Gartnerrek duela gutxi egindako txostenean, “Top Strategic Technology Trends for 2022” izenekoan, oinarritua.

Badakigu teknologia produktua (edo zerbitzua) eta prozesua berritzeko iturrietako bat dela. Horregatik, Innobasqueren Prospektibari buruzko 2019ko txostenetan* zati bat eskaini diegu Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemako (ZTBES) adituek Euskadirentzat lehentasunezkotzat jotzen zituzten teknologiei, garapenaren zein aplikazioaren ikuspegitik. Innobasqueren Prospektibari buruzko 2020ko txostenean** krisialditik ateratzeko eta berriz ere lehiatzeko beharrezko teknologiak nabarmendu genituen.

Bestalde, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak (ZTBP Euskadi 2030) Euskadik hurrengo urteetan oinarri gisa hartuko dituen teknologiak jasotzen ditu. Era berean, Europak adierazi du zeintzuk diren bere Key Enabling Technologies***, (funtsezko teknologia erraztatzaileak) eta bere Future Emerging Technologies****,(etorkizuneko teknologia sortuberriak).ecnologías emergentes.

Dokumentu honetan teknologiei buruzko ikuspegi desberdina eskaini nahi dugu. Gartenerrek joera teknologiko nagusiei buruz egindako txostenean (“Top Strategic Technology Trends for 2022”) eman zituen gomendioetan oinarrituta, enpresa‑hazkundean eta digitalizazio eraginkorrean eraginik handiena izan dezaketen joerak argitu nahi ditugu.

Pandemiak eragindako etenaren ostean, alde batetik, hazkundearen bidera itzultzeko edo epe honetan ezarri den bultzada aprobetxatzeko unea da. Eta, bestetik, teknologia digitalek duten potentzial osoa aprobetxatzekoa eraldaketa digitalari enpresaren esparru guztietan ekiteko, modu errentagarrian, eskalagarrian eta seguruan; izan ere, pandemiak erakutsi zuen posiblea dela digitalizazioa azkartzea eta onurak ukigarri egitea, gutxienez, zenbait jardueratan.

Errealitate horren aurrean, teknologien konbinazio bat proposatzen dugu, enpresei hasten ari garen urterako eta epe labur eta ertainerako lehentasunei heltzen laguntzeko:

  • Hazkundea azkartzea:balioaren sormena maximizatzen duten teknologiak dira, benetako mundua eta mundu birtuala konbinatzen dituztenak bezeroei eta enpresan lan egiten duten pertsonei konponbide berritzaileak eskaintzeko; era berean, negozio-aukerak sortzen dituzte eta, horiei esker, ingurune konplexu eta aldakorretan barne kudeaketa posiblea da eta ikerketa eta berrikuntza azkartzen da.
  • Erakundearen digitalizazio azkarrerako aldaketak sortzea: teknologiaren aplikazio sortzaileen bidez, digitalizazioa erakundean zabaltzeko. Teknologietan eta enpresa-jardueretan adituak diren pertsonen arteko lankidetza (edo, hobe esanda, “fusioa”) beharrezkoa izango da konponbideak azkar aplikatzeko.
  • Eskalabilitatea eta konfiantza eraikitzea: oinarri teknologiko seguru eta erresiliente baten bidez, kostuan optimizatutako eragiketak lortzeko, eta, horrela, aktibo digitalak modu seguruan integratzeko eta negozioak eskalatzen duen heinean eskalatzeko aukera izateko. Datuen integrazio eta prozesamendu seguruak bermatuko dituen oinarria, bai hodeian, bai hodeitik kanpo.

2022rako teknologia‑estrategikoen joera nagusiak

Jarraian, teknologia horien deskribapen laburra partekatuko dugu:

Adimen Artifizial sortzailea: AA sortzailea datuen lagin batetik abiatuta objektuen errepresentazio digitala ikasi edo imajinatu ahal duen Adimen Artifizial mota da. Halaber, lagin hori objektu berriak, originalak eta errealistak sortzeko erabiltzen du, baina, aldi berean, objektu horiek jatorrizko datuekin nolabaiteko antzekotasuna mantentzen dute, horiek errepikatu gabe. AA sortzailea disruptiboa da. Antolakuntza-arlo askotako I+G birgaitzeko gaitasuna du, hala nola produktuak, edukia eta bezeroaren esperientzia, edo analitika, software-ingeniaritza eta datuen zientzia.

Sistema autonomoak: Sistema fisiko edo software-sistema autokudeatuak dira, eta oinarrizko hiru ezaugarri dituzte: erabakiak modu autonomoan hartzen dituzte, esperientziatik ikasteko gaitasuna dute, eta, beraz, aurreko ikaskuntzetan edo aldaketa potentzialetan oinarrituta portaera denbora errealean aldatzen dute eta berezko asmo-zentzua daukate. Horregatik, baliotsuak dira ingurune operatibo ezezagunetan edo aurreikusi ezin direnetan, edo denbora errealean berrikusketa edo urrutiko kontrola praktikoak ez direnean.

Esperientzia osoa: Esperientzia osoa (TX) bezero/langile harreman-esperientzia aurreratuak sortzeko negozio-estrategia da, bezeroaren esperientziaren (CX), langilearen esperientziaren (EX), erabiltzailearen esperientziaren (UX) eta esperientzia anitzeko diziplinen (MX) arteko konexioaren bidez. Erakundeak ekimen globalak modu independentean erabiltzen ari dira bezeroaren esperientzia eta langilearen produktibitatea hobetzeko. Hala ere, bi emaitza horiek lortu ahal dira TX merkataritza-estrategia moldagarriak eta erresistenteak aplikatuta, bezeroengandik datozen diru-sarrerak eta barne-kostuak aldi berean murrizteko.

