Apirilak 28, 2022
XXI. mende betean, pentsaezinak ziren bi asaldura gogor izan ditugu bata bestearen atzetik. Eta, testuinguru honetan, berrikuntzaren alde apustu egitea ez da lehentasunezko kontua, ezinbesteko kontua baizik.
Duela bi urte pasatxo hasitako pandemiak berealdiko shocka sortu zuen, eta horren eragin ekonomikoak azken 80 urteotako latzenak izan dira. Politika ekonomikoen erantzuna bikainari eta enpresen erreakzioari esker, ordea, lortu dugu suspertzea eta egoera bere onera ekartzea.
Ondoriorik mingarrienak atzean utzi eta susperraldia finkatzen ari ginean, ordea, salbuespenezko beste gertakari batek kolpatu gaitu: Ukrainako inbasioak. Nork pentsatuko zuen halakorik gerta zitekeenik non eta Europan, noiz eta XXI. mendearen hirugarren hamarkadan. Zoritxarrez, ordea, gertatzen ari da, eta gerrak berekin duen giza sufrimenduaz gain, egoeraren goitik beherako aldaketa gertatu da. Zaila da jakitea honek guztiak zer ondorio ekarriko duen. Gure ekonomietan jada pairatzen ari gara inflazioa, baina epe laburreko inpaktu hori baino askoz sakonagoak dira eraginak. Zalantzarik gabe, bizitzen ari garenak munta handiko aldaketa geoestrategikoak ekarriko ditu mundu osorako, eta, bereziki, Europarako. Europar Batasuna bat-batean jabetu da zein beharrezkoa duen energiaren, defentsaren edota teknologiaren esparruetan bere autonomia estrategikoa sendotzea.
Aldaketa horiek enpresa askoren estrategiari eragingo diote; izan ere, estrategia horien oinarrian zeuden paradigmak berrikuste-prozesu argian daude. Hornidura-kateen birdefinizioa da adibide nabarmena. Horren eragina, gainera, areagotzen ari da azken gertakariek sortu duten arrisku politikoa dela medio. Era berean, Europa osoan trantsizio energetikorako prozesua bizkortzeko prestatu beharko dugu, konbentzimenduz eta premiaz, energiaren esparru horretan behar besteko autonomia lortzeko plan baten barruan. Eta trantsizio-prozesu horrek beti ere arrazoizkoa izan beharko du. Digitalizazioa ere ez dugu ahaztu behar, prozesu geldiezina baita, eta gure lan egiteko eta gure bezeroekin erlazionatzeko moduak goitik behera aldatzen ari baita.
Aldaketa eta ziurgabetasun garaiak dira hauek, baina, aldi berean, aukerei bide emateko garaiak ere badira. Krisi batek berekin dakar eraldaketarako aukera; izan ere, status quoa apurtzen denean baldintza normaletan gauzatuko ez liratekeen aldaketak planteatzen dira. Garai berri hauetan lehiakorrak izango bagara, berritu egin behar dugu. Baina berrikuntzaz ari garelarik, zentzu zabaleko berrikuntza hartu behar dugu aintzat. Berrikuntza ez da mugatzen sektore berrietara edo aldi jakinetara. Berrikuntza bereiztea da, eta, beraz, errutinazko osagai bat ere badu; etengabeko prozesu bat da enpresaren barnean.
Prozesu berritzaile horretan herritarren eta oro har gizarte osoaren bizimodua hobetzea hartu behar dugu azken helburutzat. Hori da modu bakarra berrikuntza lehiakortasunerako abantaila bihurtzeko.
Berrikuntza, berritzea, gizakion berezko faktorea da. Beti joan gara berritzen.
Garapen zientifikoaren eta teknologikoaren bidez berrikuntzaren alde egin den apustua faktore erabakigarria izan da azken urteotan bizi izan dugun hazkunde ekonomiko eta sozial bikainerako. Baina testuinguru honetan, are azkarrago egin behar dugu, are disruptiboagoak izan behar dugu. Elkarri gero eta konektatuago dagoen merkatu batean ari gara lehiatzen, sektoreen eta enpresen arteko mugak erabat lausotzen ari baitira.
Eta, alde horretatik, enpresa-sektorearen eta erakundeen arteko sinergien alde apustu egiten jarraitu behar dugu. Innobasque bera da sinergia horien adibide bikaina: berrikuntza bultzatzeko zeregin horretan erreferentziazko eragile bihurtu da, eta berrikuntza faktore baliotsua da euskal ETE-entzat. Baina, oroz gain, enpresarien lidergoa hartu behar dugu aintzat. Enpresariak dira, beren proiektuekin, errealitatea eraldatzen dutenak, eta garai hauek horretarako dira: zuhurtasunez eta errealismoz, erabakiak hartzeko eta aldaketa gidatzeko.
Gure esku dago, gure ahaleginaren eta ikuspegiaren esku.