HETEL-Heziketa Teknikoko Elkarteak (www.hetel.org) gaur, Bizkaiko Teknologia Parkean, lankidetza-akordioa izenpetu du Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin (www.innobasque.eus), Euskadiko bigarren eraldaketa ekonomiko handiaren sustapenean elkarrekin lan egiteko.

 

acuerdo hetel

Hitzarmena Innobasqueko lehendakari Pedro Luis Uriartek eta HETEL-Heziketa Teknikoko Elkarteko lehendakari Eduardo Fernándezek izenpetu dute

Hitzarmena Innobasqueko lehendakari Pedro Luis Uriartek eta HETEL-Heziketa Teknikoko Elkarteko lehendakari Eduardo Fernándezek izenpetu dute; HETEL Euskal Herriko Lanbide Heziketako gizarte-ekimeneko eta itunpeko 22 ikastetxe biltzen dituen Elkartea da.

Gaur izenpetutako akordioaren bidez, Innobasque eta HETEL Euskadiko Ekonomiaren eta Gizartearen Bigarren Eraldaketa handia bultzatu eta garatzeko gogotsu lan egitera konprometitzen dira: Innobasque Euskadin Berrikuntza koordinatu eta bultzatuko duen tresna gisa, eta HETEL Lanbide Heziketako ikastetxeen jardunaren sustatzaile gisa, beren ingurunean berrikuntzaren eta eraldaketaren eragile izan daitezen.

Akordio honen helburua bi erakundeen artean lankidetza- eta koordinazio-esparrua ezartzea da, gerora ekintzak garatu ahal izateko HETELen eta Innobasqueren artean; Euskadiko bigarren eraldaketa ekonomiko handirako berrikuntza eta gizarte-mobilizazioa sustatzeko proiektuan lan egingo dute heziketaren eremuan, eta Euskal Herriko Lanbide Heziketako ikastetxeen jarduera bultzatuko dute, beren ingurunea eraldatzen eragile izan daitezen.

Akordio honek, indarraldi mugagabea izango duelarik, elkarren arteko jardunerako oinarriak ezartzen ditu; horiek zehaztu eta lankidetza-ildo espezifikoak ezarriko dira, eta azkenean Jarduera Programak.

HETEL-Heziketa Teknikoko Elkarteak Euskal Herriko LH-ko ikastetxerik garrantzitsuenak biltzen ditu; bere helburutzat dauka esperientzien eta egiten jakitearen (know how) trukaketa, eta pedagogia, antolakuntza, teknika eta teknologia arloetan kalitate- eta  berrikuntza-proiektuetan elkarrekin parte hartzea, etengabe erronka berriak eta jardunbide egokiak bilatuz. Elkarteak Euskadi osoko LH-ko zentroak biltzen ditu eta Durangon (Bizkaian) du bere egoitza. HETELek berrikuntzan, kalitatean, enpresa-errealitatearekiko harremanean eta erantzukizun eta ekimenaren kulturaren sustapenean oinarritutako profesionalizazio-formula eskaintzen die gazte eta helduei. HETEL zentroek gazte, langile eta langabeentzako prestakuntza ematen dute, eta era askotako zerbitzuak eskaintzen dizkiete enpresei, bai beraien neurrira eginiko prestakuntza eta bai bestelako zerbitzu teknikoak, baita enpresekin batera berrikuntza-proiektuak garatu ere.

HETELeko ikastetxeek Euskal Herriko Lanbide Heziketaren zati oso garrantzitsua biltzen dute, bai kualitatiboki eta bai kuantitatiboki, eta guztien artean 25.000 ikasle inguru dituzte.

Innobasque elkarte pribatua da, irabazi asmorik gabea, Euskadin eremu guztietan berrikuntza koordinatu eta bultzatzeko sortua, espiritu ekintzailea eta sormena sustatuz. Agentziaren helburua Euskadiko ekonomia eta gizartearen bigarren eraldaketan lider izatea da, eta Euskadi erreferente bihurtzea Europan berrikuntza-gaietan. Gaur egun 500 bazkide baino gehiago ditu Innobasquek, eta horien artean HETEL.

Partekatu albiste hau