2021ko uztailaren 22ko erreportajea

Elikadurarekiko, bioekonomiarekiko, baliabide naturalekiko, nekazaritzarekiko eta ingurumenarekiko kezka, gure etorkizunerako funtsezkoa izateaz gain, negozio-aukera ere bada

Gaur, Horizon Europeren 2. zutabeko klusterren laburpenak elikadurarekin, bioekonomiarekin, baliabide naturalekin, nekazaritzarekin eta ingurumenarekin du lotura. 6. klusterra da, geroz eta gehiago jartzen duena agerian Batasunak NBEren Garapen Iraunkorrerako Helburuekin eta Parisko Akordioarekin duen konpromisoa, haietara egokitu baditu (baita EBren Itun Berdea ere) gure ekonomian funtsezkoak diren sektoreak, hala nola lehenengoa eta elikadura-industria.

Kluster horren barruan sartzen dira, beraz, nekazaritza- edo arrantza-politikak eguneratzera bideratuta dauden proiektuak, bai eta 2012ko bioekonomiako Europako estrategia, 2020ko martxoko ekonomia zirkularreko ekintza-plana eta 2020ko biodibertsitate-estrategia sustatzera bideratuta daudenak ere. Guztira, EBk ia 9.000 milioi euroko aurrekontu-partida jarri du ikerketarako eta berrikuntzarako, alde batetik, baliabide biologikoak prozesatzen eta erabiltzen dituen industria-sektorea (bioekonomia gisa ulertzen dena) eta baliabideen aprobetxamendu eraginkorrena (ekonomia zirkularra) bultzatzeko, eta, bestetik, ekosistema guztiak birsortzen eta zaintzen laguntzen duten proiektuak babesteko.

Eta gure eragile zientifiko-teknologikoek eta enpresek aurreko esparru-programan izan zuten ibilbideak emaitza gisa izan zuen Batzordeak ia 21 milioi euroko laguntza eman izana gure eragileek lortu zuten nazioarteko lankidetzako 50 proiektuetako ikerketan, orain kluster honek jasotzen dituen gaietan, 2014-2019 aldirako Europako I+G+b proiektuetan euskal parte-hartzea aztertzeko Behatokiaren datuen arabera.

Kluster honen alderdi garrantzitsuenetan sakontzen jarraitu aurretik, beharrezkoa da egitekoak eta ikerketarako garapenerako lankidetzak gogoraraztea; izan ere, esparru-programa osorako zehaztutako batzuen erdigunea 6. kluster hau izango da. EBk datozen sei urteetarako finkatu dituen egiteko eta helburuekin hasiko gara.

 

Kluster honekin lotutako hiru ikerketa-egitekoak

Gogorarazten dizuegu Horizon Europen bost egiteko daudela finkatuta: minbiziarekin amaitzea; hiri adimentsuak eta klimari begira neutroak sortzea; lurzoruaren osasuna eta elikadura ziurtatzea; ozeano, itsaso eta kostako eta kontinenteetako uren osasuna bermatzea; eta klima-aldaketarako egokitzapena azkartzea, gizarte-eraldaketa barne. Horietatik azken hirurak jorratuko ditugu orain, horiek baitira 6. klusterrean garatuko direnak.

Lurzoruaren osasuna eta elikadura. EBko lurzoruaren % 33, gutxi gorabehera, degradatutzat jotzen da, eta higadurak laborantza-lurren % 25ari eragiten dio. Helburua da 2030ean Europako lur guztien % 75 gutxienez osasungarria izatea, lurra zainduz bizitza zaintzen baitugu. Hau da, elikagaiak edo lehengaiak ez ezik, lurzoruak onurak ere eman diezazkieke ekosistemei, hala nola biodibertsitateari egiten dion ekarpena, klimaren erregulazioa higadura ekidingo duten ur-pilaketak. Hori lantzeko abian jarriko dira Horizon Europeren esparruan asko entzungo ditugun bi kontzeptu: living lab eta light houses direlakoak. Lehenek landa erabiltzen dute esperimentatzeko partzela gisa, teknologiak garatzeko, kasu honetan lurzoruarekin eta nekazaritza-ekologiarekin lotutakoak, eta bigarrenak teknologia espezifikoetako jardunbide egokiak frogatzeko finkak dira.

