Europako Batzordeak aurreratu du nolakoak izango diren lehen bost ikerketa- eta berrikuntza-misioen lan-programak. 1.890 milioi euro bideratuko ditu haietara datozen bost urteetan.

 

Horizon Europe esparru-programaren garapenean Interes handiena piztuko duen berrikuntzetako bat ikerketa- eta berrikuntza-misioak dira, zeinak erreportaje honetan azaltzen diren. Haiekin, EBk NBEren Garapen Jasangarrirako Helburuekin lerrokatutako eta eragin handia duten erronka espezifikoei erantzun nahi die, eta denbora-epe zehatz batean lortu behar dituen helburuak (zehatzak eta neurgarriak) planteatzen dira. Duela aste batzuk arte soilik lehentasunezkotzat jotako arloak ezagutzen genituen (minbizia, klima-aldaketara egokitzea, ura eta ozeanoak, hiri adimendunak eta klimatikoki neutroak eta lurzoruaren osasuna eta elikagaiak), baina duela egun batzuk Europako Batzordeak aurreratu du nolakoak izango diren bost lan-programak. 1.890 milioi euro bideratuko dira haietara datozen bost ureetan.

Horiek ezagutzeko eta jakiteko ea zure ETEaren berrikuntza-proiektuak bat datozen haiekin, gaurko erreportaje honekin serie bati emango diogu hasiera, eta bertan EBk gaurtik 2023ra markatu dituen lehentasunak xehatuko ditugu lehen bost misioetako bakoitzean. Klima-aldaketara egokitzearekin hasiko gara, non helburua den lortzea 2030ean gutxienez Europan klima-krisiaren efektuekiko erresistenteak izango diren 150 eskualdea eta komunitate egotea.

Helburu orokor bat eta hiru espezifiko

Misio honek agerian jartzen du giza jarduerak gure ingurunean dituen ondorioak arintzeko jarduketen premia, eta, horretarako, helburu orokor batez gain, sei etapatan (edo urratsetan) garatuko diren hiru helburu zehatzago planteatzen dira. Horiek Europako eskualdeek bete beharko duten ibilbide-orria osatzen dute, eta Batzordeak hori monitorizatu ahalko du Misioaren Ezarpen Plataformari esker, zeinak jarduerak eta inplikatutako eragileak (batzuetan nazioartekoak) koordinatuko dituen eta zerbitzuak emango dituen etapa bakoitzean. Horietako bakoitzean, garatutako jarduerek barne hartuko dituzte ikerketa aplikatua, kontzeptu-probak egitea eta ingurune operatiboetako erakustaldiak, merkaturatzearen aurreko eskalan.

 

1. HELBURUA: Klima-erresilientzia prestatu eta planifikatzea

1. URRATSA: Klima-aldaketarekin lotutako arriskuak hobeto ulertzea

Lehen helburuak lotura izango du klima-erresilientzia lortzeko beharrezko prestaketa eta planifikazioarekin; beraz, Europako eskualde eta komunitateek klima-arriskuei begira duten ulermena hobetzea izango da xedea (bero-boladak, gaixotasun infekziosoen eraginaren igoera, uholdeak, lehorteak…), baita haietatik erator litezkeen negozio-aukerei begira ere. Horregatik, misioaren lehen etapako jarduerek eragina izan behar dute Europako eskualde guztietan, eta bereziki zaurgarrienetan. Ikerketa- eta berrikuntza-jarduerak neurri handi batean zentratzen dira klima-zerbitzuak eskaintzean, arriskuen modelizazioan eta alerta goiztiarreko sistemen aurrerapenetan.

Prestaketa eta planifikazioa hobetzeko aukera emango duten ezagutzak Klimara Egokitzeko Europako Plataforma (CLIMATE-ADAPT) indartuaren bidez kudeatuko dira; izan ere, erabiltzaileei aukera ematen die klima-aldaketari, eskualde eta sektoreen egungo eta etorkizuneko zaurgarritasunari, egokitzapen‑estrategia eta -ekintzei, kasu-azterketei, egokitzapen-aukerei eta egokitzapenaren planifikazioa babesten duten tresnei buruzko informazioa partekatzeko. Xedea da gutxienez 150 eskualdek garatzea klima-arriskuei eta zaurgarritasunei buruzko arriskuen ebaluazio propioa (zein eragin izango duten euren oinarrizko zerbitzuek edo azpiegitura kritikoek, adibidez), administrazioak, enpresak eta herritarrak inplika daitezen neurriak hartzean.

2. HELBURUA: Klima-erresilientziarako eraldaketak bizkortzea

2. URRATSA: Babesa eta konpromisoa mobilizatzea

3. URRATSA: Klima-erresilientziarako ikuspegia eta eraldaketarako bideak formulatzea

4. URRATSA: Berrikuntzak orkestratzea eta irtenbide eraldatzaileak probatzea

Misioaren bigarren helburuaren xedea da bidezko moduak erabiliz eraldaketa adimendunak eta sistemikoak bizkortzea klima-erresilientziara. Herritarrek beraien bizitokietan dituzten klima-arriskuez aurreko etapan jaso duten ezagutza oinarri hartu eta konpromiso zibikoan oinarritutako gobernantza eta kultura sustatu behar dira eta trantsizioa bermatzeko tresnak eman behar zaizkie; trantsizio horrek babesa bermatu behar die klima-aldaketarekiko zaurgarrienei eta trantsizioak erasanik handiena egin diezaieketenei.

Hirugarren etapan eskualde partaideak babesten ditu misioak, eraldaketa honetan lehentasunak identifikatu ditzaten eta espezializazio adimenduneko estrategietan txerta ditzaten, oztopoak kentzeko eta herritarrak eta enpresak kontzientziatzeko gai izango diren ekimen politikoak sortzeko behar bezala identifikatutako plan eta konpromisoekin. Estrategia nazional hauek, gainera, dagozkien eremu nazionalekoekin bateragarriak izan behar dira.

Amaitzeko, laugarren etapan, dagozkien erronkei eta helburuei heltzeko irtenbide eraldatzaileak probatu beharko dituzte eskualdeek. EBk espezializazio adimenduneko estrategiak egiten lagunduko du, irtenbide disruptiboak garatzeko eta hedatzeko berrikuntza-politika gisa, bai enpresa‑espirituagatik, lortutako partaidetza eta kontratazio publikoagatik, eragiten duten azpiegitura estrategikoengatik eta sortzen dituzten eskumenen garapenagatik ere bai.

Europako Batzordearen arabera, eskualdeek beraien erronketan sar ditzaketen helburuen artean daude:

–           balizko korridore ekologikoen trazatua, ekosistemak leheneratzeko planak eta naturan oinarritutako irtenbideak probatzea

–           uraren erabilera eta esleipen eraginkorrak sustatzeko pizgarrien sistema garatzea eta honekin zerikusia duten arriskuen zaurgarritasuna murrizteko irtenbideak

–           nekazaritza, arrantza, akuikultura eta basogintzarako klimarekiko erresistentzia handiagoko irtenbideak eta klimarekiko erresistenteak diren elikagai-sistemak

–           azpiegitura kritikoen klimarekiko erresistentzia bermatzeko irtenbideak eta espazio publikoen berroneratzea, klimarekiko auzo erresistenteak lortzeko

–           klimarekiko erresistentzia handiagoko osasun-sistementzako irtenbideak eta biztanleria zaurgarri eta baztertuen osasuna zaintzekoak

–           aldaketa eraldatzaileen konpentsazioak arautzeko gizarte-mekanismoen garapena eta gizartearen konpromisoa hazi

–           biki digitalen garapen handiagoa, eskariak hala bultzatuta, klima-aldaketara egokitzeari buruz eta egokitzapena errazten duten beste zerbitzu digital batzuk

–           eskualdeko eskulana birkualifikatu eta perfekzionatu

–           babes- arrakalak saihesteko irtenbideak, klimaren ondorioz egondako kalteei aurre egiteko

–           erresilientzia soziala areagotzeko irtenbideak, batez ere talderik zaurgarrienak.

 

3. HELBURUA: Klima-erresilientziarako eraldaketa sistemikoak erakustea eta erresilientzia soziala areagotzeko irtenbideak sortzea, batez ere talderik zaurgarrienak.

5. URRATSA: Eraginak sortzea, eskalara.

6. URRATSA: Mugaz gaindiko balioa sortzea

Misioaren hirugarren helburuak klima-erresilientziarako irtenbide berritzaileen eskala handiko hedapena areagotu eta sustatu nahi du (berrikuntza teknologikokoa, baina batez ere, naturan eta berrikuntza sozialean oinarritutako irtenbideak), horien hedapena erraztu nahi du eta neurri horiek hartzeko oztopoak kendu. Beste eskala eta beste baldintza batzuetan aurrez hartutako irtenbideak izango dira, eta fase honetan osasun publikoko edo ongizateko zerbitzu publikoak errotik berrantolatzeko aukera emango dute, esaterako; gizarteko harremanak eta praktikak berriro konfiguratzekoa ere bai, politika publikoaren esku dauden erreformak ezartzekoa edo azpiegiturak modernizatzekoa. 2030erako misioak eraldaketa sistemikoen gutxienez 75 erakustaldi egingo ditu eskualde eta eskualde gaindiko mailan.

Amaitzeko, seigarren etapan klima-erresilientziari buruzko mugaz gaindiko beste proiektu-sorta bat sustatuko da, Europako eskualde eta erkidego guztietan. Atxikitako eskualdeek partekatutako eta elkarrekin garatutako irtenbide eraldatzaileak aplikatuko dituzte, batez ere ekintza aldebakarrak egokiak edo eraginkorrak ez direnean (adibidez, mugaz gaindiko ibai-arroan babesa) edo mugaren alde bateko herrien klimara egokituz gero bestean arriskuak areagotzen badira (adibidez, egiturazko uholde arriskutik babestu). Gainera, eskualdeek baterako estrategiak garatu eta ezarriko dituzte mugaz gaindiko lankidetzarako babes zibilean eta larrialdien kudeaketan, osasun- eta gizarte‑zerbitzuetan, espezializazio industrial adimendunean eta beste eremuetan.

 

 

Partekatu albiste hau