Elena García Armada ingeniari eta ikertzaileak eta Jordina Torrents ingeniari informatikoak irabazi dute Emakume Teknologoaren Ada Byron Sariaren zortzigarren edizioa. Saria Deustuko Unibertsitateak ematen du, emakumeen teknologia-arloko lana ikusarazi eta aintzatesteko.

Honako hauek hartu zuten parte sarien banaketan: Juan María Aburto Bilboko alkateak; Teresa Laespada Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko diputatuak; Estibaliz Hernáez Eusko Jaurlaritzaren Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuordeak; Montse Pardo Microsoft Ibérica erakundeko erakunde-harremanen zuzendariak; eta Leire Bilbao Berrikuntzaren Euskal Agentziaren (Innobasque) zuzendari nagusiak.

Sariak honako hauen babesa du: Microsoft, Bizkaiko Foru Aldundia, Danobatgroup eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea. Halaber, Basque HealthCluster eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren lankidetza du.

Elena García Ingeniaritza Industrialeko doktorea, CSIC erakundeko ikertzaile zientifikoa eta MarsiBionics erakundeko presidentea da. Emaitza aitzindariak lortu ditu nazioartean, ibiltzen laguntzeko exoeskeleto pediatrikoen garapenean, eta haren lanek nazioarteko zortzi patente ekarri dituzte. Gainera, 2021ean 100 lan zientifiko baino gehiago argitaratu ditu.

Bestalde, Jordina Torrents ingeniari informatikoa da, eta doktorea da adimen artifizialean, ikaskuntza sakonean eta irudi medikoan. Gaur egun HP Inc. – Large Format Printing (Bartzelona) erakundearen Big Data & Analytics sailean egiten du lan, eta adimen artifizialaren eta ikaskuntza automatikoaren taldearen burua da. HP erakundeko lana Universitat Oberta de Catalunya unibertsitateko irakaskuntza-lanarekin bateratzen du.

 Emakume Teknologoaren Ada Byron Saria estatu-mailakoa da, eta Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak sortu zuen emakumeen bokazioak sustatzeko ikerketa eta garapen teknologikoen arloan, teknologiak bizitzaren arlo guztietan eta garapen sozialean duen garrantzia azpimarratzeko eta emakumeek egindako lan eta azterlan horiek ekarritako lana eta lorpenak baloratzeko xedearekin.

 

Partekatu albiste hau