Ozeanoen, itsasoen eta kostaldeko eta kontinenteetako uren osasuna. Giza jarduerak gure ur-ekosisteman dituen ondorioak lehengoratu nahi ditu, eta, horretarako, kutsaduraren prebentzioa eta arrantzarekin lotutako erabilera ez-jasangarriak, garraioak eta turismoak dituzten ondorioak edo klima-aldaketak uren degradazioan duen eragina bezalako kontuak landu nahi ditu. Egitekoari Starfish 20-20 izena jarri diote, itsasoko izarren moduan bost punta edo helburu izango dituelako: ezagutza-gaitasuna handitzea; gobernantza hobetzea; itsasoko urak eta ur gozoak garbitzea eta ur azpiko soinua ezabatzea; andeatutako ekosistema eta habitatak eraberritzea; eta ekonomia urdina deskarbonizatzea, bereziki garraioarekin, turismoarekin eta arrantzarekin lotutakoa.

Klima-aldaketara egokitzea, gizarte-eraldaketa barne. Hau kluster bati baino gehiagori eragiten dion zeharkako egitekoa da (bereziki bosgarrena), eta planteatzen du EB 2030erako gai izatea klimarekin lotutako gertakari eta arriskuak kudeatzeko, besteak beste bero-boladak, suteak, lehorteak, uholdeak edo gaixotasun batzuen intzidentziaren igoera. Horrek ura, nekazaritza eta elikadura bezalako funtsezko sistemak lantzea eskatzen du. Egitekoak irtenbideak garatu nahi ditu (baita irtenbide horien adierazleak izan ere) hainbat erkidego eta eskualdetan, erresilientzia areagotzeko klima-krisiaren ondorioei dagokienez. Horizon Europe indarrean dagoen bitartean, planteatzen da abian jartzea ehun proiektu pilotu, beste eskualde batzuetan ezarri dituzten konponbideak arrakastatsuak eta errepikagarriak direla frogatzeko. Herritarren parte-hartzeak misio hori ezartzeko urrats zehatzak zehazten lagunduko du.

 

Kluster honekin lotutako zortzi garapenerako lankidetzak

Orain garapenerako lankidetzak aipatuko ditugu, eta hemen azaltzen dugun moduan Batzordearen eta erakunde publiko nahiz pribatuen arteko elkarteak dira, Europako erronka premiazkoenetako batzuk jorratzeko elkarrekin, ikerketa- eta berrikuntza-ekimenen bitartez. Garapenerako lankidetzak bost lan-arlotan multzokatzen dira, eta horietako bat da, zehazki, elikadura, bioekonomia, baliabide naturalak, nekazaritza eta ingurumena.

6. klusterrak lau alor handi landuko ditu, eta guztietan garapenerako lankidetzak egon daitezke, non Euskadiko enpresek parte hartzeko aukerak izango dituzten. Hasteko, zazpi elkarrekin finantzatzen dira. Hau da, oinarritzat duten lankidetza-eredu horretan, Batzordeak bazkide publiko eta pribatuekin programa komun bat adosten du, eta bazkide horiek gauzatzen dituzte jarduerak; gainera, egikaritzeko finantza- eta gauza-laguntza emateko konpromisoa hartzen dute. Hauek dira horien xedeak: biodibertsitatea, nekazaritzarako datuen bilketa, nekazaritza-ekonomia, elikadura-sistemak, animalien osasuna, bioekenomia urdina eta ura. Lehen lan programak, 2021 eta 2022ko ekimenak jorratzen dituena eta aurrerago aipatuko duguna, barne hartzen ditu hiru garapenerako lankidetzarekin lotutako proiektuak: biodibertsitatea, bioekonomia urdina eta ura

Azkenik, garapenerako lankidetza instituzional bat gelditzen da (horietatik espero da Horizon Europen aurreikusitako beste tresna batzuekin lortu ezin diren eraginak lortzea), eta barne jartzen du lehen lan-programa. Bioindustriekin dago lotuta (zehazki biomasa eta hondakinak energia-, elikadura- eta kimika-produktu bihurtzea) eta EBren 975 milioi euroko eta parte hartuko duten industrien beste 975 milioi euroko laguntza izango du. Azken horiek lanorduak ere emango dituzte, eta zuzkidura guztira 3.075 milioi eurokoa izango da. Batzordeak, partzuergo horiekin batera, estrategia handiak, lan-ildoak eta lehentasunezko interes-arloak zehaztuko ditu, zeinak ondoren deialdietan islatuko diren. Beraz, partzuergo horretan parte hartzen dutenek deialdi lehiakor horien definizioan eragiteko gaitasuna dute; EBk enpresak animatzen ditu horietan bat egitera.

