Urriak 8, 2020

COVIDak sortu duen pandemiak gure lekuan jarri gaitu, aspalditik ezagunak genituen arazoak eta egoerak nabarmenago eginez eta lehendik hor egon arren gehienontzat hain ezagunak ez ziren beste batzuk ere azaleratuz.

Alabaina, eraginak eta ondorioak ez dira berdinak izan herrialde guztientzat, eta lagun on baten esaldia etorri zait orain gogora, pertsonei buruz esandakoa: “Mundu guztiari gerta dakioke dena, baina zergatik berdinei gertatzen zaie ia beti?”. Esaldi horrek berdin balio du herrialdeentzat, baina, idatzi honen luzera mugak aitzakiatzat hartuta, ez dut horretan sakonduko, eta, hartara, hori egiteko nire ezgaitasuna besterik ez da geratuko ezbaian.

Bitxia da birus hauek eta bereziki honek, etengabe mutatuz –hau da, bere erara “berrituz”–, formula magistrala lortu duela, eta hankaz gora jarri duela gizateria. Horren aurrean, erreakzionatu egin behar izan du alderdi askotan, besteak beste txertoaren bilaketan, eta horretarako baliabide kopuru kontagaitzak bideratu ditu sendabidea garatzeko denbora birrintzeko. Adibide honek balio beza Pernandoren egia bat nabarmentzeko: orokorrean, berrikuntzaren arloan, arrakasta horretara bideratzen diren baliabideen proportzionala da zuzen-zuzenean. Kalitatea ahaztu gabe, kantitatea garrantzitsua da, eta antzematen da baliabide gehiago jartzen duten herrialdeek hobeto eta gehiago berritzen dutela eta hobeto doakiela.

Hauxe da berrikuntza erabilgarria lortzeko beste faktore nagusi bat: bezeroari edo gizarteari horren truke ordaintzeak mereziko dion zerbaitetan indarra jartzea, dela oraindik bete gabeko beharrizan bat asebetetzen duelako, dela lehendik dagoen esperientzia bat hobetzen duelako. Gauza bera esan daiteke berrikuntza beste arlo batzuetan sortzen denean: prozesu batean edo negozio-eredu batean, adibidez. Lastima da ezin dela kalkulatu birus berritzaile horren aurkako txerto on baten balioa, baina seguru infinitura hurbiltzen dela.

Baina aurrekoa ez da nahikoa, baldin eta ez bada aurreikusten lehiatzeko eta berrikuntza horrekin negozio iraunkor bat egiteko gaitasuna, baliabide propioekin edo beste batzuekin lankidetzan, gizarterako enplegua eta aberastasuna sortuz. Zer gertatzen da beste laborategi batek lehenago aurkitzen badu txertoa, edo hobea bada, edo merkeagoa, edo ekoizteko eta banatzeko gaitasun handiagoa eta hobea baditu, eta abar? Kasu honetan ere ezin dugu kalkulatu noiz, zenbat eta nola, baina hondamendi ekonomikoa segurua da.

Horrekin guztiarekin esan nahi dudana da berrikuntzaren ikuspegia ingeniaritzari oso lotua dela; hala, uste dugu arazo teknikoa edo antolaketakoa konponduta, kito, bukatu dela, baina ez da horrela. Ideia bat izatea eta konponbide teknikoa ematea meritu handikoa da, baina ez da nahikoa. Bisualizatu egin behar dugu nola lehiatuko dugun, bezeroak zergatik erosiko digun guri, gure negozioa nola eta zergatik izango den lehiakorra mundu honetan non jende asko dagoen pentsatzen eta baliabideekin, eta ideia berritzaile eta esklusibo bat izatea ia ezinezkoa den, eta hori guztia lehiakortasuna markatzen duten parametro ekonomikoak birusa bezala mutatzen diren ingurune batean.

Esandakoak esanda, konbentzituta nago zein den behar dugun txertoa: berrikuntza gehiago eta eraginkorragoa. Ez dut ezer berririk asmatu eta irudipena dut mundu guztiak dakiena idatzi dudala Alabaina, ez dugu beti horrela jokatzen, eta horren adibide asko datozkit burura. Gainera, gizakiak garelako eta agian ez garelako birusak, beti hutsegite berberetan jausten gara.

Partekatu albiste hau

Harremanetan jarri

Iñigo
Ucín
Presidentea
Corporación Mondragon

Hurrengo ekitaldiak