Bilboko Begoñazpi ikastolako eta Gasteizko Urkide ikastetxeko taldeek larunbatean parte hartu zuten Espainiako FLL finalean Torremolinosen (Málaga). Bertan Berrikuntza Proiekturako 2. saria eta FIRST balioentzako 3. saria lortu zituzten, hurrenez hurren. Bertako Biltzar Jauregian 48 taldetan antolatutako 450 ikaslek hartu zuten parte. Horien artean martxoan FIRST LEGO League Euskadi‑n sailkatu ziren 6 euskal taldeak zeuden: Stem Toki-Edurobotic, San Fidel ikastola, Axular Lizeoa, Arizmendi ikastola eta saria jaso duten Begoñazpi ikastola eta Urkide ikastetxea. Nafarroako Legotronic Beavers eta Tenerifeko Aldeatrón Robotix taldeak apirilaren 23an eta 24an, Houstonen (AEB) egingo den mundu mailako finalera joango dira.

Begoñazpi ikastolako taldearen proposamena pneumatikoak osatzen dituzten zuntzak berrerabiltzea da, paketeak banatzeko kutxa jasangarriagoak sortzeko. Urkide ikastetxeko taldeak, berriz, etxeko animalien garraioa hobetzeko proposamena egin du, erosoago, babestuago eta hobeto zainduta joan daitezen.

16. FIRST LEGO League Espainia txapelketako final handiak 1.200 parte‑hartzaile, familiako kide eta gonbidatu baino gehiago bildu ditu. Ekitaldia Ingeniera Soy elkarteak antolatu du, eta parte hartu duten gazteek hainbat hilabetez lan egin dute robot bat diseinatzen eta programatzen eta erakundeak mundu osoarentzat planteatutako erronkaren inguruko arazo bat konponduko duen berrikuntza-proiektu bat garatzen: ondasunen eta salgaien garraioa. Balioak dira txapelketak puntuatzen dituen hirugarren oinarria. Izan ere, aurkikuntza, berrikuntza, eragina, inklusioa, elkarlana eta dibertsioa zer jarrerarekin ordezkatzen duten azaldu behar dute gazteek. 

FIRST LEGO League nazioarteko programa da, 110 herrialdetan egiten da, eta 6 eta 16 urte bitarteko ikasleengan zientzia eta teknologiarekiko interesa sustatzen du. Euskadin, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatzen du FIRST LEGO League, Deustuko Unibertsitatearekin, Donostia Sustapenarekin eta Mondragon Unibertsitatearekin batera. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru‑aldundien babesa du. Txapelketa STEAM Euskadi Hezkuntzako Estrategiaren parte da. Estrategia hori Eusko Jaurlaritzak zuzentzen du, eta ikasleen zientzia eta teknologiaren inguruko ezagutza maila hedatzea du helburu, bereziki neskei dagokienez.

 

Partekatu albiste hau