Abenduak 23, 2020

Euskadin hainbat eta hanbat enpresa ditugu gure herrialdea egoera zailenetan ere hazkundearen bidean jartzeko gaitasun, jakintza eta baliabideekin. Uste dut arazoen aurrean aurrera egiteko gaitasun eta erresilientzia hori gure kulturaren bereizgarria dela. Hainbat krisi gainditu ditugu, eta indartuta eta eraldatuta atera gara ataka zail horietatik; adibide bat baino gehiago jar daitezke, 1983ko uholdeak, esaterako. Aurrera egite horrek Europatik hurbilen dauden posizioetan kokatu gaitu, alderdi askotan.

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak berak, oraindik orain, berrikuntza digitaleko zentroen eredutzat aipatu du Euskadi, Europak interesa baitu gure zentroetan. Berrikuntzan oraindik ere bidea dugu egiteko, I+G arloan BPGaren :ren pareko inbertsiora iristeko, eta EBren helburuarekin bat etortzeko.

Hain zuzen, bide hori egiten ari ginen 2020an, Europako beste eskualde batzuen mailara hurbiltzen, pandemia iritsi zenean. Eta aurrekaririk gabeko egoera horretan, pentsatu eta ekintzara pasa, biak egin behar izan genituen aldi berean, eta hori ez da erraza. Osasun-krisiaren eraginpeko egoera berri honetan baldintzak aski zailak dira, eta halabeharrez bidean geldialdi bat egin behar izan dugu hausnartzeko nola egingo diogun aurre etorkizunari Europan erreferentzia izaten jarraitzeko eta horretarako estrategiak zehazteko.

Bi osagai dira ezinbestekoak gaur egungoa bezalako krisi bat eraldaketarako palanka bihurtzeko eta berrikuntzaren aldeko ingurune bat sortzeko: pertsonak eta teknologia, baina beti ere pertsonak erdigunean jarrita; izan ere, haien bultzadarik, sormenik eta espiritu berritzailerik gabe, ezer ez litzateke posible izango. Ez dago herrialde berritzailerik, ez enpresa berritzailerik, ez berritzen duen gizarterik. Herrialdeak, enpresak eta gizartea berritzaileak izatea ahalbidetzen duten pertsonak daude, beti ere teknologia egokia eskueran dutela.

Gehiengo zabala bat dator beharrezkoa dela gure erakundeetan etengabeko berrikuntza bultzatzea, eta, orobat, komenigarria dela balio berria sortzea, eta ez horrenbeste prezioagatik soilik lehiatzea. Hori dela eta, gaur egun, inoiz baino gehiago, hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea da. Eraldaketa lortuko badugu, ezinbestekoa da digitalizazioa gure balio-katean txertatzea, prozesuak eraginkorragoak egitea eta negozio-eredu berritzaileak garatzea, eta eraldaketa horretan, azkartasunez jokatzea da helburu nagusietako bat.

Iraganean produktua sortzea zen lehentasun nagusia, eta gaur egun, aldiz, enpresek teknologia aurreratuetan oinarritutako soluzio eta zerbitzu berritzaileak nahi dituzte, negozioa bultzatzen duten palanka diren aldetik, diru-iturri berriak sortzeko eta lehendik daudenak optimizatzeko, prozesuen automatizazioa bideratzeko eta erabakiak hobeto hartzeko, mundu mailan buruz buru lehiatzea helburutzat harturik. Izan ere, guztiok bat etorriko gara merkatuak jada ez duela mugarik.

Inguruan eta esparru guztietan ditugu eraldaketa hori ahalbidetzen duten teknologiak, eta, konektagarritasunarekin batera, gure indarguneetako bat dira: big data eta analytics, gauzen internet, adimen artifiziala, errealitate areagotua, cloud computing, deep learning, biki digitalak, fabrikazio aditiboa, 5G plataformen garapena…

Aldaketa teknologikoen abiadurak, iraultza digital honetan, alderdi bikoitza du. Alde batetik, teknologia berriak eta digitalizazioa gero eta beharrezkoagoak dira lehiakortasuna hobetzeko, baina, bestetik, gai izan behar dugu gure lanean eten bat egiteko eta hausnartzeko nola optimizatu genezakeen gure enpresa-prozesuen funtzionamendua; ezinbestekoa da gogoeta hori ere.

Enpresa teknologikook erronka garrantzitsua dugu: lankidetza-esparru publiko-pribatu batean berrikuntza ireki eta globaleko ereduak lantzeko eta babesteko balioko duten soluzio globalak sortzea. Izan ere, etengabeko borroka horretan irauteko, ezinbestekoa da erakundeen babes irmoa izatea, gure enpresek jarrai dezaten kalitatearen eta eraginkortasunaren ispilu izaten

Bide horretan, ezinbestekoa da lankidetza. Beste eragile batzuekin eta erakundeekin. Euskadin, Jaurlaritzak konpromiso sendoa du berrikuntzarekin, eta halaxe erakusten du urtez urte aurrekontuetan. Eta enpresak hor egongo gara, estrategia hori babesten, zalantzarik gabe trakzio eragina baitu ekonomia osoarentzat.

Partekatu albiste hau

Harremanetan jarri

Xabier
Iturbe
Presidentea
Grupo Euskaltel

Hurrengo ekitaldiak