Bilbo, 2011ko apirilaren 7a. Gaur arratsaldean aurkeztu da, Bilboko Euskalduna Jauregian, berrikuntzarako Euskal sistemaren lehenengo kanpo-ebaluazioa: “Euskal Herriko Eskualde Berrikuntzari buruzko ELGAren azterlana”.


Nombre del documento (PDF, 863 Kb)

  • Mundu mailako lehia handitu egin denez, berrikuntza geroz eta garrantzitsuagoa izango da.
  • Berrikuntza da hazkunde-iturri nagusia ekonomia sendoagoak, ez hain kutsagarriak eta bidezkoagoak lortzeko.
  • Azterlanak agerian jarri du eskualde maila dela berrikuntzarako eraginkorrena.
  • Berrikuntzarako Euskal sistemaren indarguneetako batzuk hauek dira: teknologia zentroak, gizarte-berrikuntzarekiko sentiberatzea, eko-berrikuntza eta ukiezinek berrikuntzan duten balioaren aintzatespena, eta baita ere, kudeaketaren bikaintasuna.

Bilbo, 2011ko apirilaren 7a. Gaur arratsaldean aurkeztu da, Bilboko Euskalduna Jauregian, berrikuntzarako Euskal sistemaren lehenengo kanpo-ebaluazioa: “Euskal Herriko Eskualde Berrikuntzari buruzko ELGAren azterlana”. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA=OCDE) Lurralde Garapenerako Politika Batzordeak eskatuta egin zen azterlana, berea izanik azterlana egin, metodologia zehaztu eta kalitatea bermatzeko ardura, eta gero, osoko bilkuran onartu zuen 2010eko abenduaren 2an, Parisen. Aipatu azterlana ELGAren proiektu zabalago baten zati da, eskualde berritzaile eta lehiakorrei buruzko “Berrikuntzarako Estrategia” proiektuarena hain zuzen; berrikuntzarako dinamika berriak ezagutzera ematen ditu proiektu zabalago horrek.

Azterlana aurkezteko jardunaldian hauek izan dira hizlariak: Juan Tomas Hernani, Zientzia eta Berrikuntzako Ministerioko Berrikuntzako idazkari nagusia; Bernabe Unda, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburua; Mario Marcel, ELGAren Gobernantza Publiko eta Lurralde Garapenaren zuzendaritzako zuzendariordea; Mario Calderini (Piamonte), Agenzia Nazionale per l’innovazione delakoaren ordezkaria; Pedro Luis Arias, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea; Karen Maguire, ELGAko Eskualde Berrikuntzako Unitate-burua; Daniel Malkin, ELGAko aholkulari independentea; Guillermo Ulacia, Innobasqueko lehendakaria.

Txostena egiteko, azterketa urte eta erdi luzatu da, eta tarte horretan ELGAko kideek, nazioarteko adituek eta Frantziako zein Alemaniako “pareek” (antzekotasun sozio-ekonomikoak direla-eta homologarriak diren beste eskualde batzuetako ordezkariak) hainbat bisita egin zituzten Euskadira, berrikuntzarako euskal sistemarekin konprometituta dauden alderdiekin, publiko zein pribatuekin, elkarrizketatzeko. Azterlana egiteko prozesuan erakundeetako maila gorenek eta Berrikuntzarako Euskal Sistemako adituek parte hartu dute. Guztira, erakunde hauetako 49 ordezkarik: Zientzia eta Berrikuntzako Ministerioa, Eusko Jaurlaritzako hainbat sail, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Ikerbasque, Spri, Tecnalia, Orkestra, Bizkaia Xede, Bizkaiko Teknologia Parkea, IK4, CIC bioGUNE, Osasun arloko Berrikuntza eta Ikerketarako Euskal Fundazioa (BIOEF), Osasun arloko ikerketen Euskal Institutua (O+IKER), Euskadiko Automobilgintza Klusterra (ACICAE), Telekomunikazioen Kluster Elkartea (GAIA), Euskadiko Ingurumen Industrien Kluster Elkartea (ACLIMA), Euskadiko Aeronautika eta Espazioko Kluster Elkartea (HEGAN), Basque Culinary Center, Gipuzkoa Berritzen eta Innobasque-Berrikuntzako Euskal Agentzia. 

