Gaur Innobasquek antolaturiko “Irtenbide berritzaileak matematikatik” jardunaldian, matematika-zientziak, irtenbide berritzaileen bidez, enpresa eta erakundeei nola laguntzen dien erakutsi da.

  • Datu-meatzaritza (data mining), estatistika, logistika, biobotikak, meteorologia, marketin edo errendimendu handiko kirola dagoeneko matematikaren aplikazioaz baliatzen ari diren arloetako batzuk bakarrik dira.

Prentsa-oharra (PDF, 666 Kb) Argazkia

Bilbo, 2014ko apirilaren 29a. Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak, BCAMekin eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko katedrarekin lankidetzan, antolatu duen “Irtenbide berritzaileak matematikatik” jardunaldian erakutsi da zientzia honek aplikatzen duten enpresak lehiakorragoak bihurtzen dituela, irtenbide berritzaileak garatuz. Adibidez, matematika ezinbestekoa da datu-meatzaritzan (data mining), estatistikaren bidez, kontsumitzaileen portaera-ohiturak modelizatzeko, botika pertsonalizatuak diseinatzeko edo enpresa baten logistika hobetzeko. Baita ere balio du goi-mailako kirolarien errendimendua hobetzeko, eguraldia iragartzeko formulak lantzeko eta industria-prozesuetan berrikuntza ahalbidetuko duten algoritmoak sortzeko, beste aplikazio batzuen artean.

Jardunaldian honako hauek izan dira parte-hartzaileak: Julen Erauzkin, Espainiako Arraun Selekzioko zuzendari teknikoa eta Fadurako Teknika Hobekuntzako Zentroko teknikaria (Basque Team); Raúl Ibáñez, UPV/EHUko Geometria irakaslea eta Divulgamat-Matematikaren Dibulgaziorako Zentro Birtualeko kidea; Alvaro Fierro, Tenzing Urbegiko Proiektu eta Garapen ikertzailea; Santiago Gaztelumendi, Euskalmeteko koordinatzailea eta Tecnaliako Meteorologia arloaren arduraduna; José Antonio Lozano, UPV/EHUko katedraduna eta UPV/EHUko Intelligent Systems Group-eko zuzendaria; Lorea Gómez, Basque Center for Applied Mathematics-eko (BCAM) gerente orokorra eta Txema Villate, Innobasqueko zuzendari nagusia.

Bere hitzaldian, adibide praktikoen bidez Ibañezek nabarmendu du “matematika hutsa aplikatuenetakoa den zientzietako bat dela”. Bestalde, Lorea Gómezek azaldu du BCAMek industria-enpresekin kolaboratzen duela, eta horretarako proiekturik berrienetan zentratu dela Matematika Aplikatuaren Euskal Zentroa, duela gutxi munduko onenetakotzat jo dutelarik Severo Ochoa Bikaintasun-sariaren bidez. Honela, BCAMek Vicinay enpresarekin lan egin du offshore kateen fabrikazioko soldaduraren optimizazioan; Arteche-rekin, sare elektrikoetan parametroak identifikatzeko gai den plataforma bat garatzeko algoritmo bat sortzen; eta Ingeteam-ekin, tren-sistema baten energia-kontsumoaren eraginkortasunaren hobekuntzan, besteak beste.

Ondoren, UPV/EHUko José Antonio Lozano katedradunak matematikaren ahalmen handia azpimarratu du erakundeek dituzten datu informatikoen pila ikaragarria aztertzeko orduan, horietatik baliozko informazioa atera ahal izateko. Berak zuzentzen duen Sistema Adimendunen Zentrotik, askotariko enpresekin lan egiten dute oso arlo ezberdinetan: adibidez, biobotika pertsonalizatuak garatzen edota logistikaren hobekuntzan eta eraginkortasunean. Santiago Gaztelumendik, Euskalmeten koordinatzaileak eta Tecnaliako Meteorologia zuzendariak, esan du matematika “funtsezkoa” dela meteorologia-iragarpenak egiteko.

Basque Team-eko Julen Erauzkini esker, ikusi da goi-mailako kirolariek nola hobetzen dituzten beren markak matematikari esker. Azkenik, big data-ri buruz eta datuak atzeman, bilatu, alderatu, aztertu eta bistaratzeko zailtasunaz hitz egin da. Datu kopuru izugarriekin lan egitea negozio-azterketak egin beharretik, gaixotasun-ereduetatik edo krimenari aurre egin beharretik sortzen da. Tenzing Urbegi-ko Álvaro Fierro ikertzaileak marka-auditoriak egiteko erabiltzen ditu turismoan, kulturan, kontsumoan edo politikan eta giza portaeraren eredu berriak garatzeko.

Jardunaldi hau “Innobasqueren Astearteak” topaketen barruan kokatzen da; ekinbide honekin Innobasquek berrikuntzaren protagonistei dei egiten die, hilero, dibulgazio-foro ireki honetara, euskal berrikuntza jendearen, erakundeen eta hedabideen begiradapean jartzeko.

Partekatu albiste hau