Gaur Donostiako San Telmo museoan izango den “Parte-hartze” jardunaldian pertsonen hausnarketak eta parte-hartze proiektu zehatzak jasoko dira, eta enpresetan langileen benetako parte-hartzea gauzatzeko orduan erakundeek aurkitzen dituzten zailtasunak eta hesiak gainditzen laguntzeko ahalegina egingo da.

  • Parte-hartzea eraldaketa-mekanismo bat da, jauzi berritzaile eta lehiakorra eman nahi duena enpresa-kudeaketaren ereduan, hori iraunkorrago eginez.
  • Parte-hartzea landu beharreko ardatz estrategiko gisa definitu du Gipuzkoa Berritzenek, eta hiru lan-ildo hauen bidez bultzatuko du: zabalkundea, tresnak eta benetako eraldaketak.
  • Parte-hartzeaz interesaturiko ehun bat pertsona bilduko ditu jardunaldiak.

Donostia, 2011ko ekainaren 2a. Gipuzkoa Berritzen proposamen berritzaile batean ari da lanean ikuspegi kualitatibotik: langileen parte-hartzea enpresen eta erakundeen kapitalean, kudeaketan eta emaitzetan. Erakunde honen lantaldeak ardatz estrategikotzat hartzen du proposamen hau egungo ekonomia-krisiari erantzun ahal izateko. Gipuzkoa Berritzenentzat parte-hartzea eraldaketa-mekanismo bat da, jauzi berritzaile eta lehiakorra eman nahi duena enpresa-kudeaketaren ereduan, iraunkor eginez. Horregatik, bihar ostirala Donostiako San Telmo museoan “Partaidetza” jardunaldia izango da, Gipuzkoa Berritzenek, Aslek, Alek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko departamentuak antolatua. Ehun bat pertsona bertan izatea espero da.

Hauek izango dira ekitaldian hitz egingo dutenak: Jose Ramon Guridi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko departamentuko diputatua; Juan Maria Uzkudun, Gipuzkoa Berritzeneko lehendakaria; Jesús Arrizubieta, Fagor Ederlan Tafallako Kontseilu Errektoreko lehendakaria; José Mari Fernández, Lagunak Autoeskolako kudeatzailea; Idoia Barroeta, Lagun Aro Aseguruetako Pertsona Garapen eta Barne Komunikazioko arduraduna; Ana Belén Tapioles, Lagun Aro Aseguruetako Prestakuntza eta Ebaluazio teknikaria; eta Lorenzo Mendieta, Alcorta Forging Group-eko zuzendari nagusia. Fagor Ederlan Tafalla, Lagunak Autoeskola, Lagun Aro Aseguruak eta Alcorta Brockhaus-ek parte-hartzeaz dituzten esperientzia errealetan oinarrituriko ikuspegiak emango dituzte.

Emango diren hitzaldiak ondorengo lantegi praktikoaren oinarri izateko moduan egituratu da jardunaldia. Bertan, pertsonen hausnarketak eta parte-hartze proiektu zehatzak jasoko dira, eta enpresetan langileen benetako parte-hartzea gauzatzeko orduan erakundeek aurkitzen dituzten zailtasunak eta hesiak gainditzen laguntzeko ahalegina egingo da.

Gipuzkoa Berritzenen barruan parte-hartzea landu beharreko ardatz estrategikotzat definitu da. Honen haritik, arlo honetan ari den lan-taldeak parte-hartzea bultzatu nahi du bere modalitate guztietan: kudeaketan, emaitzetan eta jabetzan. Eta hiru lan-ildoren bidez egiten du hori. Alde batetik, interesaturik edo/eta beharrean egon daitezkeen kolektiboetan (enpresa-jabe, zuzendaritza-kide, langile eta oro har gizartean) ideiaren zabalkundea azpimarratzen da. Aldi berean, eraldaketa hori bultzatzen duten mekanismoak eta tresnak garatzen dira, adibidez, lagungarri izan daitezkeen zerga-mekanismoak, Gipuzkoako Foru Ogasunak jada aktibatu dituenak. Azkenik, Gipuzkoa Berritzenek enpresak laguntzen ditu benetako eraldaketa-prozesuan, eta beraiekin lan egiten du sortzen diren zailtasunak gainditzeko funtsezko elementuak zein diren jakiteko.

Partekatu albiste hau