ELGAk Berrikuntzarako Euskal Sistemaren diagnosi sakona egin du, eta horrela, batera aurkeztu ditu ZTB (zientzia, teknologia eta berrikuntza) politiken azterketa, bere mekanismoak, estrategiak eta inplikatutako eragileak; eta horrez gain, kontuan hartu ditu onuradunak merkatuen nazioarteko joerak, hor lehiatzen direlarik euskal enpresak atzerrikoekin. Egia da Euskadi ez dela oraindik mundu mailako ezagutza-gunea, baina, oro har, azterlanaren emaitzak erakusten du berrikuntza-jarduera Euskadin ELGAko kide diren herrialdeen batez besteko mailara heltzen dela, eta Espainiako zenbait adierazleren gainetik dagoela.

Indarguneak

“Euskal Herriko Eskualde Berrikuntzari buruzko ELGAren azterlanak” agerian jarri du eskualde berrikuntzaren garrantzia, eta gainera, nabarmendu du maila hori dela berrikuntzarako egokiena. Horrez gain, esaten du eskualdeak gai direla berrikuntza-estrategia proaktiboak eta eraginkorrak garatzeko, eta eskualde, estatu zein nazioarteko politikekin koordinaturik diseinatu eta egikaritu behar direla.

Azterlanak dioenaren arabera, Berrikuntzarako Euskal Sistemak aurrerapauso handiak eman ditu gizarte-berrikuntzarekiko sentiberatzean, eko-berrikuntzan eta ukiezinek berrikuntzan duten balioaren aintzatespenean, eta baita ere kudeaketaren bikaintasunean. Diagnosiak euskal teknologia-zentroetan jartzen du arreta, “berrikuntzarako euskal sistemarentzat harrogarri” iruditzen baitzaizkio. 

Era berean, agerian jarri du “herri-administrazioaren eta sektore publikoaren arteko elkarrekintza oso eraginkorra dela politikak garatzeko prozesuan”, eta azpimarratzen du “I+G-ren intentsitateak oso joera positiboa” duela Euskadin.

Bikaintasun-gomendioak
Azterlana bikaintasun-gomendioen iturria da Berrikuntzarako Euskal Sistemako eragileentzat.
Premisa hau hartzen du abiapuntu gisara: “baliteke 80ko hamarkadako industria-eraldaketako ereduaren arrakastak ez bermatzea etorkizunean arrakasta izateko beharrezko baldintzak. Berrikuntza-era inkrementalak eta gastuen murriztea ziren aurreko eraldaketaren oinarriak”. Eredu horren alde egiteaz gain, ezagutza intentsiboagoko beste batera pasatzea iradokitzen du, berrikuntzaren ikuspegi integrala izango duena eta Euskal lehiakortasunaren aurrerapena bultzatuko duena. Berrikuntza-estrategiari dagokionean, ELGAren proposamena da ezagutza izatea trakzio-motor nagusia, eta alde horretatik, zenbait gomendio ematen ditu: gaitasun zientifikoa indartzen jarraitzea eta Euskal ekonomia-sarearentzat garrantzitsuak diren eremuetan lehentasuna ematea ikerketari eta teknologiaren garapenari. Azterlanaren arabera, erronka handienetako bat da ezagutzen transferentzia eta eragile guztien integrazioa sustatzea, eta bide horretatik lortzea berrikuntza enpresen, zerbitzu publikoen, enpleguaren, osasunaren edo ingurumenaren helburu eta beharrak betetzeko lagungarri izatea.

ELGAk argitzen duen beste erronketako bat da Euskadik bermatu behar duela I+G+b arloko inbertsioa produktibitatea areagotzeko lagungarri izatea, horri esker ahaleginak produktu lehiakor bihurtuko baitira; era berean, aholkatzen du berrikuntzaren hedadura zabaltzea ETE ez-berritzaileetara eta hazten ari direnetara. “Ahalegin handiagoa egin behar da ETE ez-berritzaileak berrikuntzaren bidean jartzeko”, eta horrek “molde teknologikoak zein ez-teknologikoak har ditzake”.

Horren harira, berrikuntza ez-teknologikoa sendotzeko hauspoa ematen du, eta azpimarratzen du indar gehiago eman behar zaiola “diseinu eta sormen arloko inbertsioaren bidez balio erantsia sortzeari, garapenaren fase goiztiarretan”.

