Mondragon Unibertsitateak eta Innobasquek itun estrategikoa izenpetu dute, proiektu-zuzendaritzarako goi mailako hezkuntzan Euskadi europar erreferente bihurtuko duena; eta hori kudeaketa-arlo kritikoa da berrikuntzarako, gero eta garrantzi handiagoa duena enpresa eta erakundeetan

  • Bi erakundeek helburu garbiarekin egin dute itun estrategiko hau: Euskal Herriko ekonomiaren eta gizartearen bigarren eraldaketa handia sustatu eta bultzatzea.
  • Innobasquek eta Mondragon Unibertsitateak jarduera-programa zehatza ezarri dute 2009tik aurrera Proiektu Zuzendaritzako Masterra emateko, proiektu-kudeaketarako goi mailako hezkuntzan munduan den erakunderik ospetsuenak homologatua.

Mondragon Unibertsitateak eta Innobasquek itun estrategikoa izenpetu dute, proiektu-zuzendaritzarako goi mailako hezkuntzan Euskadi europar erreferente bihurtuko duena; eta hori kudeaketa-arlo kritikoa da berrikuntzarako, gero eta garrantzi handiagoa duena enpresa eta erakundeetan. Bi erakundeen artean izenpeturiko hitzarmenaren ondorioz, biek hainbat gauza egingo dituzte proiektu-zuzendaritzarako unibertsitate-hezkuntzaren eta etengabeko prestakuntzaren eremuan.

Bigarren eraldaketa handia

Euskal Herriko ekonomiaren eta gizartearen bigarren eraldaketa handia sustatu eta bultzatzea: horixe da izenpeturiko itunaren atzean dagoen azken helburua, bere aplikaziorik zuzenena berrikuntzaren eremuari dagokiolarik. Horretarako, bi erakundeek -Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluko parte direlarik- gogotsu lan egingo dute iraultza hau bultzatu eta garatzeko: Innobasquek, Euskadin Berrikuntza koordinatu eta bultzatzeko tresna gisa, eta Mondragon Unibertsitateak, ikerketa, zientzia eta teknologiaren garapen arloan Berrikuntzaren eragile gisa.

Lankidetza-hitzarmenaren esparruan egingo diren jarduerak, orokorrean, eremu hauetan sartuko dira:

Gizarte-mobilizaziorako jarduerak. Mondragon Unibertsitateak eta Innobasquek, Berrikuntzako Euskal Agentzia Birtualaren bidez, koordinatuta lan egingo dute lankidetza-sareak elkartzeko, benetako mobilizazioa ahalbidetu eta ahalik eta fororik gehienetara iritsiz.

“2008 berrikuntza-urtea” sustatzeko jarduerak. Bi erakundeek, Innobasqueko Sustapen eta Komunikazio Sailaren bidez, elkarren artean lan egingo dute 2008an -berrikuntza-urtea Euskadin- hainbat jarduera sustatu eta jendarteratzeko.

Baterako beste hainbat arlotan sartzen diren jarduerak: Teknologia-berrikuntza, Gizarte-berrikuntza, Ekintzailetza, Berrikuntzaren Euskal Sistema Nazioartekotzea eta Enpresa-eraldaketa.

Horrela koordinaturik eta beren mezuak, estrategiak eta programak bat etorraraziz, bi erakundeek jarduera-esparru honetan gaitasuna eta erantzukizuna duten beste eragile batzuekiko koordinazioa sustatuko dute, topaketa-gune bat bilatuz, bertan berrikuntzari eta ekintzailetzari buruzko politikak, estrategiak eta programak aztertu, eztabaidatu eta adosteko.

Euskadi, kudeaketan erreferente

Halaber, itun honen esparruan, bi erakundeek lehenengo lankidetza-eremu espezifiko bat zehaztu dute, helburu honekin: “Euskadi Europan bikaintasunaren erreferente bihurtzea Proiektu Kudeaketan, hori euskarri kritikoa delarik Berrikuntzan ere erreferente izateko”.

Proiektu-kudeaketa eta zuzendaritzan prestatzeko eremua gero eta garrantzi handiagokoa da enpresa eta erakundeetan. Horregatik, bi erakundeek eremu horri buruzko hainbat jarduera egingo dituzte.

Bi erakundeek jarduera-programa zehatza ezarri dute, eta 2009tik aurrera Proiektu Zuzendaritzan Master bat emango dute, kudeaketaren arlo honetan munduan lider den nazioarteko erakundeak ziurtatua. Hortik aurrera, bi erakundeek lan handia hasi dute elkarrekin, Master horrek bete ditzan aipatu erakundeak bere akreditazioa lortzeko eskatzen dituen betebeharrak; ondorioz, Mondragon Unibertsitatea munduko unibertsitaterik ospetsuenen klub berezi eta mugatuan sartuko litzateke, proiektu-zuzendaritzarako ematen duten prestakuntzagatik daudelarik klub horretan.

Proiektu-zuzendaritza hazkunde handia eta bilakaera bizia duen lanbidea eta kudeaketa-eremua da, proiektuak berrikuntza-prozesuaren zati kritikoa baitira; gaur egun iraganean inoiz baino proiektu gehiago egiten dira eta egungo proiektu horietako askok aurrez egindako guztiarekin hausten dute, konplexutasun handiagokoak dira eta arrisku eta ziurgabetasun handiagoak dituzte.

Kudeaketa-eremu honetan kalitatezko goi-hezkuntza -diziplina askotako ezagupenak, trebetasunak, teknikak eta tresna espezifikoak aplikatzea eta proiektu-kudeaketarako profesionaltasuna sustatzea eskatzen dituena- funtsezkoa da erakundeen eta herrialdeen berrikuntzan eraginkortasuna lortzeko, eta gizartearen gero eta premia handiagoari erantzuten dio.

 

Partekatu albiste hau