Smart city-ak teknologia-zentro, enpresa, herritar eta herri-administrazioekin lankidetzan ari dira konponbide berritzaileak diseinatuz zenbait erronkari -iraunkortasun, baliabide-eskasia, parte-hartze edo segurtasunari- erantzun eta jendearen bizi-kalitatea hobetzeko.

  • Donostia, Gasteiz, Bilbo eta Bartzelonak gauzatzen ari diren hiri berritzaileen ereduak eta estrategiak eman dituzte ezagutzera.
  • “Hiriak eta Berrikuntza” jardunaldian, Innobasquek Donostiako Sustapenarekin lankidetzan antolatuan, energia-eraginkortasuneko proiektuak aztertu dira (Urb-Grade), hutsik dauden lekuen erabilera (Hiri Space Salburua) eta ekosistema berritzaile alternatiboen sorkuntza (Cross).

Prentsa-oharra (PDF, 544 Kb) Argazkia

Donostia, 2014ko urriaren 28a. Hiriak estrategia berritzaileak diseinatzen eta hartzen ari dira hiri adimendun (smart city) bihurtzeko, eta zenbait erronkari -iraunkortasunari, baliabide-eskasiari, segurtasunari, langabeziari edo parte-hartzeari- aurre egin ahal izateko. Horiek lortzeko, teknologia-zentro, enpresa eta herritarrekin lankidetzan aritzen dira zenbait ekinbide garatzeko, adibidez gaur ezagutzera eman direnak: Urb-Grade, argiteria publiko adimenduna Eibarren; Hiri Space Salburua, Gasteizen hutsik dauden merkataritza-lokalei erabilera emateko; edo Cross, ekosistema berritzaile alternatiboak sortu nahi dituena.

Parte-hartzaileak hauek izan dira: Consuelo Fernández, Bartzelonako Udaleko Berrikuntza, Ezagutzaren Gizarte eta Arkitektura zuzendaritzaren albokoa; Josu Santacruz, Bilboko UdalaCimubisako Smart City-en arduraduna; Juan Castro, Gazteizko Udaleko Plangintza zerbitzuburua; Euken Sesé eta Iñigo Olaizola, Donostia Sustapenako Proiektu eta Berrikuntzako zuzendaria eta arduraduna, hurrenez hurren; Aitor Alzaga, IK4-Tekniker-eko teknologia zuzendariordea; Jesús de la Quintana eta Maite Moreno, Tecnaliako Hiri Konponbideetan Garatzen ari diren Ekinbideen liderra eta Teknologia eta Gizarte negozio-arloko zuzendaria, hurrenez hurren;  Lauren Arrizabalaga, SSLK Sarkis Lagunketa taldeko presidentea, eta Txema Villate, Innobasqueko zuzendari nagusia.

Hiru euskal hiriburuetako, Bilbo, Gasteiz eta Donostiako, hiri berritzailearen ereduek elikatzen dituzte smart city-en estrategiak berrikuntzan eta teknologietan. Honela, Bilbok zerbitzu teknologiko adimendunaren eta espezializazio ekonomiko aurreratuen aldeko apustua aurkeztu du jardunaldian; Gasteizek bere herritarren ongizatearen bilaketa azpimarratu du; eta Donostiaren aurkezpenean hiria berrikuntza-laborategi gisa aurkeztu da. Bestalde, Bartzelonaren kasua zerbitzuen kudeaketan irtenbide berritzaileak aplikatzera eta bertan bizi direnen bizi-kalitatea hobetzeko baliabideetara bideratuta egon da.

Gero, proiektu berritzaileak aurkeztu dira, adibidez Hiri Space Salburua, Gasteizko Salburua auzoko merkataritza-guneetan hutsik dauden lokalak aktibatzea proposatzen duena. Eraiki berriak diren auzoetako asko lotarako hiri bihurtu dira, kaleetan ekonomia- eta gizarte-jarduera txikiarekin eta hutsik dauden lokalen ehuneko handiarekin, eta beraz horietan beste aukera batzuk bilatu beharra dago jarduera sortzeko. URB-Grade argiteria adimendunerako ekinbidea da, energiaren kontsumoa eraginkortasunez eta modu errentagarrian hodeitik kontrolatu eta kudeatzeko gai dena. Proiektu honen adar batean aparkalekuen kudeaketa sartuko litzateke, gune publikoen mantentzea, etab. Eibarko Udala, Danimarkako beste udalerri batekin batera, proiektu hau probatzen ari da, IK4 Tekniker-en eta Europako beste erakunde batzuen laguntza duena. Azkenik, Cross (Citizen Reinforzing Open Smart Synergies) Europako Batasunak kofinantzaturiko proiektua da, berrikuntzako ekosistema alternatiboak sendotzera bideratua, “ekonomia-krisitik sorturiko erronka eta zailtasunei aurre egiteko”. Sevillak badu ekinbide honen proba pilotu bat Tecnaliaren eskutik, Erroma, Torino eta Manchester-ekin batera.

Jardunaldi hau Donostia Sustapenak bultzatzen duen Berrikuntzaren Astearen parte da, eta Innobasqueren Astearteak programaren barruan kokatzen da; ekinbide honekin Innobasquek berrikuntzaren protagonistei dei egiten die, hilero, dibulgazio-foro ireki honetara, euskal berrikuntza jendearen, erakundeen eta hedabideen begiradapean jartzeko

Partekatu albiste hau