Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Euskal Herriko Itsas Foroak antolatutako informazio-saioan hartu du parte gaur goizean, eta Europak itsas industriarako eskaintzen dituen finantzaketa-aukeren berri eman du. Hain zuzen, Nora Ibáñezek eta Leire Ruiz de Azuak, Innobasqueko proiektuen arloko arduradunek, kateko finantzaketa zertan datzan eta EEN Basque sareak enpresa berritzaileei laguntzeko zer zerbitzu eskaintzen dituen azaldu diete ’webinar’-ean izena emandakoei.

Hala, Innobasqueko adituek irekita dauden deialdien berri eman dute, sektore honetan I+G+b ekarpena egiten duten euskal ETE-ek eta startup-ek aukera izan dezaten Europako finantzaketa lortzeko eta lehendik martxan dauden berrikuntza-proiektuetan parte hatzeko; orobat, Enterprise Europe Network sareko kide den aldetik, Innobasquek zer programa eta jardueratan parte hartzen duen azaldu dute, horien bidez euskal enpresei negozio-aukerak errazteko EBren barnean. Programa eta jarduera horien artean, Innobasqueren prestakuntza-eskaintza nabarmendu dute. Gaur egun, I+G+b arloaren nazioartekotzearekin loturiko lau ikastaro eskaintzen ditu Agentziak.  

Innobasqueko kideez gain, beste zenbait adituk ere hartu dute parte ‘webinar’-ean: hala, Jaap Gebraad-ek, Waterborne plataformaren idazkari nagusiak, Europako plataforma teknologiko hori aurkeztu du (itsas garraioaren sektorea gidatzeko Europako enpresen ahalegina bateratzea da Waterborneren xedea) eta Julio Doladok, CDTIren barnean 5. klusterraren arduradunak, berriz, I+G+b arloko Horizon Europe esparru-programaren barnean klimarekin, energiarekin eta garraioarekin zerikusia duten ekimenen berri eman du. Sarai Blanc-ek gidatu du saioa, Euskal Herriko Itsas Foroaren zuzendariak. Sektoreak gure ekonomian duen garrantzia oroitu du Blancek, eta saioan parte hartu duten adituen aldetik beste edozein informazio zabaltzeko edo kontsultei erantzuteko aukera dagoela azpimarratu du.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago