Enpresa batzuek erretiro-adinetik gertu dute plantillaren zati bat, eta enpresa horien erronka handienetako bat da ziurtatzea ezagutza zuzen transmitituko dela erretiratuko direnen eta beren erantzukizunen lekukoa hartuko dutenen artean. Hori bada zure ETEaren kasua, gogoratu Euskal Enplegu Zerbitzuak (Lanbide) eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak Euskadiko enpresa txiki eta ertainen esku jartzen dutela doako eta banakako laguntza-zerbitzu bat, Lan Mentoring programaren bidez. Programak aukera ematen die 10 eta 249 pertsona arteko plantillak dituzten enpresei aholkularitza espezializatuko 50 ordu jasotzeko guztira; horrek aukera emango die enpresaren lehiakortasunari eusteko belaunaldi‑erreleboan.
Programa ezagutzera emateko parte hartzeko interesa duten enpresen artean, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako adituak aurkezpen-ekitaldietan ari dira parte hartzen: aste honetan, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean eta Gasteizko Europa kongresu-jauregian antolatu dira. Lehen topaketan, Gotzon Bernaola Agentziaren Enpresa Berrikuntza Arloko koordinatzaile nagusiak Lan Mentoring programaren bidez ezagutzaren transferentzia planifikatzearen abantailak azaldu ditu Basque Food Cluster erakundeak antolatutako “elikaduraren balio-kateko enpresen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko II. eztabaida irekian”. Bestalde, Goizalde Atxutegi sail bereko koordinatzaile operatiboak Gasteizko Udalak bildutako Arabako ETE batzuei azaldu zien zer motatako ekintzak egin daitezkeen prozesua arrakastaz ixteko programako parte-hartzeak irauten duen sei hilabeteko epean.
Bi adituek programaren hiru etapak azaldu zituzten (diagnostikoa, aholkularitza eta laguntza), eta metodologiak aukera ematen die ETE-ei plantilla sistematizatu eta prestatzeko, antzeko prozesuak jorratu ahal izateko modu autonomoagoan.
Topaketa horiek jarraipena izango dute datozen asteetan, programa ahalik eta ETE gehienetara hel dadin. Momentuz, topaketa hauek finkatu dituzte:
-Martxoak 2: Fundación Laboral San Prudencio (Gasteiz). Informazioa eta izen-emateak esteka honetan.
-Martxoak 9: Urola Erdiko Garapen eta Berrikuntza Agentzia (Iraurgi Berritzen)
-Martxoak 13: Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa-KONFECOOP
-Martxoak 14: Makina-erreminten Fabrikatzaileen Elkartea (AFM)
-Martxoak 17: Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa-KONFECOOP
-Martxoak 22: Gasteizko Udala
Lan Mentoring programari eta aurkezpen-jardunaldietan parte hartzeari buruzko informazio gehiago lortzeko, kontsultatu esteka hau, idatzi [email protected] helbidera edo deitu 944 209 188 telefono-zenbakira.