Beka hauek emanez Iñaki Goenaga Fundazioak talentu ikertzailea sortzen du Euskadin, eta gero hori enpresetara aldatu edo transferitzea nahi du, ongi gaituriko langileak egon daitezen, ingurune globalizatuan lehiatzeko aurrean ditugun erronkei erantzun ahal izateko, eta hor espezializazioari betekizun erabakigarria dagokio.

  • Iñaki Goenaga Fundazioari esker 32 bekadunek prestakuntza jasoko dute doktorego-tesia egiteko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen zazpi zentrotan.
  • Honelako ekintzen bidez berrikuntzaren kultura sustatzen da talentu zientifiko eta teknologikoa –eredu sozio-ekonomiko berri baten baliabide nagusia– sortzeko, eta hori Euskadi berrikuntzan erreferente izan dadin Europan.
  • Gure lurraldea talentu ikertzailearentzat erakargarria izatea funtsezkoa da lehiarako erronkei heltzeko, gaikuntza handiko langileak behar baitira horretarako.

Prentsa oharra (PDF, 318 Kb)

Derio, 2011ko azaroaren 29a. Gaur goizean Iñaki Goenaga Zentro Teknologikoen Fundazioak, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean, 32 gazteri beste horrenbeste beka eman dizkie Doktorego-tesia egiteko Laguntza Programaren barruan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen zazpi zentrotan (Azti, CEIT, Elhuyar, Tecnalia Research & Innovation Fundazioa, Gaiker, Ikerlan eta Tekniker-en) sar daitezen. Laguntza horiek esan nahi dute Fundazioak 2 milioi euroko inbertsioa egingo duela ikertzaileen prestakuntzan lau urtean zehar.

Laguntzak emateko ekitaldian izan dira Edorta Larrauri, Eusko Jaurlaritzako Teknologia-zuzendaria; Begoña Ochoa, Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikaren zuzendaria; Alejandro Bengoa, Iñaki Goenaga Fundazioko lehendakaria,; eta Itziar Uribe, Iñaki Goenaga Fundazioko zuzendaria. Azken honek esan duenez, bekak jaso dituzten 32 lagunak tituludunak dira agronomia, telekomunikazio, elektronika, industria-automatika eta elektronika, industria, informatika eta kimika arloetako ingeniaritzan, baita lizentziadunak ere biologian, biokimikan, zientzia kimikoetan, farmazian eta psikologian.

Beka hauek emanez Iñaki Goenaga Fundazioak talentu ikertzailea sortzen du Euskadin, eta gero hori enpresetara aldatu edo transferitzea nahi du, ongi gaituriko langileak egon daitezen, ingurune globalizatuan lehiatzeko aurrean ditugun erronkei erantzun ahal izateko, eta hor espezializazioari betekizun erabakigarria dagokio. Fundazioak Euskadi lurralde erakargarri bihurtu nahi du talentu ikertzaile horren garapenerako, ezagueran eta berritzeko gaitasunean oinarrituriko eredu sozio-ekonomiko berri baten ardatz nagusia baita.

Horregatik, 1982az geroztik 4.600 beka baino gehiago banatu ditu hogeiren bat titulaziotako ikertzaileen artean, beren prestakuntza sakondu eta gero enpresa-munduan sartu ahal izan daitezen. Honela, belaunaldi berriak zientzia, teknologia eta berrikuntzara bultzatu nahi dira, eta ikertzailearen figura nabarmendu nahi da berritzaile izateko ezagueran oinarritzen de gizarte-eredu berri baten protagonista gisa.

Gaur banaturiko bekek, Prestatzen ari diren Ikertzaileen Estatutuan kokatuak, lau urteko iraupena dute, bina urteko bi alditan banatuak: Lehenengoa Gizarte Segurantzarekin eta bigarrena praktiketako kontratuarekin. Hilean 1.200 euroko diru-kopuru gordina izango dute, hor sartuta doktorego-ikastaroen tasak. Beka-emate hau azaroan egiten ari den Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astean sartzen da.

Iñaki Goenaga – Zentro Teknologikoen Fundazioa

Iñaki Goenaga Fundazioaren Patronatukoak dira IK4, Tekniker, Tecnalia, Euskal Herriko Industria Ingeniarien Kontseilua eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentzia, honek idazkaritza teknikoaren lanak egiten dituelarik. Fundazioa erakunde pribatua da, irabazi asmorik gabea, berrikuntzaren kultura sustatu eta zabaltzeko helburua duena, horretarako gazte tituludunak espezializatuz eta lan-munduan sar daitezen ikertzaileak prestatuz.

Fundazioaren izena Iñaki Goenaga Lumbier-ena da (Lizarran, Nafarroan, 1944ko abuztuaren 24an jaioa eta Eibarren, Gipuzkoan, 2002ko apirilaren 22an zendua); ingeniari kimikoa eta Euskadiko garapen teknologikoaren sustatzaile nagusietakoa izan zen, Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sistema sortu zuten adituen taldetxo hartako bat, eta orduan jaiotzen ari zen euskal administrazioari hautabide bat bilatzen lagundu zion, garai hartako unibertsitate-ezarpena eta ikertegi publikoen gabezia konpentsatzeko. Ikerketaren aurrerabideak emaitzen ustiapenean ondorio zuzena izatea lortu nahi zuten haren ahaleginek, eta beste kargu askoren artean, bera izan zen Tekniker teknologia-zentroaren sortzailea eta lehenengo zuzendari nagusia.

Partekatu albiste hau