Klima-aldaketa aukera kezkagarri bat gertatzeko ateak zabaltzen ari da: orain arte ezezagunak izan diren eta glaziarretan izoztuta egon diren mikrobioak aske geratzea, lurmentzearen ondorioz. Glaziarrak urtzen badira, mendeetan barruan harrapatuta egon diren mikroorganismoak biziberritu daitezke eta sortu zituena ez den beste testuinguru batean berragertu, aurretik elkarri eragin ez dioten espezieekin kontaktuan.
Gainera, bakterioen eta birusen berezko mekanismo genetikoek aukera ematen diete egungo fauna eta florari eraso egiteko, horiek kolonizatzeko edo modulatzeko. Hori arrisku handia da; izan ere, egungo organismoak ez dira izotzean harrapatuta egon diren organismoen presentziak eragingo zukeen bilakaera-presioaren menpe egon. Eta, beraz, ez dituzte erresilientzia-mekanismoak garatu, edo duela asko galdu zituzten. Are gehiago, aukera dago izoztutako mikrobio horiek geneak transferitzeko mekanismo horizontalak erabili eta beste bakterio batzuekin birulentzia-faktore arriskutsuak partekatzeko.
Glaziarrak urtzen badira, mendeetan barruan harrapatuta egon diren mikroorganismoak biziberritu daitezke eta sortu zituena ez den beste testuinguru batean berragertu
Gertakari horrek aurreikusi ezin diren ondorioak izan ditzake hiru egoera aldi berean gertatuz gero:
1) Gene oldarkorrenak edo gaixotasun jakin bati dagozkionak dituen operoia bakterio batera transferitzea eta haren genoman arrakastaz integratzea.
2) Bakterio hori orokorrean nekazaritzan egotea edo horretarako funtsezkoa izatea.
3) Pairatutako gaixotasuna arina izatea, hau da, ostalaria ez hiltzea, eta, hortaz, eboluzionatzea eta inguru berrian arrakastaz lehiatzea.
Egoera horietan ondorioak ikaragarriak izan litezke eragindako inguruetako landareen, nekazaritzako produktuen, elikagaien eta laborantza-lurren osasunerako eta errendimendurako. Eta mundu-mailako mehatxu bihur liteke, aintzat hartuta pertsonen eta merkantzien (kasu honetan, nekazaritzako produktuak) garraioa eta mugikortasuna gero eta handiagoak dela.
Laburbilduz, prospektiban wild cards deritzenei buruz ari gara; hau da, gertatzeko aukera txikia duten gertakariak, baina inpaktu potentzial handia dutenak, eta joera edo sistema zehatz baten bilakaeran inflexio-puntua eragin dezaketenak. Batzuetan, mehatxu horiek adierazle ahulen (weak signals) bidez etor daitezke. Osatu gabeko datu zatituak dira, eta horietatik informazioa lor daiteke.
COVID-19aren pandemiak erakutsi digu ia ezinezkotzat jotzen genuena gerta daitekeela
Gaur egun, ikerketan ahalegin handiak egiten ari dira errendimendu handiko detekzio-metodoetan, organismo zehatz bat mehatxu bihurtzeko aukerak frogatzeko. Zenbait lan abian daude laborategietako bakterioen hazkuntza-metodoei eta sekuentziazioari buruz, gene eta genoma berriak biltegiratzeko xedearekin, ondoren horiek aztertzeko. Horrez gain, metodo konputazional berriak garatzen ari dira, analisiak arinago egiteko.
Bestalde, nekazaritzako elikagaien berrikuntzari buruzko aurrerapen ugari gertatzen ari dira. Gero eta startup gehiago daude, eta merkatuan konponbide ugari agertu dira (hala nola uren tratamendua edo nekazaritzan eskala handian aplikatutako GPS sistemak), baita elikagai-produktu berriak eta desberdinak ere. Gainera, kontsumitzaileak babesteko legeak aldatzen ari dira produktuen osasungarritasun- eta segurtasun-berme handiagoak emateko.
Horrek guztiak honako ideia hau indartzen du: bai industriatik bai administrazio publikoetatik xede argia dago eremu horretan aurrera egiteko. Bizitza hobetzeko eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko. Laburbilduz, epe luzean gure bizirautea bermatzeko premia-sentsazioa ez galtzeko. Izan ere, COVID-19aren pandemiak erakutsi digu ia ezinezkotzat jotzen genuena gerta daitekeela.