Enpresa antolatua: Urrutiko lanak eta lan hibridoak gora egin dute, eta erakundeak “enpresa antolatuak” bilakatzen ari dira. Halaber, geografikoki banatutako langileak dituzte eta espazio fisiko edo birtuala erabiltzen dituzte. Horrek esan nahi du hornitzaileak eta bezeroak ere urrunetik konektatuta daudela. Erakundeak barne‑aldaketa horietara egokitu beharko dira, eta beren negozioa moldatu beharko dute haiekin lankidetzan aritzen diren erakundeek eskatutako ereduekin bat egiteko.

Adimen Artifizialeko (AA) ingeniaritza: Benetako testuinguruetan adimen artifiziala aplikatzea ahalbidetzen duten tresnak, sistemak eta prozesuak garatzean datza. AAko eredu sorta zabal bat diseinatzeko, gobernatzeko, inplementatzeko eta monitorizatzeko diziplina anitzeko ikuspegia da. Erakunde ugarik dute botila-lepoa AAko pilotuetatik benetako produkziora igarotzean. AAko ingeniaritzak aukera ematen du pilotu horiek eskalatzeko eta benetako balioa lortzeko.

Hiperautomatizazioa: Erakundeek erabiltzen duten ikuspuntua da. Horren bidez, ahal dituzten informazio‑teknologiako (IT) eta merkataritza-prozesu guztiak arin identifikatzen, aztertzen eta automatizatzen dituzte. Hainbat teknologia, tresna eta plataforma konbinatuta erabiltzea dakar. Horien artean, AA; ikaste automatikoa (machine learning); prozesuen automatizazioa (RPA) eta erabakiak, prozesuak eta atazak automatizatzeko beste tresna mota batzuk.

Erabakiak hartzeko adimena: Erakundeek erabakirik onenak hartu behar dituzte ahal den arinen. LErabakiak hartzeko adimena erakundeek erabakiak nola hartu behar dituzten eta feedbackaren bidez emaitzak nola ebaluatu, kudeatu eta hobetu ahal diren ulertzea eta diseinatzea dakarren diziplina praktikoa da.

Aplikazio modularrak:Erakundeek aldaketak kudeatu ahal dituzte aplikazio modularrak konbinatuta; horrela, berritzeko eta arin egokitzeko aukera dute. Eraginkortasun eta arintasun handiena sortu ahal duten enpresaren elementuak software bidez diseinatzean datza, eta, ondoren, elementu horiek konbinatzean. Horretarako, beharrezkoa izango da negozioa eta teknologia integratzen dituzten “fusio-taldeetan” lan egitea.

Hodeiko berezko plataformak (CNP):CNPek erakundeei aukera ematen diete hodeiaren gaitasunak erabiltzeko, ekimen digitalak garatzeko izan ahal duten barne talentuaren eta baliabideen eskasia konpentsatzeko. Plataforma horiek hodeiko konputazioaren funtsezko gaitasunak erabiltzen dituzte balioa azkarrago sortzeko.

Pribatasuna hobetzeko konputazioa:Erakundeek nazioarteko mailako pribatutasuna eta barneko datuak eta bezeroen datuak babesteko legedia errespetatu behar dituzte. Pribatutasuna hobetzeko konputazio-teknikek (PEC‑ Privacy Enhancing Computation) gertaera horiek prebenitzen eta balioa sortzen lagundu ahal dute, datu pertsonalak erakutsi gabe, eta datu, software eta hardware mailan pribatutasuna babesten.

Zibersegurtasun sarea:Hodeian eta datuak prozesatzeko zentro tradizionaletan banatuta dauden aktiboentzako konfiantzazko ingurunea eraikitzeko segurtasun‑egitura malgu eta integratua behar da. Dena den, erakundeek arazoak izaten dituzte ingurune seguru horiek eraikitzean. Horregatik, beharrezkoa da segurtasun-ikuspuntu zabala eta bateratua izatea. Zibersegurtasun-sareko arkitektura (CSMA) segurtasuna ohiko enpresa-perimetroetatik haratago hedatzeko ikuspuntua da.

Datu-sarea edo -egitura:Hodeian eta hodeitik kanpo banatutako datuen inguruneak ezin dira mantendu egungo ereduen hedapen linealaren bidez (datuen saturazioa eta kudeaketa-kostu handia). Horren ordez, sarbide-modu banakatu berriak eta eskalabilitatea eskaintzen duten azpiegiturak behar dira. Datu‑sare edo ‑egitura batek (Data Fabric) sistema integratuen diseinua, txertaketa eta erabilera errazten du, plataformaren eta diseinatutako arkitekturaren garapena edozein dela ere.

Hausnartzeko gaiak:

  • Lehentasun horiek aintzat hartzen dituzu zure erakundean
  • Teknologia horiek ezagutzen dituzu?
  • Zein neurritan txertatzen dituzu enpresan? Edo epe laburrean edo ertainean txertatzea aurreikusten duzu?
* https://www.innobasque.eus/microsite/futuro/nos-anticipamos-al-futuro/informe-prospectiva-2019/
** https://www.innobasque.eus/informe-prospectiva-2020/?microsite=futuro&seccion=nos-anticipamos-al-futuro#page=1
*** https://ec.europa.eu/programmes/horizon2020/en/area/key-enabling-technologies
**** https://ec.europa.eu/programmes/horizon2020/en/h2020-section/future-and-emerging-technologies

Partekatu albiste hau