Horrez gain, berrikuntza-eskaera bultzatzea gomendatzen du, besteak beste berrikuntzara zuzendutako kontratazio publikoaren bidez, bereziki baliagarria baita helburu sozialak dituen berrikuntzarentzat (osasuna, energia, hezkuntza…)

Berrikuntzaren garrantzi estrategikoa dela-eta, beharrezkoa da, ELGAren ustetan, erakundeetako maila gorenetan lidergo sendoa izatea, ikuspegi orokor batekin. Izan ere, plangintza estrategikoa eta departamentuen arteko koordinazioa, dagoeneko abian daudenak, garrantzitsuak dira berrikuntza-sistema eraldatzeko prozesuan.

Sormenaren, arriskuaren eta berrikuntzaren kultura sortzea ere gomendatzen du.

Ebaluazioa
Bai Mario Marcel eta bai Karen Maguire, ELGAko Gobernantza Publiko eta Lurralde Garapenaren Zuzendaritzako zuzendariordea bata, eta Eskualde Berrikuntzako unitate-burua bestea, bat etorri dira esatean gaur aurkezten den azterlanaren modukoek gardentasuna eta ikusgaitasuna ematen dutela, izan ere eskualde mailako berrikuntza sustatzeko modu hobeak bilatzeko ahaleginetan dabiltzan kideei lehiakorragoak izaten laguntzen die. Eta horregatik, ebaluazioa aurkeztean, azpimarratu dute tresna egokia dela gizarte, ekonomia, teknologia eta zientzia arloetako erronkei modu eraginkorrean erantzuteko beharrezko doikuntzak identifikatu eta bermatzeko.

Gaur arratsaldean izan den prentsa-aurrekoan Tecnaliako zuzendari nagusiak, Joseba Jauregizarrek, ere hitz egin du, azterlanean parte hartu duen bertako lantalde teknikoaren ordezkari gisa, eta zera azpimarratu du: “Berrikuntzarako Euskal Sistemari buruz egin den nazioarteko azterlanean eskualde-mailako berrikuntza-eredu eta politiketan adituak direnen ekarpenak eta eztabaidak izan dira, eta gure Sistema eta lorturiko emaitzak balioztatzeko balio izan du, baita euskal Berrikuntzak etorkizunean izan behar duen ibilbide-orria identifikatzeko ere”.

Azkenik, Innobasqueko zuzendari nagusi Jose Maria Villatek nabarmendu du: “kanpo-ebaluazio hori laguntza ezin hobea da gure gaitasunez ohartzeko eta ahaleginak norabide egokian jartzeko, eta Euskaditik berrikuntzan sakontzen jarraitzeko premia berretsi digu, posible izan dadin balio-proposamen bat eskaintzea benetan lehiakorrak izateko, mundu mailan, masa kritiko handiagoa duten beste eskualde batzuen aurrean”. Eta ELGAren diagnosiak jasotzen duen beste alderdietako bati buruz esan du: “eskualde bakoitzak bere politika-mix edo nahastura propioa aurkitu behar du, bere berrikuntza-sistemaren egungo zein etorkizuneko beharrei erantzungo diena”.

ELGAri buruz
Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea (ELGA=OCDE) nazioarteko lankidetzarako erakundea da, 34 estatuk osatzen dute eta bere helburua da mundu osoko pertsonen ekonomia eta gizarte ongizatea hobetuko duten politikak sustatzea. ELGA mundu mailan eragin handiena duen foroetako bat bihurtu da, eta bertan nazioartean garrantzia handia duten hainbat gai, besteak beste ekonomia, hezkuntza eta ingurumena, aztertu eta horien nondik norakoak erabakitzen dira. Aipatu antolakundeak etengabe argitaratzen ditu laneko dokumentuak, estatistikak, txostenak, liburuak eta laguntza- nahiz erreferentzia-materialak. ELGAren jarduera guztiek estatistiken bermea dute. ELGAk esperientzia handia du berrikuntza-politikak aztertzen, bai nazio mailan eta baita eskualde mailan ere, eta horretarako, berrikuntza-sistemak eta horien jarduerak aztertzen ditu.  www.oecd.org

Partekatu albiste hau