Bilboko Udalak eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak lankidetza-hitzarmena sinatu dute STEAM Euskadi Hezkuntza Estrategia bultzatzeko. Estrategia Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak zuzentzen du bi entitateek eskola arloz kanpo sustatzen dituzten hezkuntza-aisiako jardueretan. Hitzarmena Udalak eta Innobasquek gazteen zientzia, teknologia eta berrikuntzarekiko interesa piztu behar dela uste dutelako sortu da. Horretaz gain, entitateek gazteei talde-lana, komunikazioa, ekimena, kontzientzia kritikoa edo arlo komunitario eta sozialean azaltzen diren arazoak konpontzeko zeharkako gaitasunak garatzen lagundu nahi diete, emantzipazioan eta garapen profesional eta pertsonalean laguntzeko; hori da, hain zuzen ere, hitzarmenaren beste helburu nagusia.

Hitzarmenak Udalaren eta Innobasqueren konpromisoa indartzen du, eta, horretarako, haur, nerabe eta gazteek STEAM diziplinetan (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak) gaitasun eta bokazio zientifiko eta teknikoak lortzea sustatzen dituzten ekimenak bultzatzen dira.

Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzi Itxaso Errotetak azpimarratu du “Bilboko Udalak bere ekintza‑helburuen artean autonomia laguntzea du gazte bilbotarren emantzipaziorako sarbiderako premiazko elementu gisa; prozesu hori haurtzarotik hasita bultzatu behar da, hezkuntza ez‑formaleko eremuen bidez, hezkuntzak zein gizarteak orain eta etorkizunean aurkezten dituen erronkei aurre egiteko behar dituzten gaitasunak sortzen laguntzeko”. Udalaren helburua ekimen hori mailaka Bilboko auzo guztietara eramatea da, Gaztegune eta gazteen hornikuntzen bidez, neskak sartzeko ahalegin berezia eginez.

Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Leire Bilbaok adierazi duenez, “erabaki ezin hobea izan da gazteen aisialdia STEAM Hezkuntzarekin lotzea; izan ere, horri esker zientzia eta teknologia helarazi ahal zaie modu atsegin eta lagunkoian, eta eskoletan, hezkuntza formalagoan, egiten diren jarduerak osatzen dira”.

Bilboko Udalak eta Innobasquek elkarrekin egingo dute lan STEAM arloaren norabidea zuzentzeko eta gaitasun horien ikasketa sustatzen duten ekimenak garatzeko. Jarduera horiek dagoeneko Udalak arlo berean eta helburu berekin egiten ari direnei gehituko zaizkie, esate baterako:

  • FIRST LEGO League Euskadi: 14. edizioan, Explorer Basurtuko Kideguneko Explorer kategoriakoek (6-9 urte) eta Otxarkoagako Gazteguneko Challenge kategoriakoek (10-16 urte) parte hartuko dute Deustuko Unibertsitatean martxoaren 4an egingo den lehiaketan. Aurtengo erronkaren izenburua Superpowered da (Superbotereduna), eta parte-hartzaileek, berrikuntza-proiektuak eta robotak garatzerakoan, zenbait gai aztertu behar izan dituzte: nondik datorren energia, nola banatu, biltegiratu edo erabiltzen den.
  • BIZILABE: Elhuyarrek Bilboko Udalarekin lankidetzan sustatutako programa, gazteek aukera izan dezaten ikerketa-proiektuetan sakontzeko eta harremanetan jar daitezen inguruko teknologia-sarearekin. Gaur egun, programa Zorrotzako Kidegunean, Otxarkoagako eta Deustuko Gazteguneetan eta Otxarkoagako udalekuetan garatzen da. Datozen egunotan, Basurtuko Gaztegunean ere hasiko da.
  • Green Power Iberia-Bridgestone: Greenpower-Bridgestone Nazioarteko Zirkuitua Alfonso Líbano Firestone Fundazioak sustatutako txapelketa da, Bridgestoneren Espainiako Taldearekin lankidetzan. Bere helburua da mugikortasun jasangarria eta STEM (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikak, ingelesez) gaitasunak sustatzea, 9-25 urteko gazteen artean: beren auto elektrikoak diseinatu eta eraiki ditzatela, eta ikasturtean zehar horiekin lehia daitezela. Otxarkoagakoa izan zen programa horretan parte hartzen lehenengoa. 12 eta 15 urte arteko 3 neskak eta 4 mutilek osatutako ekipo bat sortu zuen. Lortutako emaitza onak ikusta, beste Gaztegune batzuk ere animatu dira, eta beren taldeak sortzeko aukera aztertzen dabiltza.

Ekimen horiei guztiei esker, hezkuntza ez-formalaren eremuan Eusko Jaurlaritzak gidatuta STEAM Euskadi Estrategia garatzen ari diren udalerrien buruan dago Bilbo, non aisialdiko programazioa baliatzen baita nerabe eta gazteen prestakuntza zientifiko eta teknikoan laguntzeko eta zaletasun teknologikoak sustatzeko, neskei arreta berezia jarriz.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago