Nafarroako Unibertsitateko Ingeniarien Goi Eskolak (Tecnun) eta Berrikuntzaren Euskal Agentziak (Innobasque) lankidetza-akordioa izenpetu dute gaur Donostian, Euskadiko bigarren eraldaketa ekonomiko handiaren sustapenean elkarrekin lan egiteko.

Alejo Avello, Director de Tecnun, y el presidente de Innobasque, Pedro Luis Uriarte en la firma

Alejo Avello, Director de Tecnun, y el presidente de Innobasque, Pedro Luis Uriarte en la firma.

Hitzarmena Tecnun-eko zuzendariak -Alejo Avellok- eta Innobasqueko lehendakariak -Pedro Luis Uriartek- izenpetu dute.

Gaur izenpetutako hitzarmenaren bidez, bai Tecnunek eta bai Innobasquek bete-betean lan egiteko konpromisoa hartu dute bigarren eraldaketa ekonomiko handia bultzatu eta garatzeko: Innobasquek Euskadin Berrikuntza koordinatu eta bultzatzeko tresna gisa, eta Tecnunek Ikerketa, Zientzia eta Teknologia sustatzeko aliatu gisa.

Akordio honen xedea bi erakundeen arteko lankidetza eta koordinaziorako esparrua ezartzea da, gerora Tecnunen eta Innobasqueren arteko ekintzak garatzea ahalbidetu dezan, bai Euskadiko bigarren eraldaketa ekonomiko handirako berrikuntza eta gizarte-mobilizazioa sustatzeko proiektuan, eta bai sustapen, zabalkunde eta komunikazioko jardueretan batera parte hartuz, batez ere 2008an, berrikuntza urtea baita Euskadin.

Tecnun Donostiako Ingeniarien Goi Eskola da, Nafarroako Unibertsitatekoa, egoitza Donostian Ibaetako Unibertsitate Campusean duena; bere helburua ingeniari izango direnak lanbide, zientzia eta giza aldetik prestatzen laguntzea da, irakaskuntzaren, ikerketaren eta gizarte-zerbitzuaren artean oreka mantentzen saiatuz, jarduera hauek beren artean osagarri izan daitezen.

Donostiako Ingeniarien Goi Eskolak 1961ean hasi zituen bere jarduera akademikoak, Industria Ingeniaritza karrerako ohiko ikasketekin, eta 2000ko urrian Telekomunikazio Ingeniaritzakoak eskaini zituen.

Gaur egun Eskolak bost titulazio ofizial ematen ditu, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak onartuak, ingeniaritza eta doktoretza mailetan: Industria Ingeniaria, Telekomunikazio Ingeniaria, Industria Automatikan eta Elektronikan Ingeniaria, Industria Antolaketan Ingeniaria, eta Materialetako Ingeniaria. Halaber, prestakuntzarako beste jarduera batzuk egiten dira (mintegiak, ikastaroak eta master programak) graduatu ondokoentzat.

Ingeniari Eskolako ikerketa-lanak Gipuzkoako Azterketa eta Ikerketa Teknikoen Zentroarekin (CEIT) lankidetzan egiten dira, horrekin partekatzen baititu Eskolak laborategiak eta liburutegia. Horrela, zientzia-ikerketa, unibertsitate-erakunde batean beharrezkoa dena, CEIT bezalako Zentro baten interes praktikoarekin osatzen da, industriaren zerbitzurako izaera nabarmena baitu honek.

Tecnunek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza bultzatzeko jarduera akademiko eta sozialak jendartean zabaldu, sustatu eta horietan parte hartzeko konpromisoa du, eta bereziki bere ingurune hurbilean, Euskadin, zertzen diren jarduera eta ekimenei dagokienean, beste eragile eta erakunde batzuekin batera.

Innobasque elkarte pribatua da, irabazi asmorik gabea, Euskadin eremu guztietan berrikuntza koordinatu eta bultzatzeko sortua, espiritu ekintzailea eta sormena sustatuz. Agentziaren helburua Euskadiko ekonomia eta gizartearen bigarren eraldaketan lider izatea da, eta Euskadi Europan erreferente bihurtzea berrikuntza-gaietan. Gaur egun 500 bazkide baino gehiago ditu Innobasquek.

Partekatu albiste hau