2012ko bigarren seihilekoan Europako sei hiritan (Bilbo, Bonn, Praga, Londres, Bologna eta Estrasburgon) beste horrenbeste World Café egin ziren, elkarrizketa berritzaile parte-hartzaileak eta kultura-artekoak, World Café Europek diseinatuak, horietan 50 eta 95 urte arteko 700 pertsonak hartu zutelarik parte. “European Voices for Active Ageing (EVAA) proiektuaren goiburua “Europako ahotsak zahartze aktiboaren alde” zen eta bilera haien emaitza gisa Europako Zahartzearen aldeko Agiria atera da, nagusiekin adiskidetsua izango den Europa sortzeko itxaropenak eta gomendioak biltzen dituena.

  • Europako 6 herrialdetako 700 pertsonak baino gehiagok agiri bat egin dute, eta zahartze aktiboari buruz Europako sei hiritan egindako World Cafeetan ateratako gomendio nagusiak biltzen ditu; laster Europako Batzordera bidaliko da, gai honetaz politikak egiterakoan oinarritzat erabiltzeko.
  • Zahartze aktiboari buruzko World Cafeak elkarrizketa parte-hartzaileak dira, World Café Europek diseinatuak eta 2012ko bigarren seihilekoan Bilbo, Bonn, Praga, Londres, Bologna eta Estrasburgon egin zirenak, “European Voices for Active Ageing (EVAA)” proiektuaren barruan.
  • Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, World Café Europerekin batera, Bilboko topaketa antolatu zuen, eta bertan zahartze aktiboari eta gizarte-berrikuntzari buruzko gaiak jorratu ziren; pertsona nagusiek gizartean aldaketak eragiteko gai diren kide aktibo gisa onartuak izan nahi dute, eta horretan ardaztu zen topaketa.

Bilbo, 2013ko ekainaren 3a.  Datozen egunotan jasoko du agiria Europako Batzordeak, gai honi buruzko politikak egiteko oinarri izan daitekeen materiala. Ateratako gomendio nagusiak hauek dira:

  • 50 urtez gorako langileak kontratatzen dituzten enpresentzat onurak gehitzea eta nagusiekin lan-politika adiskidetsuak garatu eta inplementatzeko pizgarriak ematea. Ikusita enpresak ez daudela batere prestatuta datozen aldaketetarako, horregatik sortu da premia hori. Honela, 55 urtez gorako langileen kopurua %15 gehituko da, eta 55 urtez behekoen segmentua, berriz, %25 gutxituko da. 2025erako Europako herritarren %20k 60 urte edo gehiago izango ditu.
  • Erretiroa pixkanaka hartzeko ekimen berritzaileak sustatzea, baita erretiro aurreratuko praktika aktibo eta finantzatura bideratutako beste batzuk ere.
  • Gizarte-berrikuntzako proiektuak eta ekimenak bultzatzea gizarte-erronkei konponbide berritzaileak bilatzeko belaunaldien arteko lankidetza eta elkarrekintzari esker.
  • Konpromiso zibikoa garatzea, adinari lotutako estereotipoak desegingo dituena.
  • Europako hirietan nagusiekin adiskidetsuak izango diren proiektu pilotuak bultzatzea, nagusiek eginkizun aktiboa izan dezaten eta erabakiak hartzerakoan beraien ahotsak kontuan har daitezen.
  • Adin handiko nagusien artean osasuna sustatu eta kudeatzeko era berriak aztertzea.
  • Zahartzearen irudi estereotipatua baztertzea, kolektibo honek bete nahi duen rol aktiboa azaleratzeko, 50 urte barru Europan bi aldiz gehiago izango baitira hezkuntza maila eta eskarmentu handiko nagusi konprometituak.

Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak, World Café Europe-rekin batera, Bilboko topaketa antolatu zuen, eta bertan zahartze aktiboari eta gizarte-berrikuntzari buruzko gaiak jorratu ziren. Jardunaldi hartatik nabarmendu behar da pertsona nagusiek gizartean aldaketak eragiteko gai diren kide aktibo gisa onartuak izan nahi dutela. Azpimarratzekoa da proposaturiko ideien %27k aitortzen zutela belaunaldien artean lotura estuagoak sustatzearen garrantzia, horretarako interes komunak identifikatuz. Gainera, parte-hartzaileen %57k eta %63k interes handia adierazi zuten konpromiso zibikoarekiko eta etengabeko ikaskuntzarekiko, hurrenez hurren.

EVAA proiektuaz argibide zehatzagoak hemen www.worldcafe.eu

Partekatu albiste hau