Urriak 21, 2021

Berrikuntza aldaera ugariko fenomenoa da, eta askotariko inguruneetan gerta daiteke. Aurkikuntza zientifikoen edo garapen teknologikoen eskutik gertatzen diren berrikuntzei buruz ariko gara hurrengo lerroetan.

Aurkikuntzatik berrikuntzara dagoen bidea, izatez, lerro zuzeneko kate bati dagokiona baino lausoagoa, gorabeheratsuagoa eta nahasiagoa da, baina, nolanahi dela ere, jakintza zientifikoan oinarritutako berrikuntzak egon daitezen, ezinbestekoa da, Pernandoren egia irudi balezake ere, ikerkuntza zientifikoa. Eta horretarako profesionalak behar dira. Arazoa da horrelakoak gutxi direla eta, seguru asko, ez dela gehiago izango etorkizun hurbilean; izan ere, bigarren hezkuntzako gure ikasleek gero eta hurbiltasun gutxiago agertzen dute zientziekiko eta matematikarekiko; hau da, STEM diziplinekiko.

Urruntze horri aurre egiteko eta gaizki izendatutako “bokazio zientifikoak” sortzeko orain arte martxan jarri diren ekimenak, funtsean, zenbait ikastetxek STEM arloak erakargarri egiteko ekinbideak izan dira, eta, emakumeen kasuan, erreferentziazko emakume zientzialarien ereduak erakusteko ekimenak. Ez dakit oso urrunera iritsiko ekimen horiek.

Beste herrialde batzuetako esperientziak erakusten du STEM ikasketei buruz ingurunean dagoen iritziaren eta balorazioaren arabera hartzen edo baztertzen dituztela ikasleek ikasketa horiek. Alde horretatik, lehen hezkuntzako eta derrigorrezko bigarren hezkuntzako azken ikasturteetako ikasleen familiei STEM lanbide horien berri emateko helburua izan duten ekimenak arrakastatsuak izan dira, eta ez da harritzekoa. Zientzia eta teknologia arloko karreretan arrakasta dutenei egozten zaien distira- eta bikaintasun-aire hori ezabatzen lagundu dute ekimen horiek, eta, era horretara, norberaren gaitasunari buruzko oso pertzepzio bestelakoak dituzten ikasleak hurbildu dira ikasketa horietara.

Hedapen sozialeko ekintzen bidez kultura zientifikoa sustatzea ere lagungarri bide da familiek eta ikasleek karrera horiekiko interes handiagoa izateko. Ekintza horiek eremu publikoan jartzen dituzte zientzia eta teknologia. Dibulgazio-ekintzen bidez hedapen sozialeko medioetan eduki zientifiko-teknologikoak transmititzea lagungarri da herritartasun arduratsurako irizpide-iturri bat izateko, baina horrez gain, ekintza horiek kultura zientifikoa eta teknologikoa sustatzen dute, haien garrantzi soziala nabarmentzen dute, eta, garrantzitsuena, eremu publikoan jartzean eta, beraz, ikusgaitasuna ematean, eduki horiei ospea ematen diete, eta, horri esker, gizarteak gehiago baloratzen ditu.

Lan hori agit-prop dela esatea gustatzen zait, eta zaila da zenbaterainoko garrantzia duen zehaztea. Lanbide horiek ekonomian, gizartean eta politikan duten garrantzia aintzat hartuta, merezi duten lekua emateko balio du lan horrek. Izan ere, erakusten dena, ikusi egiten da; ikusten dena, baloratu egiten da; baloratzen dena, estimatzera iritsi daiteke; estimatzen dena ikasleen interes profesionaleko bihur daiteke, edo gurasoek beren seme-alabentzat nahi duten etorkizun profesionala izan daiteke. Epe luzerako zeregina da hori. Fruituak ez dira bi edo hiru urtean iristen. Baina, Espainiako estatuan gutxienez, egiaztatu dugu herritarrek zientziarekiko adierazitako interesak gora egin duela erakundeen aldetik munta horretako ekimenak hartu direnetik.

Azkenik, baina ez horregatik garrantzi gutxiagorekin, STEM karrerak erakargarriak izan daitezen eta gazteak horiek ikastera anima daitezen, oso lagungarri izango da lanbideok soldata aldetik ere merezi duten aitortza izatea; hau da, enpresentzat, administrazioarentzat eta herrialdearentzat duten garrantziaren pareko ordaina izatea.

Partekatu albiste hau

Harremanetan jarri

Juan Ignacio
Pérez
Presidentea
Jakiunde

Hurrengo ekitaldiak