Oraingo munduko ekonomiaren agertokia eta, bereziki, Europakoa ez dira oso ezagunak eta, ziurrenik, ez da sinesgarria gutxieneko segurtasunez agertoki makroekonomikoaren bilakaerari buruzko iragarpen bat egiten saiatzea. Gauza bera gertatzen da I+G+b-an inbertsioak zer bilakaera izango duen iragarri nahi izanez gero. Hala eta guztiz ere, zenbait gogoeta egin daitezke berrikuntzaren eta I+G+b-aren arloan erabakien arrazoia hobe ulertzen laguntzeko.
Innobasquek bere artikuluan emandako argudioen ildotik, inflazioak interes tasek baino eragin handiagoa dute I+G alorreko gastuan, I+G alorreko gastu gehienak operatiboak baitira (ordainsariak, hornidurak edo materialak, besteak beste). Horrenbestez, interes-tasen balizko igoerak enpresen ahalegin berritzailean eta, batik bat, I+Garen gastuan nola eragingo duen ezagutzeko, lehenik eta behin, tasen igoerak inflazioan benetan zer ondorio izango duen aztertu behar da. Azterketa hori, berriz ere, ez da hain erraza. Oraingo inflazio-agertokia sortu duten arrazoien araberakoak izango dira ondorioak.
Pandemiaren hasieratik eta Ukrainako gatazka sortu baino lehen inflazioa hauteman zen, eta bi jatorri izan ditzake. Lehenak Txinako (munduko ekoizpenaren motor nagusia) botila-lepoen eta energiaren nahiz beste lehengai batzuen prezioak igotzearen ondoriozko eskaintza shockarekin du zerikusia. Bigarrena estatuek eta EBk berak likidezia injektatzeari lotutako diru-masaren hedapenaren ondorioa da. Helburua ekonomia piztea da eskaria sustatu eta, azken finean, prezioek gora egin dezaten bultzatzeko.
Kontsultatzen diren aditu ekonomikoen arabera, arrazoiak alde batera edo bestera doaz. Seguru aski, bi faktoreak nahasi dira. Tasen igoerak gainerako aldagaietan eragingo ez balu, tasa baxuagoen aldean, interes-tasa altuagoek inoiz ez lukete berrikuntza sustatuko, finantzaketa garestituz gero, I+Gean inbertsioa ez bailitzateke hain erakargarria edo, gutxienez, hain errentagarria izango. Noski, hori ez da agertoki ekonomiko erreala, eta egia da tasak igota inflazioari eutsiko balitzaio, I+Gean inbertsioa egiteko aldekoa izan zitekeela. Europan eta Euskadin, ordea, dirudienez, inflazioaren arrazoiek zerikusi handiagoa dute eskaintza shockarekin zerikusi, diru-oinarriaren hedapenarekin baino. Egoera honetan, interes-tasen balizko igoerak (ziurrenik, igoera saihestezina da, ez baita arrazoizkoa tasa negatiboak dituen agertokia mantentzea) inflazioa eusteko orduan ez luke ondorio handirik izango eta, ondorioz, ez litzateke berrikuntzan ahalegina bultzatuko.
Ziurgabetasuna eta inflazioa tradizioz I+G+b-n egindako inbertsioaren etsaiak direnez, ez dirudi oraingoz desagertu nahi dutenik. Izan ere, itxuraz, inflazioa egiturazko bihurtzen ari da, eta Europako zenbait herrialdetan susperraldi-prozesua uste baino motelagoa izaten ari da. Horrez gain, Ukrainan esku-hartze militarra gertatu da. Gertaera horiek guztiak direla bide, estanflazio hitz beldurgarria maiz entzuten hasi da oholtza makroekonomiko berri modura. Dena den, guztia ez dago idatzita. Guztia ez dira interes-tasak, inflazio-kostuak edo ziurgabetasunak. Beste faktore aipagarri batzuk badaude berrikuntzaren jokoan, eta horiek ere kontuan hartu behar dira.
Lehenengoa bultzatu den suspertze-eredua da. Aurretik izan diren beste krisi ekonomiko batzuen aldean (hurbilena aipatzeagatik, 2008ko finantza krisia), susperraldia bultzatzeko, irmoki berrikuntzan inbertsioak egitearen eta oinarri ekonomikoa, bai eta, oro har, gizartearen eredua ere eraldatzearen aldeko apustua egin da Europan eta Euskadin. Lehenengoz, I+Gan aurrekontua eta ziklo ekonomikoa banandu egin dira, eta berrikuntzarako funtsak biderkatu egin dira gure enpresen eta hirien digitalizazio-beharrei, 4.0 Industriaren helburuei, trantsizio ekologikoaren erronkei eta eraldaketa energetikoari edo pandemiak azaleratu dituen gure gizartearen osasun-erronkei erantzuteko.
Paradoxaz, baliteke banatze hori areagotzea Ukrainako gatazka militarraren ondorioz tentsioak gehitzean, Europaren arima urratzeaz gain, bere puntu ahulenetako batean kolpatu baitu: EBren mendekotasun energetikoan. Dagoeneko trantsizio energetikoak ez dirudi guztion onerako gaia edo epe luzera lehiakortasun-faktorea denik. Gaur egun peto-peto eragiten dio enpresen lehiakortasunari eta, batez ere, energian ekoizte-prozesu biziak dituen industria ehunari, eta horien barruan Euskadik presentzia adierazgarria du. Gure enpresa ehunaren sistema energetikoaren eraldaketa prozesu horiek, beraz, I+Gean ahalegin nabarmena egitea eskatuko dute.
Beraz, teoria ekonomikoak Europako eta Euskadiko ekonomian I+Garen etorkizunari buruz oso aldeko ondorioak ez adierazi arren, agertoki honetan lurralde-agintarien eta bertako enpresen interesak eta beharrak inoiz baino lerrokatuagoak daude. COVID-19aren krisitik suspertzeko politikek maila guztietan aldaketa eta berrikuntza piztu behar dituzte. Ukrainako gerrak eta Europaren mendekotasun energetiko argiak ere I+Gean inbertsioa bultzatzen dute, trantsizio energetikoa sustatze aldera. Innobasquek azaldutakoari eutsiz, ezin daiteke bazter hurrengo urteetan berrikuntzak gorantz sendo egitea. Denborak esango du.