Jundizeko Enpresarien Elkarteak, Vitoria-Gasteizko Udalak eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak jardunaldi bat antolatu dute Jundizeko enpresei berrikuntza eguneroko beharrei erantzuteko eta emaitzak hobetzeko erabiltzen laguntzeko. Topaketaren helburua da ETE-ei azaltzea berrikuntza erakundearen edozein arlotan aplikatzeak lehiakortasuna areagotu dezakeela. A&B Laboratorios de Biotecnología enpresaren egoitzan izan da, enpresa-parkean bertan.

Jardunaldia A&B Laboratorios de Biotecnología-ko zuzendari nagusi Patricia Gutiérrez Serranoren eta Jundizeko Enpresen Elkarteko presidente Manuel Allenderen ongietorriarekin hasi da. Horiek hitz egin ondoren, Luis Manerok (Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako ETE-etako Berrikuntzako zuzendaria) eta Juncal Ibeasek (Vitoria-Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustatzeko Saileko Enpresa eta Industria Zerbitzuko burua) enpresa txiki eta ertainei berrikuntzaren arloan laguntzeko dituzten zerbitzuak aurkeztu dituzte. 

Ondoren, Jundizeko Enpresa Parkean dauden lau enpresa txiki eta ertainetako ordezkariek bertaratutakoei azaldu diete nola berritu dituzten hainbat alderdi (produktua, pertsonen kudeaketa, bezeroak edo negozio-eredua) eta nola heldu dieten arrakastaz beren enpresa-erronkei. Zehazki, hainbat sektoretako ETE-en esperientzia berritzaileak ezagutuko dira, hala nola kimika (Jon Kepa Izaguirre, A&B Laboratorios de Biotecnología-ko Kalitate eta Berrikuntza zuzendaria), ingeniaritza (Martín Ferreyra, Automach Ingeniería-ko zuzendari komertziala), garraioa eta logistika (Gorka Salas, Duvenbeck Logística-ko kontuen kudeatzailea) eta elikagaigintza (Alfonso Sáenz de Cámara, Udapako bazkidea eta zuzendaria). Eztabaida Gotzon Bernaolak moderatu du, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako Enpresa Berrikuntzako koordinatzaile nagusiak.

Programa amaitzeko, ‘Hurrengo urratsak’ hitzaldia egin da, eta Luis Manerok hartu du hitza, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako ETE-etako Berrikuntzako zuzendariak, Jundizeko enpresek laguntza-zerbitzura sartzeko eman ditzaketen pausoak azaltzeko. Amaitzeko, ‘networking’ gune bat egon da, eta nahi izan duten enpresek bertatik bertara ezagutu ahal izan dute, minutu gutxiren buruan, zein berrikuntza-maila duten eta zer laguntza eta zerbitzu dituzten eskura beren erronkei eta beharrei aurre egiteko.

Jardunaldian parte hartzen dute hauek: A&B Laboratorios de Biotecnología, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterra, 2030 Garapen Jasangarriaren Aldeko Arabako Aliantza eta UNESCO Etxea.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago