Europako Batzordeak aurreratu du nolakoak izango diren lehen bost ikerketa- eta berrikuntza-misioen lan-programak. Aste honetan azalduko dizugu zein den hamarkada honetan gutxienez ehun hiriren klima-neutraltasuna lortzeko xedea duena.

 

2. zutabeko ikerketa-misioen lan-programen errepasoan dagoeneko aipatu ditugu klima‑aldaketarako egokitzapenari, minbiziaren aurkako borrokari eta gure ozeano eta uren babesari buruzkoak, eta aste honetan gure hiriak jasangarriago bihurtzeko xedea duenaz mintzatuko gara. Haren bidez, EBk Europako hiriguneak hiri adimendunak eta klimatikoki neutroak bihurtu nahi ditu, eta, aintzat hartuta misioen xedea dela helburu argi eta neurgarriak zehaztea, misio honena da ehun hirik urrats hori egitea epe laburrean. Horrez gain, esperimentazio- eta berrikuntza-zentro bihurtu nahi dira, aldaketa hori gainerako hirietan ere ahalbidetzeko.

Nahiz eta soilik lurrazalaren % 3 inguru hartzen duten, berotegi-efektuko gasen igorpenen % 70 baino gehiago ekoizten dute, eta energia-kontsumoaren % 60 baino gehiago dira. EBn, nahiz eta soilik lurraldearen % 4 okupatzen duten, biztanleriaren % 75 inguru hartzen dute, eta aurreikusten da zifra hori % 85ekoa izango dela 2050ean. Beraz, biztanleen bizi-kalitatea eta ingurumenaren babesa bermatzea etorkizuneko Europaren lehentasunak dira, eta Europako hiriak funtsezko agertoki bihurtuko dira trantsizio bikoitzean (digitala eta berdea); hain zuzen ere, hori da esparru-programa berriaren helburu handietako bat.

Misioaren helburuak bi alditarako planteatzen dira. Lehena aurten hasi eta 2030ean amaituko da, eta, aurreikusitakoaren arabera, ehun hirik lortuko dute trantsizio bikoitz hori. Bigarren aldia 2030 eta 2050 artekoa izango da, eta lehen hirigune horietan garatutako soluzio berritzaileak erakutsiko dira, ikuspegi holistikoarekin klima-neutraltasuna lortzeko EB osoan epe horren amaierarako.

Helburu handinahi hori lortzeko, misioaren barruan hainbat jarduera espezifiko zehaztu dira:

  1. Climate City Contract izenekoak sortzea. Misioaren funtsezko elementuetako bat Climate City Contract (CCC) izenekoak sortzea da: tresna horiek “kontratu” gisa defini daitezke, eta horien bidez eragile gako guztiek (tokiko agintaritzak, enpresak eta herritarrak) estrategia partekatu batekin lan egiteko konpromisoa hartuko dute. Misioaren hasierako fasea, beraz, hiriei laguntzea izango da kontratu horiek aurrera eramaten; dokumentu horiek barne hartuko dituzte inbertsio-planak, misioaren helburuak betetzeko soluzio berritzaileak ezartzeko.
  2. Misioaren plataforma abian jartzea. CCCetan aurreikusitako ekimenak abian jartzen laguntzea. Misioak plataforma bat izango du, eta hori lagungarria izango da Horizon Europek eta aurreko esparru-programek finantzatutako ikerketa- eta berrikuntza‑proiektu pilotuetarako; horrela, beste hiri batzuetan azkarrago errepikatu ahalko dira.
  3. Neurrira egindako inbertsio-planak prestatzea. Plataformak hiriei lagunduko die inbertsio-plan espezifikoak garatzen, barne hartuko dituztenak aholkularitza-zerbitzu finantzario eta teknikoak, finantzaketa publiko eta pribatua lortzeko.
  4. Sinergien aprobetxamendua ahalbidetzea. CCC betetzen duten hiriei mission label delakoa ematea, ekimenen bideragarritasuna egiaztatzeko. Tokiko administrazio eta enpresei EB osoan sortutako ezagutza eta esperientzietarako sarbidea ematea, eta hiriei laguntzea nazioarteko sareetan sartzen, adibidez URBACT izenekoan, soluzioen ikaskuntza, errepikatzeko gaitasuna eta hedapena arintzeko xedearekin.
  5. Eskala handiko I+G erakusleak edukitzea. Hirien klima-neutraltasunerako aurrerapenen neurketa- eta jarraipen-sistema sendo eta garden bat abian jartzea, egungo praktika eta metodologietan oinarrituta, eta 2023tik aurrera eskala handian programa pilotuak ezartzea, Europako hiri nagusietan erakusle gisa aritzeko.
  6. Hiriek berrikuntza-zentro gisa dituzten ezagutza eta gaitasuna azeleratu eta hedatzea. Hiriei laguntzea bikoteka “elkartzen”, hau da, beste hirigune batzuekin antzeko ezaugarriak edukitzeko eta ezagutza eta esperientzien transferentzia hobetzeko sareak sortzeko.
  7. Gobernantza-eredu berritzaileak ezartzea. Hiriei laguntzea gobernantza berritzailea ezartzen, euren administrazio-, finantza- eta politika-gaitasuna hobetzeko eta herritarren parte-hartzea areagotzeko misioaren helburuetan.
  8. Jakinarazpenerako eta egiaztapenerako esparru komun bat sortzea. Misioaren plataformak hiri parte-hartzaileei lagunduko die jarraipena egiten eta errendimenduari buruzko txostenak aurkezten.
  9. Agintaritzen sarea abian jartzea. Nazioko, eskualdeko eta tokiko agintaritzek parte hartu beharko dute CCCen sorreran eta aplikazioan; beraz, 2022ko bigarren hiruhilekoan kontaktuen sare nazionala sortuko da, herrialdeetan klima‑neutraltasunerako trantsizioa prestatzeko.
  10. Laguntzarako araudi-esparru bat garatzea. Misioaren plataformak gomendioak emango ditu tokiko, eskualdeko eta Europako mailan sor daitezken araudi-oztopoak jorratzeko.

Partekatu albiste hau