Irailak 16, 2020

Adostasun dezentekoa dago COVID-19ak eragindako krisiaren elementu esanguratsuenei buruz: gertaerak bata bestearen atzetik zein azkar gertatu diren eta gertaerek zer-nolako ahalmen disruputiboa izan duten, horiek dira, gehiengo zabal baten iritziz, krisiaren bereizgarri nagusiak. Alegia, denbora tarte laburrean aldaketa sakonak gertatu dira bata bestearen atzetik, eta horrek jarduteko beste eszenatoki batzuk sortu ditu. Gauzak horrela, hausnartu behar dugu ea, egoera berri honetan, merkatuei eta gizarteari begirako gure proposamenak balio sortzaile diren lehiakortasun aldetik, edo, aitzitik, birformulatu egin behar diren.

Balioa hautemateko moduan izan den aldaketa horren kausak bi izan daitezke: gizarteak bere eskala aldatu izana balio hori kategorizatzerakoan, edo eszenatokiak nabarmen aldatu arren, gure erakundeak lehengoan ainguraturik egotea.

Bata bestearen atzetik gertatu diren aldaketen azkartasuna eta sakontasuna izanik gure errealitatearen ezaugarrietako bat, gure erakundeen egiturak eta kulturak erronka handi horri erantzun behar diote. Gure erakundeek egitura ahalik eta lauenak izan behar dituzte, eta egitura horren baitan, arduren arteko mugek elastikoak izan behar dute egoera berriak modu naturalean barneratzeko, eta erabakiguneek ahalmena izan behar dute datu eta informazio nahikorik gabe erabakiak hartzeko; izan ere, gaur egun beharrezkotzat jo ditzakegun informazio eta datu horiek gabe hartu beharko dituzte seguruenera erabakiak. Une jakin honetan, erabakirik txarrena berandu hartutakoa da, edo, are okerragoa, hartzen ez dena. Finean, gure antolaketa-egiturek esku-hartzeen azkartasuna, estrategien etengabeko aldaketa eta komunikazio intentsiboa bideratu behar dituzte.

Irudi du antolaketa-egiturak kaxa eta fluxuen marrazki soil bat direla, eta kaxa eta fluxu horietan gordetzen direla garatzen diren funtzio guztiak, baina zoritxarrez ez da horrela. Aitzitik, sinkronia bat egon behar du horien eta gure konpainien errealitate kulturalaren artean. Kultura horrek elkarlana sustatu behar du, erabaki azkarrak saritu behar ditu, ez ditu hutsegiteak zigortu behar eta jakin behar du dena kontrolpean izan gabe lan egiteak sortzen duen estuasuna modu egokian kudeatzen, ez baitugu dena kontrolpean izango.

Gure erakundeek prest egon behar dute erabiltzaile / kontsumitzaile berriei erantzuteko. Berriak diogu, batetik, logikoa den bezala belaunaldi gazteak (millennial eta Z) hasi direlako kontsumitzen, eta, bestetik, kontsumo-gizarte horretan lehendik geunden belaunaldien paradigma aldaketa bat ere gertatu delako.

Lehen egiten ez zizkiguten galderei erantzuteko prest egon behar dugu. Ez digute galdetuko, besterik gabe, zer eskaintzen diegun eta nola jartzen ditugun gure produktuak / zerbitzuak merkatuan; aitzitik, zergatik eta zertarako egiten dugun hasiko zaizkigu galdetzen. Azken batean, gure produktuek/zerbitzuek haiei, kontsumitzaile diren aldetik, ematen dieten balioari buruz ez ezik, marka/erakunde gisa gizarteari ematen diogun balioari buruz eta bultzatzen gaituen xedeari buruz ere galdetuko digute.

Arrazoi nagusi horrexegatik egituratu behar dute gure erakundeek beren bezero/erabiltzaileekin etengabe hartu-emanean egotea helburutzat harturik. Bezero/erabiltzaileei modu aktiboan entzuteko prozesuak ezarri behar dituzte, haiekin solas egiteko, ez soilik produktu eta zerbitzuei buruz, baita balioei eta sinesmenei buruz ere.

Horretarako prestatu behar ditugu gure erakundeak, konpetentzia berritzaileak izan ditzaten antolaketa-egituren garapenean eta gure erabiltzaileekin izan beharreko hartu-emanen definizioan, modu horretara, haien jokabideak, jarrerak eta balioak aintzat har ditzagun.

Azken batean, berritu egin behar dugu, gure erakundeak malguagoak izan daitezen, lankidetzan aritzera emanagoak, gizatiarragoak, garrantzitsuagoak, digitalagoak eta iraunkorragoak, eta, batez ere, artezago mugi daitezen duda-mudako inguruneetan.

Partekatu albiste hau

Harremanetan jarri

Jon
Fernández
Zuzendari nagusia
ORBEA

Hurrengo ekitaldiak