 

Lehen lan-programa: finantzaketa 300 proiekturentzat

Kluster honetan kudeatuko diren 9.000 milioi euroetatik 1.700 300 proiektu inguru finantzatzeko erabiliko dira lehen lan-programan, zeinak barne hartzen dituen 2021 eta 2022rako lehentasunezko interes-arloak. Baina arloak zehaztu baino lehen, gogorarazten dizugu dagoeneko argitaratu direla 2021rako lehen deialdiak. Ofizialki aurkeztu dituzte hilaren 7an egindako jardunaldi birtual batean, eta, hura galdu bazenuen edo berrikusi nahi baduzu, saioen zerrendan eta bertako esteketan aurkitu dezakezu esteka honetan. Gainera, zure enpresak laguntza behar badu deialdi horietan parte hartzeko, Enterprise Europe Network (EEN) sarearen euskal nodora jo dezake. Sarea Batzordeak sortu zuen ETE-ei nazioartean berritzen eta hazten laguntzeko. EEN Basque eskualdeko nodoa partzuergoa bat da, eta Innobasque, SPRI eta BEAZ erakundeek eta Arabako, Bilboko eta Gipuzkoako merkataritza-ganberek osatzen dute. Haren egitekoa da autonomia-erkidegoko enpresa txiki eta ertainen nazioarteko lankidetza sustatzea, zientziaren, garapen teknologikoaren eta merkatuko hedapenaren bidez negozio-aukera berriak topatu ditzaten merkatu bakarraren barruan eta kanpoan.

Abiapuntua da konponbideak bilatzea sei eragin handietarako: klima-aldaketara egokitzeko ekintzak eta klima-neutraltasuna lortzea; biodibertsitatea zaintzea eta andeatutako ekosistemak berreskuratzea; bioekonomia indartu eta poluzioa murriztea; elikaduren eskuragarritasuna eta segurtasuna bermatzea; biomasa berreskuratzea, bereziki landa-eremuetan; eta kudeaketa- eta gobernantza-politikak hobetzea.

Sei eragin horietatik zazpi lehentasunezko arlo (destinations) eratortzen dira kluster horretako datozen bi urteetarako ikerketa eta berrikuntzari dagokienez: biodibertsitatea; elikadura-sistemak; oinarri biologikoko sistema industrialak eta ekonomia zirkularra; ingurumena zaintzea eta poluzioa ezabatzea; klimaren aldeko ekintza; landa-eremuak; eta gobernantza.

-Biodibertsitatea eta ekosistemen zerbitzuak. Ulertu nahi da zergatik hondatu den dibertsitatea, eta hura berreskuratu eta mantendu nahi du. Beraz, biodibertsitatea zeharka gehitu nahi du EBren eta estatu kideen politika eta estrategia guztietan.

-Elikadura-sistema bidezkoak, osasuntsuak eta ingurumenarekin errespetagarriak, ekoizpen primariotik kontsumora arte. Elikagaien ustiaketa eta eraldaketa industrialerako bitartekoen iraunkortasuna bermatzeko balioko du, baita azken kontsumitzaileen segurtasuna bermatzeko ere. Lan-arloak finkatzen ditu Afrika eta Txinarekin lankidetzan.

-Ekonomia zirkularraren eta bioekonomiaren sektoreak. Ekonomia zirkularraren atalean aldaketak ezarri nahi dira bai baliabide natural handiak kontsumitzen dituzten sektoreetan eta bai herritarren banakako jokabideetan. Halaber, bioekonomiaren atalaren xedea da biomasa erabiltzea balio erantsiko produktuak lortzeko eta merkatura hurbiltzeko, arreta ipiniz baso-alorreko eta alor urdineko balio-kateetan.

-Zero kutsadura. Aurreko prozesu eta produktuen arloarekin lotzen da, baina baita aipatutako Starfish 20-30 egitekoarekin ere. Gainera, arreta ipintzen du kutsadura prebenitzean eta lurzoru eta ur andeatuak berreskuratzean.

-Klimaren aldeko ekintza. NBEren Garapen Iraunkorrerako Helburuen konpromiso handiak lortu nahi ditu, baita Parisko Akordioarenak ere. Funtsean ekoizpen-sektore primarioen erresilientzia landuko da, uraren zikloarekin eta klima-aldaketarekin lotuta.

-Landa-, kosta- eta hiri-komunitate erresiliente, inklusibo, osasuntsu eta berdeak. Naturan oinarritutako konponbideen potentzial handia baliatu nahi du, eta ekonomian, gizartean eta ongizatean duen eragina ezagutarazi. Arreta landa-eremuen garapenean eta emakumeei eta sektore kalteberei eskaini ahal dizkien aukeretan ipiniko du.

-Gobernantza berritzailea, ingurumen-oharrak eta Green Deal babesteko konponbide digitalak. Ahalik eta informazio gehien lortzeak aukera emango du hobeto ezagutzeko planetaren egoera eta giza ekintzaren ondorioak. Gainera, teknologien potentziala baliatu nahi du ekoizpen-sistema primarioen lehiakortasuna indartzeko.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago