Pertsonen sorkuntza, ezagutza, erlazio eta emozioen arloko ahalmenak erakundeen lehiakortasuna hobetzen laguntzen du, azaldu diren 6 jardunbide egokien bidez frogatu ahal izan den bezala.

  • Adimen Emozionalaren Partzuergoa (CIE) emozioaren eta lankidetzaren teknologiez (ELT) baliatzen da, pertsonen eta hauen inguruneen eraldaketan laguntzen duten gaitasun sozio-emozionalak garatzeko.
  • “Berrikuntzan emozioen kudeaketarekin” jardunaldia Consorcio de Inteligencia Emocional-ek eta Innobasquek antolatzen dute, Gasteizko Udalaren laguntzaz.

Prentsa-oharra (PDF, 544 Kb) Argazkia

Gasteiz, irailaren 30a. Erakundeen lehiakortasuna eta gaitasun berritzailea areagotzeko, eta balio bereizlea pertsonetan dagoenez, sorkuntza, ezagutza, erlazio eta emozioen arloko ahalmena elikatzea komeni da. Hori jarri da agerian gaur goizean “Berrikuntzan emozioen kudeaketarekin” jardunaldian aurkeztu diren arrakastazko sei euskal kasuen bidez. Ekitaldia Gasteizen izan da Innobasqueren Astearteak programaren barruan, Consorcio de Inteligencia Emocional-ek eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatuta, Gasteizko Udalaren laguntzaz.

Saioan izan dira Cristina Zurita, Adimen Emozionalaren Partzuergoako idazkari nagusia; Javier Bárez, Gasteizko Udaleko Kalitate Kudeaketan teknikaria; Ramón Touzón, Gasteizko Udaltzangokoa; Agustin Agirre, La Asunción klinikako zuzendari medikoa; Jacob Gil, Gorabideko Pertsona zuzendaria; Maria Teresa Ojanguren, Lauaxeta ikastolako zuzendaria; Ibon Urretabizkaia, Urrezabal Elektrizitateko gerentea; Rogelio Fernández, Deustuko Unibertsitateko ikertzailea eta aholkularia; Tomas Elorriaga, Banpro Innovación y Personas-eko zuzendaria; eta Txema Villate, Innobasqueko zuzendari nagusia. Emozioen kudeaketan beren jardunbide egokien kasuak azaldu dituzte guztiek, eta horien bidez garbi geratu da osasun emozionalak enplegatuen lan-gogobetetasunari eragiten diola, errendimenduari eta ikasteko gaitasunari beste.

Adimen Emozionalaren Partzuergoek, Innobasqueren baitan sortu baina gaur egun independentea den erakundeak, azaldu duenez, pertsonen eta horien inguruneen eraldaketan lagunduko duten gaitasun sozio-emozionalak garatzeko beraiek ELT (emozio eta lankidetzaren teknologiak) deitzen dituztenak erabili beharra dago. Garapen pertsonal eta profesionalerako, berrikuntzarako, eraldaketarako eta talde-lanerako ezagutza, trebakuntza emozionala eta gaitasun sozio-emozionalak bultzatzen dituzten tresnak, dinamikak eta metodologiak dira.

Horietaz baliatu dira adimen emozionala arrakastaz aplikatu duten 6 erakundeak. Adibidez, Ibon Urretabizkaiak, Urrezabal Elektrizitateko gerenteak eta Instagi-Gipuzkoako Instalazio eta Mantentze-lanetako Enpresen Elkarteko batzorde betearazleko kideak, Elkano programaren -sektoreko mikroenpresetan gaitasun emozionalak garatzeko programaren- berri eman du. Proiektuak aldaketarako erresistentzia, harremanetarako ingurune osasungarriak sortzea, aldatu ezin diren gauzak badirela onartzea edo pertenentzia-sentimendua jorratu zituen proiektuak. Belaunaldien txandakatzea izan zen landutako beste gai bat, gai konplexua: enpresaren hurrengo faserako behar den lanbide-profila abiarazteko behar den berbera ez dela onartu behar da, beste zailtasun batzuen artean.

Bestalde, narratibak adimen emozionalaren tresna gisa nola aplikatu zituzten kontatu du Gasteizko Udaltzaingoak, agenteek beren eta eguneroko harremanetan inguruan dituztenen emozioak erregulatu eta zuzentzeko. Gipuzkoako Tolosako La Asunción klinikako langileek ere muturreko egoerak bizi izaten dituzte, eta arlo honetan prestakuntza jaso dute egunero bizi behar dituzten emozioak erarik egokienean kudeatu ahal izateko.

Lauaxeta ikastolak, EFQM kudeaketaren bikaintasunean Europako saririk handiena lortu duen Espainiar estatuko erakunde bakarrak (2007) eta ikasgeletan adimen emozionala sartzen aitzindariak, ikastetxea hezkuntza- eta kudeaketa-proiektuan sartuz joan den emozioei buruzko ikuspegiak azaldu ditu. Honela, ikasleen ikaskuntza-prozesu guztietan, irakasleen garapen profesionalean eta zuzendaritzaren aldetik erabaki estrategikoak hartzerakoan inplikaturiko alderdi emozionalak ezagutzeak erakundean berrikuntzak inplementatzea errazten du.

Bizkaian adimen-urritasuna dutenen aldeko Gorabide elkarteak gaitasun-ebaluaziorako sistema bat  hartu du, jarrerazko gaitasunetan oinarritua eta ez gaitasun teknikoetan, horrela gehiago baloratzen baita nola egiten diren gauzak eta ez zer  egiten den. Honela, eraldaketa eta garapen pertsonal eta profesionaleko prozesu batera iristen da, eta prozesu horretan langileen zerbitzura jartzen da laguntzaile bat (barrukoa edo kanpokoa), coach lanak egin ditzan.

Ondoren, Rogelio Fernándezek, Deustuko Unibertsitateko ikertzaileak eta aholkulariak, konfiantzaren garrantzia azpimarratu du, lidergoaren estilo berriaren –lankidetzazko lidergoaren– oinarri gisa. Tomas Elorriagak, Banpro Innovación y Personas-eko zuzendariak, errendimendu handiko lantaldeetan ezagutzaren langilearen emozioez hitz egin du.

Jardunaldi hau “Innobasqueren Astearteak” topaketen barruan kokatzen da; ekinbide honekin Innobasquek berrikuntzaren protagonistei dei egiten die, hilero, dibulgazio-foro ireki honetara, euskal berrikuntza jendearen, erakundeen eta hedabideen begiradapean jartzeko.

Partekatu albiste hau