Gaur goizean Bilboko Itsasmuseum eraikinean, Idoia Mendia lehendakariordeak eta Lan eta Enpleguko sailburuak Lan Mentoring izeneko zerbitzu aitzindaria aurkeztu du, hau da, belaunaldi-erreleboari arrakastaz heldu nahi dioten ETE-ei laguntzeko doako zerbitzua. Lanbidek ekimen hau sustatu du Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren laguntzarekin.Aurkezpen-ekitaldian honakoek parte hartu dute: Tomas Arrieta energiaren sektoreko zuzendari eta ingeniariak eta “Activos de Gran Experiencia” delakoaren zuzendariak; Maite Martinez Granado Lanbideko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak; Mikel Lopez de Arkaute Guridi Emuneko kontsultoreak; Gloria Múgica Conde Lanbideko zuzenari nagusiak; eta Gotzon Bernaola Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren Enpresa-berrikuntzako koordinatzaile nagusiak. 

Azken honek nabarmendu du Lan Mentoring Euskadin kokatzen diren ETE-ei zuzenduta dagoela, 10 eta 249 langile arteko plantillak dituztenak eta beren jarduera industriara, industriari lotutako zerbitzuetara, IKTetara, logistikara edo handizkako merkataritzara zuzenduta dutenak. Zerbitzu horrek, sei hilabeteko iraupena duen prozesu batean, belaunaldi-erreleboak erraztuko ditu, enpresaren jakintza era egokian transferi dadin eta enpresan bertan gera dadin.

Honakoak dira belaunaldi-erreleboa Lan Mentoring bidez kudeatzea erabaki duten enpresek izango dituzten abantaila nagusiak: 

–       Talentua eta ezagutza galtzea saihestea.

–       Negozioko lanpostu gakoen jardunean jarraitutasuna bermatzea.

–       Plantillaren motibazioa hobetzea.

–       Taldeko pertsonen eta sartzen diren berrien garapen profesionala sustatzea.

–       Lanpostuen deskribapena berrikustea ahalbidetzea.

 “Belaunaldi-erreleboaz hitz egiten dugunean ez dugu soilik erakundeen ondorengotzaz hitz egiten. Belaunaldi-erreleboak enpresatik atera behar diren pertsona garrantzitsuak eta beren postuko funtzioak antzera edo hobe egingo dituzten ordezkoak identifikatzea ahalbidetzen digu. Errelebo hori modu metodikoan, antolatuan eta aurretiaz egiteko planifika daiteke egoerari aurre egin behar izan aurretik. Modu naturalean eta pixkanaka gerta dadin antolatu behar da, ez arazo bati erantzuna emateko ekintza saihestezin eta berantiar gisa”, adierazi du Bernaolak. 

Horrez gain, jakinarazi du Lan Mentoring zahartzeak Euskadiko lan-merkatuan izango duen eraginari aurre egiteko sortu dela; izan ere, bizi-itxaropena hazten ari baita, eta jaiotza-kopurua gutxitzen. 

Informazio gehiago esteka honetan.

 

 

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago