Irailak 10, 2020

Zenbat aldiz entzun ote dugu esaldi hori, kontsumitzaile gisa, saltokiren batera zerbait erostera sartu izan garenean. Eta, horrelako kasuetan, bi saltzaile mota izaten dira: “edozer saltzeko” gupidarik ez dutenak, eta lehen-lehenik zer behar duzun jakin nahi izaten dutenak, ondoren laguntza emateko.

Jabetzen naiz krisi garaiotan beti dagoela tentazioa berrikuntzan gutxiago inbertitzeko. Eta, zoritxarrez, tentazioa, kasu askotan, bete egiten da, iraganeko kasu askotan egiaztatu dugunez. Sinesmen sendoa dut, ordea, inbertsio horiek handitzeko unea dela, eta ez murriztekoa; izan ere, gure enpresek biziraungo badute, gai izan behar dugu gure bezeroen beharrizanei erantzuteko, eta, gainera, ahalik eta modurik eraginkorrenean egin behar dugu.

Berrikuntzan inbertitzea ezinbestekoa da, baina, aldi berean, jabetzen naiz zaila dela datorren urterako aurreikuspenetan murrizketarik ez egitea, enpresa askok eta askok aste honetan bizirik irautea beste helbururik eta jomugarik ez baitute.

Horrenbestez, ulertzen dut errealitate bikoitz hori, eta uste dut bereizi egin behar ditugula, alde batetik, inbertsioa eta, bestetik, mentalitatea, inork ez dezan esan ezin duela berritu, “ez duelako dirurik”. Izan ere, saltzailerik onenak ez dira beti berritsuenak izaten, eta, modu berean, berritzaileenak ere ez dira beti diru gehien xahutzen dutenak izaten, zer arazori konponbidea eman nahi dioten argien dutenak baizik.

Azken batean, zer da, bada, berrikuntza? Nire iritzian, berrikuntza “norbaiten arazoei soluzioa ematea da, eta norbait hori soluzio horren truke ordaintzeko prest egotea”. Definizio hori ez da ausaz oso akademikoa, baina gogoko dut, bezeroa hartzen duelako ardatz, eta haren arazoei konponbidea bilatzea lehenesten duelako. Eta, gainera, balioa emango duen ikuspuntua hartzen du oinarri. Hau da, ez zerbait ematea emate hutsagatik, baizik eta kontsumitzailea ohar dadila soluzio horren balioaz, eta prest egon dadila “dagokiona ordaintzeko”. Premisa hori garrantzitsua da beti, baina askoz gehiago testuinguru zail honetan, non dirua urriago izango baita eta gure bezeroek lehenetsi egin beharko baitute zertan gastatzen duten.

Ez da gozoa entzutea, baina zoritxarrez enpresa askok ez daukate argi zer arazori eman nahi dioten konponbidea. Zorionez, ordea, enpresa guztiok entzun diezaiekegu gure bezeroei. Enpresa guztiok izan ditzakegu bilerak haiekin, zer arazo dituzten, zerk larritzen dituzten eta zertan hobetu dezakegun jakiteko. Eta hor jarri behar da balioan berritzeko mentalitate hori. Izan ere, berrikuntzaren funtsa ez da inbertitzea soilik; berrikuntza da, orobat, egunez egun hobetzea, bezeroen lekuan jartzea eta gure enpresak arazoa konpontzen nola lagundu diezaiekeen pentsatzea, bezeroa horren truke ordaintzeko prest egonik.

Garbi dago zein den saltzailerik onena: denda batera zoazelarik zer behar duzun hobekien ulertzen duena eta saltokian daukana zure beharrizanetara egokitzen dakiena. Bada, gisa berean, bezeroen beharrei erantzunik onena emateko mentalitatea duten enpresak aterako dira indartsuen krisi honetatik.

Eta entzuten dakien saltzaile bat edo saltzaile hitzontzi bat izatea berdin kostatzen den moduan, berritzeko mentalitatea izatea ere ez da dirurik kostatzen; areago, enpresa eta herrialde gisa nor garen adierazteko zigilu izan daiteke.

Beraz, galde diezaiegun gure bezeroei: Egun on, Nola lagundu zaitzaket?

Partekatu albiste hau

Harremanetan jarri

Ignacio
Muñoz
Zuzendari nagusia
Angulas Aguinaga

Hurrengo ekitaldiak