Roberto Manso, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako proiektuen arduradunak atzo arratsaldean aurkeztu zuen Euskal Berrikuntzaren Mapa, urriaren 24tik 27ra egingo diren Think On Topaketen bigarren edizioan. Topaketa horiek Innobasqueren bazkide den Think on Marketing marketin digitaleko agentziak antolatu ditu. Lehenengo hiru jardunaldiak online formatuan egingo dira, eta azkena aurrez aurrekoa izango da.

Euskal Berrikuntzaren Mapa plataforma berezia da; izan ere, konponbideak ematen ditu enpresei berritzen laguntzeko. Gainera, 128 kasu praktiko baino gehiago dituen bilatzailea dauka, baita Berrikuntzako Ekosistemako 280 eragilek emandako 817 konponbide, eta horietarako kontaktu zuzena ere. Mapa Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren eta eragileen arteko lankidetzaren emaitza da. Eragile horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: enpresak, ezagutza-eragileak, eragile publikoak, toki‑garapenerako agentziak, finantza-erakundeak eta eragile sozialak. Mansok azaldu zuenez, Mapak berehalako profila du bilaketa doitzeko, eta 10 minutu baino ez ditu behar kasu bakoitzerako konponbide egokienetara bideratzeko.

 

 

Partekatu albiste hau