Europako industriaren sektorea lehengaien krisia jasaten ari da. Beraz, Europako Batzordeak lege neurriak aurkeztu ditu hurrengo hamarkadan eremu horretan subiranotasun teknologiko handiagoa izateko.

Europako industriaren sektorea lehengaien eta, bereziki, osagai elektronikoen horniduraren munduko krisia jasaten ari da. Beraz, Europako Batzordeak lege‑neurriak aurkeztu ditu hurrengo hamarkadan eremu horretan subiranotasun teknologiko handiagoa izateko.

Mikrotxipik ez izateak eragin handia du Europako industriaren sektoreetan, hala nola automobilgintzan, komunikazioan, datuak prozesatzean, defentsan, aire eta espazioko industrian eta aparatu elektriko adimentsuak fabrikatzean, besteak beste. Boston Consulting Groupen 2021eko txostenaren arabera, Europak mikrotxipak ekoizteko gaitasunaren % 8 du[1] gutxi gorabehera; Asiako ekialdeko herrialdeek, ordea, ia % 75. Bereziki, Taiwanek eta Hego Koreak 10 nanometrotik beherako teknologian (nodoak) munduko ia fabrikazio guztia dute. Hortaz, oraindik lidergo handiagoa dute, egungo ibilbide teknologikoa nodoen tamaina murriztean funtsatzen baita. Horretarako, transistoreak gehiago trinkotu behar dira, prozesatze-abiadura handiagoa izan behar dute eta mikrotxipen eraginkortasun energetikoa hobetu behar da.

Testuinguru horretan, Europako Batzordeak lanari ekin dio, eta 2021eko uztailean “Alliance on Processors and Semiconductor Technologies” sortu zuen, sektoreko enpresen lehiakortasuna areagotzeko eta sistemako aktoreen artean elkarlana eta lankidetza sustatzeko moduak aztertze aldera[1].

Europako Batzordeko buruak inolako arazorik gabe onartu zuen Europan sektorea egoera zailean dagoela eta Asiako herrialdeekiko mendekotasun handia duela. Hala, ´Txipen Europako Legea´ (European Chips Act) iragarri zuen 2030ean txipen ekoizpena munduko ekoizpenaren % 20ra iristeko.

Legea 2022ko otsailaren 8an proposatu zen, eta oraindik Europako Parlamentuan eta estatu kideetan eztabaidatu behar da, baina hiru zutabe ditu:

  • Txip mikroelektronikoetarako talentu teknologikoa eta berrikuntza-gaitasunak sortzea (“Chips for Europe Initiative”).
  • Eskala handian txipak fabrikatzeko inbertsioak erakartze aldera aldeko esparrua garatzea.
  • Estatu kideen eta Batzordearen artean koordinazio‑mekanismoak ezartzea sortzen diren industria-garapenak monitorizatzeko eta etorkizuneko krisiak aurreratzeko.
Legeak inbertsio publiko eta pribatuaren artean 11.000 milioi mugiarazi nahi ditu

Eta beste 30.000 milioi euro gehituko lirateke Next Generation, Horizon Europa eta nazioko zenbait ekarpeni esker. Gainera, 2.000 eta 6.000 milioi bitartean inbertitu nahi dira sektorean sartzen diren konpainietan.

Enpresa-mailan egon dira jadanik mugimendu batzuk. Taiwán Semiconductor Manufacturing Co (TSMC) goi-mailako mikrotxipen fabrikazioan munduko lider bat da, eta Alemaniako gobernuarekin[4] elkarrizketetan hasi da produkzioaren zati bat Europan kokatzeko eta, modu horretan, arazo geopolitiko zehatzek sor ditzaketen blokeo-arriskuak arintzeko. Eta duela gutxi, Intel Corporationek hurrengo 10 urteetan Europan 80.000 milioi euroko inbertsioa iragarri du erdieroaleen balio-katerako.

Europan hori gertatzen den bitartean, Bidenen gobernuak adierazitakoaren arabera, erdieroaleen industria bultzatzeko 50.000 milioi dolar erabiliko ditu

eta Intelek 20.000 inbertitzea proposatu du Ohion fabrika berri bat egiteko[5]. Aldi berean, azkeneko “Five-year Plan”-aren zifrei jarraikiz, Txinak 2025ean hamar urtetan sektorean 150.000 milioi inbertituta izango ditu.

Datu horiek eta oraingo testuinguru geopolitikoa kontuan hartuta, ez litzateke zentzugabea izango gertaeren ekaitz ezin hobea gertatzen ari dela pentsatzea, banaka eta batera, Txipen Europako Legea ez onartzeko.

Zer gertatuko litzateke lehengaien eta osagai elektronikoen horniduraren krisia areagotuko balitz? do Txinako Itsasoko erabaki geopolitiko garrantzitsuen ondorioz Europaren eta Asiako Ekialdeko herrialdeen artean mikrotxipen merkataritza-transakzioa (inportazioa & esportazioa) behin betiko etengo balitz? Eta Txinak eta AEBk Europaren gainetik sektorean inbertsioak modu adierazgarrian gehitzen jarraitzen badute? Edo mikroprozesadoreek baino inbertsio handiagoak eskatzen dituzten beste lehentasun batzuk agertuko balira?

Halako agertokiak mehatxuak izango lituzke, baina aukerak ere bai.

Horniduren blokeoak eta Txipen Legearen porrotak bultzatuta, baliteke estatu kide batzuek nazioko berariazko finantzaketa-ildoak azkar sortzea mikrotxipen belaunaldi berriak garatzeko. Dena den, horretarako, TRL baxuenetatik altuenetara ezagutza zientifikoa eta teknologikoa ezinbestekoak dira, diseinatu eta fabrikatzeko gaitasun sendoak eta finantzaketa-bolumen altuak izateaz gain. Horrenbestez, finantzatzeko gaitasun handiena duten eta teknologiaren ikuspegitik garatuen dauden herrialdeetan edo eskualdeetan gerta liteke hori; ez, ordea, hain aurreratuta ez daudenetan. Hala eta guztiz ere, abagune geopolitikoak politika publikoak (nazio-mailan edo Europar Batasunean bertan) nabarmenki eragin ditzake, eta ikerketa eta garapen teknologikoaren agendetan lehentasun berriak ezar daitezke.

Adibidez, finantzaketa handitu liteke estrategikotzat jotzen diren zenbait arlotan, hala nola defentsan, garraioan, energian, kanpoko harremanetan, eta abarretan. Horrez gain, krisi ekonomikoak estatu- eta eskualde-mailan Txipen Europako Legearen bidez Europako baterako ekintzaren porrota arindu nahiko luketen enpresa-ekimenak geldi ditzake. Halaber, eskariaren hazkuntza azkarra bada (merkatu globalak urtean % 25etik hurbil dauden hazkuntza-tasak ditu), gerta liteke sektorea bultzatzeko hartutako neurriak, garrantzitsuak izan arren, Europak duen hain kontrako agertoki honetan nahikoak ez izatea.

Oso probablea da AEBk eta Asiak mikrotxipen sektorean inbertsioa modu adierazgarrian gehitzea eta Europa nahiz Euskadi luzaroan egoera ahulean eta mende gelditzea.

Horregatik, herrialdeek eta enpresek munduko beste toki batzuetako erakundeekin eta, batik bat, txipen horniduraren blokeoak gutxien eragiten dien herrialdeetakoekin, hau da, AEBkoekin merkataritza-harremanak ezarri beharko lituzkete.

Euskadik kontingentzia planak landu beharko lituzke, badaezpada, munduan erdieroaleen fabrika handiekin lankidetza-akordio eraginkorrak eta iraunkorrak lortzen ez baditu, prest egoteko.

Baina, aldi berean, lurraldeak hainbat aukera izango ditu. remu interesgarria izan daiteke mikrotxipen “brain-inspired”-erako softwarea garatzea (Txinako gobernuaren lehentasunezko ildoa), haren aplikazioak eragin handia baitu arlo hauetan: finantza-sektorerako adimen artifiziala, IoT, blockchain, irudiak antzematea edo ibilgailu autonomoetan edo unitate aeroespazialetan datuak prozesatzea. Industria-sistemak ere osagai elektronikoen industria osagarrian posizio garrantzitsuagoa izan dezake, adibidez, mikrotxipak kapsulatan sartzeko tresna aurreratuak erosi eta erabilita. Azkenik, aurreratu beharko litzateke teknologia kuantikoa duten mikrotxipak diseinatzeko prestakuntza-eskaria hurrengo 3-5 urteetan haziko dela, eta Euskadik gaikuntza horretan aktore garrantzitsu bihurtzeko saioak egin ditzake. Arlo horretan talentua garatzearekin batera, berrikuntza-politikak bultzatu beharko lirateke, ekipoan eta ekintzailetzan inbertsioa sustatzeko.

  • * 1 https://www.bcg.com/publications/2021/strengthening-the-global-semiconductor-supply-chain
  • * 2 https://digital-strategy.ec.europa.eu/en/policies/alliance-processors-and-semiconductor-technologies
  • * 3 https://ec.europa.eu/commission/presscorner/detail/en/speech_22_443
  • * 4 https://www.bloomberg.com/news/articles/2021-12-11/tsmc-in-early-stage-contact-with-germany-about-potential-plant
  • * 5 https://gizmodo.com/intel-plans-20-billion-factory-in-ohio-to-accelerate-d-1848397723

Partekatu albiste hau