“Ikerketako Europako Espazioa sortzeko ikertzaileen sektore arteko ibilbide profesionalak babesten” kongresuan, zeina formatu birtualean atzo eta gaur egin den, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako Berrikuntza Politiken koordinatzaile Alaitz Landaluzek parte hartu du. Jardunaldiak Bizkaia Talent, Fecyt eta British Council-ek antolatu dituzte Euraxess ikertzaileei laguntzeko Europako ekimenaren esparruan eta horietan ikerketa-karreretan sektore arteko mugikortasuna jorratu dute, hainbat interes-talderen ikuspegitik.

Landaluzek euskal berrikuntzaren ekosistema aurkeztu du, non guztira 19.619 pertsona aritzen diren ikerketa-lanetan, hau da, langile guztien % 1,87. Zifra hori handiagoa da Europakoa (% 1,41) eta Espainiakoa (% 1,01) baino. Gainera, Euskadi da bere BPGari dagokionez finantzaketa gehien jaso duen Europako bederatzigarren eskualdea berrikuntzari eta ikerketari laguntzeko Europako aurreko programan. Zehazki, Euskadik 869,3 milioi euro jaso ditu. Aurkeztutako proposamenen arrakasta-ratioa % 19koa izan da, eta Europakoa % 12koa. Horregatik guztiagatik, Euskadi berrikuntza handiko eskualdea da Europan, ikertzaileen sektore arteko mugikortasuna sustatzen duena.

Partekatu albiste hau