Berrikuntzaren Euskal Agentziak orain hasten duen hirugarren zikloan gainditu beharreko hiru erronkak aurreratu ditu: “gure rola sendotzea zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-politiken laguntza estrategiko gisa, eta Berrikuntzaren Euskal Sistema bultzatu, monitorizatu eta ebaluatzeko tresna gisa. Bigarren, Innobasqueren balioa optimizatzea, Euskadiko berrikuntzaren zerbitzura dagoen lankidetza publiko-pribatuaren eragile gisa. Eta azkenik, gure bazkideen ahalmena areagotu, dibertsifikatu eta indartzea”.

    Roberto Urkitzak, Estrategia Empresarial-eko kontseilari delegatu-zuzendariak, nabarmendu du Berrikuntzaren bederatzi gidaliburuek, aurreko zortziek eta 2015eko edizio honek, “beharrezko ikuspegia eskaintzen dutela esateko denboraldi honetan egindako bidea egokia izan dela”, zeren eta “hasi duela 30 urte baino gehiago eta Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planeraino, berrikuntza etengabea izan baita”.

    Berrikuntza denboran iraunkorra

    Argitalpena aurkezteko ekitaldian, tradizioa duten enpresek eta sortu berriek erakutsi dute nola ari diren laguntzen Euskadiko industriaren pizkundean, hazkunde iraunkorrean oinarrituriko espezializazio adimendunaren estrategia bidez (Windbox, Energia Clusterrarena; Ekolabora, Koopera-rena; eta i-Sare Microgrid Gipuzkoa, IK4 Research Allliance-rena), osasun arloan (Kwido, Ideable Solutions-ena; eta Puntuan, Gerokon-ena), eta abagune-nitxoetan, adibidez, elikaduran (Eroski Zurekin, Eroskirena; eta  Gaxure, Leartiker-ena) edo sormenaren industrietan (Technarte, Innovalia-rena: eta Hibrilaldiak, C2+i-ena). Apustu honek prestakuntza handiko jendea eskatzen du, XXI. mendeko erronketara egokitutako prestakuntzaz hornitua. Horretarako, hezkuntza-sistemaren inplikazioa beharrezkoa da talentu hau garatzeko (Recréate, Colegio Urkide-rena; eta Moway, Bizintek-ena).

    Jardunaldi hau “Innobasqueren Astearteak” topaketen barruan kokatzen da; ekinbide honekin Innobasquek berrikuntzaren protagonistei dei egiten die, hilero, dibulgazio-foro ireki batera, euskal berrikuntza jendearen, erakundeen eta hedabideen begiradapean jartzeko.

    Partekatu albiste hau